Berriak

Dbus-ek bere esperientzia partekatu du lan jardunaldi batean, Buckinghamshiren

CIVITAS CAPITAL proiektu europarraren baitan, Dbusek lan jardunaldi batean parte hartu du Ingalaterrako Buckinghamshire konderrian, High Wycomben zehazki.  Proiektuaren helburua da Europako hiriek praktika onak trukatzea, garraio publikoa hobetzeko.

Lankidetza hau Ingalaterrako hiriaren eskariz sortu zen; izan ere, Buckinghamshire konderriak Donostiaren antzeko ezaugarriak ditu, eta Donostian garraio publikoan arrakastaz funtzionatzen ari diren hainbat neurri ezarri nahi dituzte bertan, beraien garraio publikoaren efizientzia, kalitatea eta abiadura komertziala hobetu eta kutsadura eta kontsumoa murrizteko asmoarekin.

 Lan jardunaldian, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendariondokoak, Dbusen arrakasta kasua azaldu zuen Buckinghamshireko teknikarien aurrean. Aurretik, 2016ko maiatzean, High Wycombeko ordezkariak Donostian egon ziren bisitan, hirian ezarritako konponbideak bertatik bertara ezagutzeko.

 Bai maiatzean Donostiara egindako bisitan, bai High Wycombeko lan jardunaldian, teknikari ingelesek Dbusen jardueraren hiru alderdi balioetsi dituzte bereziki, Erresuma Baturako eta Irlandarako CIVINET aldizkarian jasotzen denez.

 – Sistema berritzaileen ezarpena.

– Erabaki operazionalen eta tokiko politiken arteko harreman estua.

– Emaitzen monitorizazioaren eta adierazleak ateratzearen garrantzia, zerbitzuaren funtzionamendua baloratzeko eta kalitatearen hobekuntza bultzatzeko neurri gisa.  

 

Teknikari ingelesek Dbusen alderdi batzuk nabarmendu dituzte. Esaterako, eskaripeko taxibus zerbitzua, flotaren abiadura komertziala, antibunching-erako sistema, BRT sistema edo autobus erreien eta semaforo bidezko lehentasunen sistemaren inplementazioak.

Dbusetik oso positiboki baloratzen da esperientzien eta ikuspuntu teknikoen trukaketa, zerbitzua aztertzen eta zerbitzuaren kalitatea hobetzen laguntzen baitu.