Berriak

Datozen lau urteetan Dbus-en 12 metroko autobusen %90 hibrido-elektrikoak izango dira

Dbusek MAN TRUCK & BUS IBERIA, SAUri esleitu dio 12 metroko hamabi autobus hibridoren erosketa, datozen hiletan Donostiako autobus lineetan zerbitzuan jartzeko. Datozen lau urteetan ezaugarri horiek dituzten 39 autobus -gehienez ere- eskuratzeko aukera emango duen eta horrekin zerbitzuan hobekuntzak egitea ahalbidetuko duen kontratu baten barruan sartzen da erosketa hau.

MAN Lions City 12C Efficienthybrid autobusa da flota berritzeko aukeratu den modeloa. Autobus hibridoaren modelo berria da, indartsuagoa eta Dbuseko lineen ibilbide zorrotzetarako egokia den motorizazioarekin. Gaur egun Dbusek 38 autobus hibrido ditu, eta horietatik 19 MAN markakoak dira. Modelo berriak Dbuseko flotaren ezaugarri guztiak betetzen ditu, hau da, plataforma baxuak eta arrapala elektrikoak ditu mugikortasun murriztua duten pertsonentzat, autobusa %100 irisgarri izan dadin. Era berean, ibilgailua erabat egokitzen da Dbusen baldintza teknikoetara, hala nola, gidariaren lanpostuaren diseinura eta erabiltzaileentzako lekuaren banaketara, besteak beste. 

Ibilgailuaren nobedadeetako bat da erabiltzaileen eserlekuetan oinetarako leku gehiago dagoela; izan ere, eserlekuak alboko panelen bitartez lotzen dira lurrera, eta, horri esker, espazio gehiago egoteaz gain irisgarritasuna hobetzen da eta errazagoa da autobusa barrutik garbitzea. Start&Stop sistema ere badu, zeinarekin autobusaren motorra gelditu egiten baita ibilbideko semaforoetan edo geltokietan. Horrela, erregaia aurreztu eta kutsadura atmosferikoa eta akustikoa murrizten dira.

Igorpenen murrizketari dagokionez, modelo berriak igorpenak %10 inguru murrizteko aukera ematen du antzeko ezaugarriak dituzten autobus dieselen aldean, eta agerian uzten du Dbusek ekologia eta jasangarritasunarekin hartuta duen konpromiso etengabea. Ildo horretan, hamabi autobus berriak sartuta aurreikusten da urtean 61,6 tona CO2 gutxiago igorriko dela.

Autobus bakoitzaren prezioa 287.000€-koa da, entrega epea zazpi hilabetekoa, eta bermea bost urtekoa.  Lehen aldiz, berme hori luzatu egin da, MAN ibilgailuetan aurretik zegoen 3 urteko bermetik gaur eguneko 5 urteko bermera. Hori hobekuntza handia da ibilgailuen mantentze lanetarako.

Dbusek bere flotako autobus zaharrenak ordezteko ibilgailu berriak jarri behar ditu zerbitzuan, eta premia horri erantzuten dio autobus hauen erosketak.  Azken urteetan, Dbus ahalegin handia egiten ari da bere flota apurka-apurka berritzeko.

Autobus berriak sartuta, aurreikusten da datozen lau urteetan Dbusen 12 metroko flotaren %90 elektriko-hibridoa izango dela, eta ingurumena gehien errespetatzen duen flotetako bat izango dela.  Era berean, urte hauetan berrituko diren autobusak Dbusen 12 metroko autobusen ia erdia izango dira; beraz, Dbusek flota berritzeko bere historian egin duen prozesurik garrantzitsuena da.