Berriak

Donostia da, Kanaria Handiko Las Palmas, Palma eta Malaga hiriekin batera, garraio publikoaren digitalizazioaren gaineko “Innobus-Tur” proiektuko partaidea

Urtebetez proiektuan lanean aritu ondoren, “Innobus-Tur” proiektuan parte hartzen duten lau hirietako ordezkariek bilera egin dute gaur Donostian, egiten ari diren ekintzen aurrerapenak aztertzeko. Garraio publikoa digitalizatzeko proiektu bat da, non Donostiako hiri autobusen udal enpresak (Dbus), Kanaria Handiko Las Palmasekoak (Guaguas Municipales), Malagakoak (EMTSAM) eta Palmakoak (EMT PALMA) parte hartzen duten, udalerrien elkarte baten bitartez. Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (MITMA) finantzatzen du “Innobus-Tur” proiektua, Next Generation Europako funtsen bidez.

 

Jardunaldia gaur izan da, Donostiako Udaletxean, Donostia baita proiektua gidatzen duen hiria, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate eta Dbuseko Administrazio Kontseiluko presidente Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek. Kanaria Handiko Las Palmasetik, Mugikortasuneko, Ekonomia Sustapeneko eta Itsasoko Hiriko Gobernuko zinegotzi eta Guaguas Municipales enpresako Administrazio Kontseiluko presidente José Eduardo Ramírez, eta Guaguas Municipales enpresako zuzendari nagusi Miguel Ángel Rodríguez egon dira jardunaldian. Palmari dagokionez, hiriko alkate Jose Hilak, Mugikortasun Iraunkorreko alkateorde eta EMT-Palmako Administrazio Kontseiluko presidente Francesc Dalmauk eta EMT-Palmako zuzendari gerente Mateu Marcusek parte hartu dute. Era berean, telematikoki parte hartu dute Mugikortasuneko zinegotzi José del Ríok eta Empresa Malagueña de Transportes enpresako gerente Miguel Ruízek.

“Innobus-Tur” proiektua

“Innobus-Tur” elkarlanezko proiektu bat da, eta bere helburua da autobus zerbitzua eta haren intermodalitatea hobetzeko jarduera berritzaileak eta errepikagarriak garatzea, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatuz eta sentsorizatuz. 26,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatu behar da. Aurrekontua Europako funtsen deialdian onartu zen, Espainiako Gobernuko MITMAren (Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioa) ‘Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean’. Programa 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten da.

Proiektu horren bidez, sistemaren eraginkortasun handiagoa, irisgarritasun hobea eta garraio publikoaren erabiltzaileentzako abantailak lortu nahi dira, eta, era berean, autobuseko garraio publikoarekiko asebetetzea eta garraio horren erakargarritasuna areagotu nahi da, turistikoki erakargarriak diren hiri horiek bisitatu edo bertan bizi eta autobusen erabiltzaile direnentzat.

Proiektua oso ondo ari da aurrera egiten, eta programan ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen ari da, bai eta  aurreikuspenak hobetzen ere. Hauek dira lau hirietan egiten ari diren ekintzak:

  • Ordaintzeko bitartekoak digitalizatzea eta eskudirutan egiten diren ordainketak murriztea
  • Lan harremanak digitalizatzea
  • Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea
  • Markesina adimendunak.
  • Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
  • Autobusek bat ez egiteko eta modu efizientean gidatzeko sistema
  • Edukierak kontrolatzeko eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzeko sistema.
  • Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
  • Eskaripeko iragarpenak egiteko eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
  • Giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak.