Berriak

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan, Erabiltzaileen Arretarako Zerbitzua eta berdintasuna Kudeatzen duen esperientzia aurkeztu du Dbus-ek

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan, zeina eremu horretako jardunbide egokiak trukatzeko egiten baita, Dbusek enpresaren politikarako funtsezkoak diren bi arloren kudeaketan duen esperientzia aurkeztu du. Erabiltzaileen Arretarako Zerbitzua eta Konpainiaren barruko Berdintasunaren Kudeaketa izan dira bi arlo horiek, eta arlo horietako esperientziak aurkezteko bi jardunaldi egin dira, bata Donostiako Udalak antolatuta eta bestea Emakundek eta EUSKALITek elkarrekin antolatuta.

2007az geroztik Dbusen ezarrita dagoen kalitate sistemaren kudeaketa

Jardunbide egokiak partekatzeko eta erakundean bertan prozedura berriak ezartzeko modua aztertzeko, Donostiako Udalak jardunaldi bat antolatu du batik bat kalitatearen inguruan, eta jardunaldi horretan 2007az geroztik konpainian ezarrita dagoen zerbitzuaren kalitatea kudeatzeko duen sistema aurkeztu du Dbusek.

Udalaren sail eta enpresa batzuen ordezkariek hartu dute parte jardunaldian. Igor Gonzalezek, Dbuseko zuzendari gerenteak, Dbusen estrategiaren berri eman du eta, zehazkiago, Erabiltzaileen Arretarako eta Konpainian erregistratzen diren kexa eta erreklamazioen kudeaketarako sistemaren funtzionamendua aurkeztu du. Sistemak ahalbidetzen du erabiltzaileek hainbat kanalen bitartez jasotako interakzio guztiak modu transbertsalean kudeatzea eta haien jarraipena egitea, egoera bakoitzerako egokia den erantzuna emateko. Sistemak ondo funtzionatzen duen adierazle bat da 2019an batez besteko erantzun denbora 1,30 egunekoa izan zela, eta arauaren arabera gehienez 20 egunekoa da.

Dbus enpresa aintzindaria da Bidaiarien Garraio Publikoaren gaineko UNE-EN 13816 arauak xedatutako kalitate irizpideak lehentasun gisa ezartzen, bai eta AENORen egiaztagiria lortu duen lehen garraio enpresa ere Euskal Herrian. Arauak kalitatea azpimarratzen du bereziki, Dbuseko zerbitzuen erabiltzaileen premien eta itxaropenen ikuspegitik, bere langileen eguneroko lanari esker. Era berean, COVID-19ari aurre egiteko moduagatik AENORek emandako ziurtagiria dauka eta Energia Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN ISO 50001 arauaren arabera ziurtagiria eskuratzeko lanean ari da.

Konpainiaren barruko berdintasunaren kudeaketa

Dbuseko Giza Baliabideen eta Konpainiaren Berdintasun Planaren arduradun Nerea Diezek, berriz, “Emakumea zara? Primeran!” izeneko kanpaina aurkeztu du Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak eta EUSKALITek elkarrekin antolatutako jardunaldi batean. Dbusek aurten abiarazitako kanpainetako bat da, eta gidari postuetan emakumeen presentzia sustatzea du helburu. Jardunaldian ezagutzera emateko Emakundek aurten aukeratu dituen bi kanpaina erreferenteetako bat da kanpaina hori.  

Pasa den otsailean, Dbuseko gidarien lan poltsa berriari lotuta, Dbusek informazio kanpaina bat abiarazi zuen prozesuan aurkezteko interesa eduki zezaketen emakumeeizuzenduta, prozesura parte hartzera bultzatuta. Kanpainaren lelo nagusiak emakumeei eta gidaritzari lotutako gaztelaniazko estereotipo tradizional batekin zerikusi zuzena zuen (“Mujer tenías que ser”); emakume izatearen ideiari buelta ematen zitzaion eta zerbait on eta beharrezko bihurtzen zen.  “Emakumea zara? Primeran!”. Kanpainaren asmoa zen emakumeei eta gizonei ere ikusaraztea autobus gidatzeak ez duela batere zerikusirik emakume edo gizon izatearekin eta autobusak gidatzea gizonen gaitasuna edo trebetasuna deneko aurreiritzia haustea.

Era berean, kanpainak bigarren helburu bat zuen epe ertain-luzera, hautagaitzak aurkezteko epeetatik haratago, 2-3 astekoak baitziren. Bigarren helburu hori zen oraindik autobusak gidatzeko baimena edo deialdian parte hartzeko beharrezkoak diren beste baldintza batzuk ez zituzten emakumeei plantearaztea gidari postua inoiz pentsatu ez duten lan irteera izan zitekeela beraientzat, eta hurrengo deialdietarako prestatu zitezkeela.