KONTAKTURIK GABEKO BANKU TXARTELAK
Erabiltzaileei bidaiak kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten dien sistema bat jarri du abian Dbusek Donostiako autobus linea guztietan. Eguneko zerbitzuetan zein gauekoetan erabili daiteke sistema.
Dbusen balio duten banku txartelak
Banku txartelekin ordaintzeko sistemak edozein banku erakundetako VISA, Mastercard eta American Express txartelak onartzen ditu, betiere contacless teknologia badute. Teknologia hori duten jakiteko, txartelak sinbolo hau eduki behar du:
Bidaia ordaintzeko balio dute, baita ere, Samsung Pay eta Apple Pay aplikazioek, banku erakunde bakoitzak mugikorrarekin ordainketak egiteko dituen aplikazio bereziek (Wallet) eta telefonia operadoreen aplikazioek. Ikusi informazio osoa
Non baliozkotu kontakturik gabeko banku txartelak
Gidariaren postuaren ondoan dagoen bidai txartelen makinan baliozkotu ahal izango dira kontakturik gabeko banku txartelak. Makinak VISA, Mastercard eta American Express txartelen logoak ditu identifikaziorako.
Tarifa aplikagarriak
Kontakturik gabeko banku txartelekin eta aplikazio mugikorrekin ordaintzen diren bidaiek 1,85 €-ko tarifa dute eguneko noizbehinkako tarifaren kasuan, eta 2,50 €-koa gaueko zerbitzuetarako (gautxoriak). Bankuko txartel bakoitzarekin edo mugikorreko aplikazio bakoitzarekin erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaindu ditzake, eta komisiorik gabe.
Linea aldaketa
Kontakturik gabeko banku txartelarekin doan aldatu daiteke lineaz 30 minutuko tarte batean.
OHARRA: GORABEHERAK EMV BANKU TXARTELEKIN ORDAINTZEKO SISTEMAN
Bankuko txartel batzuekin gorabeherak erregistratu dira autobuseko bidai txartela ordaintzerakoan. Analisi bat egin ondoren, baieztatu da txartel horiek Dbusen ordainketa batzuk egiteke dituztela eta zerrenda beltzetan sartu direla, nahiz eta erabiltzaileak ez jakin.
Txartel bakoitzak pin-ik gabe egin daitezkeen ordainketa kopuru maximo bat dauka. Ordainketa kopuru maximo hori gainditzen denean, txartela igorri duten banku erakundeak ez du uzten transakzioa egiten. Dbusen ordainketa bat egiteke duten txartel guztiak zerrenda beltzean daude ordainketa hori egin bitartean; beraz, autobusean ordainketa egiten saiatzen den hurrengo aldian irakurgailuak ez du txartela onartzen eta “Txartel baliogabea” esaten duen mezua ematen du.
Egoera hori gertatzen denean, zure txartelarekin ordaindu gabeko bidaiarik dagoen kontsultatu dezakezu, eta dagokion zenbatekoa ordaindu; horrela, zerrenda beltzetik aterako da automatikoki, eta berriro erabili ahal izango da Dbusen autobusetan.