Garraioko Langileen Europako Federazioa Dbus-en bisitan, EBSF_2 proiektua ezagutzeko
Gaur EBSF_2 – European Bus System of the Future 2 (Etorkizuneko Autobus Europarren Sistema 2) programa europarraren jardunaldia egin da Dbuseko instalazioetan, eta jardunaldi horretan Donostiako eta Bartzelonako eraskusleetan probatu diren gidariari laguntzeko teknologiak ezagutu ahal izan dituzte Garraioko Langileen Europako Federazioko kideek (ITF- European Transport Workers’ Federation).
Jardunaldia Dbusek eta Garraio Publikoko Nazioarteko Batasunak (UITP) antolatu dute, izan ere, erakunde horiek proiektu europar honetan parte hartzen dute CEIT-IK4-rekin, IRIZAR autobus eta autokarren fabrikatzailearekin eta Datik eta Digimobee enpresa teknologikoekin batera. Garraioko Langileen Europako Federazioa, berriz, 41 herrialdetan sektore horretako 230 langile sindikatu inguru ordezkatzen duen elkartea da.
Bisita teknikoa funtsezko jarduera da Garraioko Langileen Europako Federazioak EBSF_2 proiektuan duen partaidetzaren barruan. UITPk koordinatzen du, eta bere helburua da gidatzen laguntzeko sistemekin energi efizientziaren optimizazioan eta hiriko autobusen erosotasunean eragina duten faktore nagusiak aztertzea.
Europako Batzordeak Horizon 2020 programaren baitan finantzatzen du EBSF_2 proiektua, eta bere helburua da autobusak garraio publiko gisa duen efizientzia eta erakargarritasuna areagotzea, etorkizuneko premiei erantzungo dieten autobusen belaunaldi berri bat diseinatuta. Ildo horretan, jardunaldian zehar Garraioko Langileen Nazioarteko Federazioak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu EBSF_2 proiektuaren barruan Donostian eta Bartzelonan probatu diren soluzio eta teknologiak: EKObus, NONVIS eta ECOASSIST sistemak.
1) EKObus sistema, DATIKek garatua eta Dbusek 2013az geroztik ezarria, aitzindaria da munduan, eta gidariari laguntzen dio modu ekonomikoan eta ekologikoan gidatzen, erregai fosilen kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murriztuz. EKOBUS sistemak gidatzearen hainbat alderdi monitorizatzen ditu, eta kontsumoa gehiegizkoa den unetan gidariari jakinarazten dio pantaila txiki baten bitartez. Sistemak, halaber, ordutegiak betetzen laguntzen dio gidariari.
2) NONVIS sistema, CEIT-IK4k EBSF_2 proiektuaren barruan garatua, EKOBUSen osagarri bat da, eta gailu haptiko bat eta bozgorailu bat erabiltzen ditu gidariari aginduak emateko, seinale bisualak erabili gabe. Autobusa martxan dagoen bitartean, NONVISek autobus barruko ekipoetako datuak analizatzen ditu eta, aldian-aldian, gidaritzaren eraginkortasun maila kalkulatzen du. Eraginkortasun maila horri EKO maila deitzen zaio. Modu ekologikoan eta ekonomikoan gidatzen denean, EKO mailak gora egiten du eta NONVISek soinu atsegina ateratzen du: Osterantzean, EKO mailak behera egiten duenean, sistemak gidariaren eserlekua suabe bibrarazten du gidariari jakinarazteko.
3) ECOASSIST sistema, DATIKek garatua, EKOBUS sistemaren gidatze modulu ekoa da baina autobus elektrikoetarako egokituta. Bartzelonako autobus elektrikoetan inplementatu da sistema hori.
Hiru kasuetan, gidariaren esperientzia hobetzea bilatzen da sistemekin, autobusen portaera optimizatzen eta ingurumenean inpaktu txikiago izaten laguntzen dioten tresnak ematen baitzaizkio gidariari.