Berriak

Donostiako garraio publikoaz interesatuta dauden teknikari belgikarrak Dbusen bisitan

Gaur, 39 teknikari belgikar egon dira Dbusen instalazioetan bisitan, Ganten dagoen Mugikortasunaren eta Espazioaren Planifikazioaren Eskolatik etorrita (School of Mobility & Spatial Planning). Ordezkaritza belgikarrak, zeina mugikortasuneko eta diseinuko adituek eta Flandriako Administrazioko kideek osatuta baitzegoen, aukera eduki du enpresaren barruko antolaketa zehatza ezagutzeko, bai eta Dbusen eta Dbuseko autobusetan ezarritako sistema teknologikoak ere.  

DBUS_visita_25042017 

Ordezkariek hauek ezagutzeko interesa agertu dute: Ustiapenean Laguntzeko Sistema (SAE), antibunching sistema (autobusek bat ez egiteko sistema) eta gidatze eraginkorrerako sistema, Donostiako BRT hiri autobus berritzailea (Bus Rapid Transit), eta ticketing sistema, zeinari esker Dbusek abiadura komertziala handia duen (17,5 km/h), erabiltzaileen balorazio positiboaz gain. 

Era berean, ordezkari belgikarrak interesatuta agertu dira Dbusen autobus elektrikoez, ingurumenarekin errespetutsuagoa den teknologia baitute. Kotxetegiak bisitatu dituztenean, ibilgailu horien zaintzarako eta kargarako sistema ikusi ahal izan dute, autobus hibridoen funtzionamendua egiaztatzeaz gain. Une honetan, Dbusek %100 elektriko diren 3 autobus eta 20 autobus hibrido ditu flotan, eta ingurumenaren aldetik flotarik iraunkorrenetakoa da. Hain zuzen, 12 metroko autobusen %25 elektriko-hibridoak dira. 

Ordezkaritzek ezagutu dituzte, halaber, Dbusek garatutako komunikazio ekintzak eta erabiltzaileentzat dituen informazio sistemak, izan ere, horiei esker, erabiltzaileek autobusen iritsiera orduak kontsultatu ditzakete Dbusen web orrian, mugikorretarako app ofizialean, panel elektronikoetan eta geltokietan informazioa eskuratzeko dauden beste sistema batzuetan, hala nola QR kodeetan. Egiaztatu ahal izan dituzte, baita ere, itsuentzako audio sistemaren funtzionamendua eta txartelak azkarrago eta eraginkortasun handiagoz balioztatzen dituzten makinak, bai eta autobusen erabilera, efizientzia eta segurtasuna kontrolatzeko eta alderdi horien hobekuntza kudeatzeko sistemak ere.   

Dbusen barruko antolaketari dagokionez, ordezkariek aukera izan dute ikusteko nola planifikatzen diren enpresako departamentu guztietako giza baliabideak eta baliabide teknikoak, zeintzuei esker Dbus sektoreko erreferente bihurtu baita. Teknikariek ustekabe atsegina hartu zuten ikusita autobusen sarearen erabilera datuak, kudeaketa sistema eta Dbusen gastuen optimizazio  maila. 

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.