Berriak

Autobusetan banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotuaren lehen emaitzak aurkeztu ditu Dbus-ek

atuc_emv_oct2017ATUC Hiriko Garraio Kolektiboen Enpresa Kudeatzaileen Elkartearen Teknologia Berrietako, Marketineko eta Kalitateko Batzordeak bilera egin du Madrilen, eta Dbusek Donostiako autobusetan kontakturik gabeko EMV banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotuaren lehen emaitzak aurkeztu ditu bertan. Batzordean 50 pertsona inguruk parte hartu dute, eta horien artean ziren Madril, Malaga, Valentzia, Sevilla, Tenerife, Las Palmas, Alacant, Tarragona edo Reus hirietako garraio operadoreen ordezkariak. 

 

 

Dbusek pasa den abuztuaren 11n jarri zuen abian proiektu pilotu hau, hiriko autobus sareko 16 eta 45 lineetan. Dbusek GEKOIN INGENIEROSekin eta Banco Santanderrekin batera garatutako proiektu pilotu bat da, zeinak eguneko noizbehinkako bidai txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin (EMV) eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaintzen uzten baitu. Dbuseko sei autobusetan dago instalatuta sistema berritzailea, eta autobus horiek errotulazio berezia dute erabiltzaileek identifikatu ahal izateko.  

Bankuen eta garraioaren sektoreetako enpresek eskatuta, Dbuseko zuzendari ondoko Javier Vallejok proiektuaren funtzionamenduaren lehen emaitzen berri eman du. Lehen hilabete eta erdi honetan 2.000 balidazio baino gehiago egin dira. Nahiz eta erabiltzaile potentzialak noizbehinkako erabiltzaileak edo bisitariak izan, etorkizun handiko sistema da, kalkulatzen baita EMV kontakturik gabeko kreditu eta zordunketa txartelen parkea %90ekoa dela.

Mota horretako txartelekin ordaintzeko sistemaren abantaila nagusietako bat da autobusetan sartzeko ordainketa arinago egiten dela, geldialdi bakoitzean denbora gutxiago eginda eta bidaien denborak murriztea ahalbidetuta. Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Aurreikusita dago proiektu pilotuak urte bat iraungo duela, eta emaitzen arabera Dbuseko gainerako lineetara zabalduko dela.