Berriak

Red.es erakundeak 5G Euskadi proiektuaren erabilera kasuak bisitatu ditu Donostian

Atzo, Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Red-es erakundea bisitan egon zen Donostia – San Sebastianen, eta 5G Euskadi proiektuaren barruan hirian garatzen ari diren erabilera kasuak ezagutu ahal izan zituen.

5G Euskadi proiektua 19 enpresa eta erakunde publiko eta pribaturen baterako ekimen bat da, hiru parke teknologikoetan benetako 5G sare bat zabaltzeko eta gaitzeko helburuarekin abiarazia, baita 9 erabilera kasu gauzatzeko ere, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta Sareko zerbitzuen arloetan produktuak eta zerbitzuak merkaturatu aurretik garatzeko.

Zehazki, Miramongo parke teknologikoan, parke teknologikoa bera hartzen duen eta hiriko ospitaleen eremuraino hedatzen den estaldura eremuaren barruan, gauzatzen ari diren mugikortasuneko 3 kasuak bisitatu dira. Estaldura hau Dbusen bi linearen espazio bat eta esperimentaziorako ekipatu diren eta espazio horretan ere mugituko diren ibilgailuak estaltzeko diseinatuta dago.

Hala, bisitan zehar, Red-es erakundearen ordezkariak  Dbus Donostiako hiriko autobus garraioko enpresaren instalazioetara hurbildu ziren. Izan ere, proiektuaren barruan, enpresak 28-Amara-Ospitaleak lineako autobusetan ezarri du 5G teknologia, linea hori baita Euskadin erabiltzaile gehien erregistratzen duen hiriko autobus linea.  Zehazki, autobus barruan doazen erabiltzaileei eskaintzen zaien wifi konexioa hobetzeko zein autobusetako bideozaintza sistema hobetzeko erabili da teknologia hori. Ordezkaritzak sistema horien funtzionamendua egiaztatu ahal izan du zirkulazioan dagoen autobus batean, 28 linearen ibilbidea eginda, Miramongo Parke Teknologikoraino. Gero, proiektuko gainerako erabilera kasuak ezagutzen jarraitu zuten.

5G Euskadi proiektua saiakuntza banku bikaina da 5G teknologiak bidaiarien entretenimendurako zein publizitatearen zabalkunderako multimediako edukiak kudeatzeko eta banatzeko eskaintzen dituen onurak erakusteko, eta horren xehetasunak ezagutzeko, Dbus bisitatu ondoren Red.es erakundeak Ceiten instalazioak bisitatu zituen.

Pilotuak ematen dituen sare gaitasun berriak ebaluatzeko, Ceiten CCT tresna sorta (Channel Characterization Tool) erabiltzen ari da. Tresna horri esker, Dbusen 28 linearen ibilbideko puntu bakoitzean 5G lotunea karakterizatu ahal izan da. Tresna horrekin, ikusi da, adibidez, Donostiako erdialdean batez beste 200 Mbp-ko banda zabalera lortzen dela jaitsieran, 500 Mbps baino gehiagoko goreneko mailekin.

Vicomtechek, berriz, partzuergoari auto konektatu bat gaitu dio, CAFekin, Ikusirekin eta Ceitekin batera. Bisitariek 5G eta komunikazioen laborategia ikusi ahal izan zuten, baita hainbat sentsore dituen eta 5G konektibitatea ontziratuta duen auto bat ere, zeinak aukera berriak irekitzen dituen mantentze prediktiboko funtzioetarako, operadoreak MECen bidez emandako konputazio zerbitzuetan algoritmiak inplementatuz. Erakustaldi horren inguruan, Ikusik trenetarako duen ekipamendu ontziratua erakutsi zuen, bai eta pilotu honetan garatutako aplikazioa ere. Aplikazioan, batetik, 4G eta 5G teknologiak erabiliz transmititutako datuen latentziak konparatu dira, eta ikusi da 5G teknologiak 10 minutu inguruko latentzia hobea eskaintzen duela, eta, bestetik, prozesatze ahalmenaren gaineko test bat egin da, zeina MECera deskargatu baitaiteke, eta emaitza izan da MECek gutxi gorabehera bikoiztu dezakeela ontziratutako ekipoaren prozesatze ahalmena, baita hirukoiztu ere. Vicomtechek, halaber, MECen hedatutako multimedia edukien banaketa monitorizatzeko duen tresna erakutsi du. Tresnak esperientziaren kalitatea hobetzea ahalbidetzen du, MECek multimedia edukia biltegiratzeko (Edge Caching) eta eduki hori erabiltzaileei banatzeko dituen gaitasunak aprobetxatuz.

Eguna amaitzeko, Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak harrera egin zion ordezkaritzari, Donostiako Udaletxean.

Azpimarratu behar da Espainian dagoen 5G pilotu bakarra dela, eta bertan hiru operadorek parte hartzen dutela (Euskaltel Taldea, MASMOVIL eta Orange), soluzioen eta erabilera kasuen gaitzaile teknologiko gisa. ZTE teknologia enpresa, bere aldetik, 5G sareko ekipoak hornitzeaz arduratu da. Multioperadore izaera hori izan da enpresetako ordezkariek balioan jarritako indarguneetako eta bereizgarrietako bat.

5G Euskadi proiektuari buruz

5G Euskadi proiektua 19 enpresa eta erakunde publiko eta pribaturen baterako ekimen bat da, hiru parke teknologikoetan benetako 5G sare bat zabaltzeko eta gaitzeko helburuarekin abiarazia, baita 9 erabilera kasu gauzatzeko ere, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta Sareko zerbitzuen arloetan produktuak eta zerbitzuak merkaturatu aurretik garatzeko.

2020an hasi zen proiektua, eta 5G teknologiako proiektu pilotuen bigarren deialdiaren barruan sartzen da. Deialdia Red.es erakundeak sustatu du, 5G Plan Nazionalaren eta Ekonomia Gaietako eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioaren Lurralde Adimendunen Plan Nazionalaren barruan. Proiektuak 30 hilabeteko iraupena du eta 7,1 milioi euroko inbertsioa eskatzen du. Inbertsio horretarako, Red.es erakundeak 2,2 milioiko dirulaguntza eman du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez (EGEF) kofinantzatuta, Espainiako Eskualde anitzeko Programa Operatiboaren kontura (POPE).

Hori garatu ahal izateko, enpresa, berrikuntza zentro eta erakunde publikoen ekosistema bat sortu da, eta proiektu hau baterako erronka bat da horientzat denentzat. Batetik, ABEEko bazkideak: CAF, CEIT-Zentro Teknologikoen Elkartea, Dbus, Datik, Euskaltel, Gestamp Servicios, IKUSI, MASMOVIL, ORANGE, R Cable, Vicomtech eta ZTE. Bestetik, hainbat kolaboratzaile, hala nola Basque Cybersecurity Centre (BCSC), Tecnalia Research&Innovation Fundazioa, Gestamp Bizkaia, Iberdrola, Tecnum, Nafarroako Unibertsitatea edo Euskal Herriko Unibertsitatea.

Eta, gainera, proiektuak laguntza instituzional garrantzitsua du; izan ere, erakunde hauen laguntza ere badu: Red.es eta Estatuko Idazkaritza, Eusko Jaurlaritza, eta Donostiako Udala Donostiaren Sustapenerako Sozietate Publikoaren bitartez, bai eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea ere.

Informazio gehiago hemen:https://5g-euskadi.com/