Dbus-ek ´Salto batean´aurkeztu du
Gaur goizean, Dbusek “Salto Batean” izeneko udako kanpaina aurkeztu du udaletxean. Kanpainak autoaren ordez hiriko autobusak erabiltzera gonbidatzen ditu donostiarrak eta uda honetan Donostiara hurbiltzen diren pertsona guztiak.
Kanpaina fresko eta dibertigarria da, eta Dbusen elementurik ikoniko eta adierazgarriena du protagonista: igela. Animalia hori nahi duen lekura arin iristeko gai da, salto batean!, hori eginda baino ez. Eta simil horrekin herritarrak eta bisitariak gonbidatzen dira garraio publikoa erabiltzera, hiriko edozein toki eta planetara joateko.
Aurkezpenean Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, hartu du parte, eta hau nabarmendu du: “Donostiak garraio publiko sistema inbidiagarria du, eta gure helburuetako bat da horren erabilera sustatzen jarraitzea bai donostiarren artean, bai hiria bisitatzen duten pertsonen artean, batez ere udan. Dbusen bidaiatzea, erosoa eta segurua izateaz gain, efizientea, jasangarria eta irisgarria ere bada, eta hirian mugitzeko funtsezko pieza bihurtu da.
Kanpainaren bidez garraio publikoa erabiltzearen garrantziaz eta erabiltzaileei ematen dizkien onurez sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi da:
- Garraio publikoan eroso eta modu entretenigarrian bidaiatzen da: musika entzun daiteke, irakurri egin daiteke, eta abar.
- Dbusen bidaiatzeak lasaiago bidaiatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, norberak gidatzen duenean ez bezala, orduan pazientzia galtzen dugu-eta.
- Bidaia azkarrago egiten da, izan ere, autobus erreiei esker auto ilarak saihesten dira eta, beraz, helmugara lehenago iristen da.
- Garraio publikoan bidaiatzea merkeagoa da, aparkalekuaren/TAOren eta gasolinaren gastuak aurrezten dira.
- Hiri garraioaren erabilera garbia da, trafikoa arintzen baita eta, beraz, ingurumeneko kutsadura eta kutsadura akustiko gutxiago dago.
Igor Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Gerenteak, hau nabarmendu du: “uda garaian errutinatik ateratzen gara, askoz plan gehiago egiten ditugu eta hirian zehar gehiago mugitzen gara, eta Dbusekin hiriko txoko horietara guztietara iritsi gaitezke, eroso eta estresik gabe.”
Kanpaina Donostiako udaren adierazgarri diren plan batzuen 5 irudik osatzen dute, igela protagonista izanda, eta datorren ekainaren 21etik aurrera markesinetan, autobusetan, Dbusen webgunean eta sare sozialetan egongo da ikusgai.
Bide Indarkeriari Stop elkartearen iragarkia
Udako kanpainaren osagarri gisa, prentsaurrekoan spot bat ere aurkeztu da. Spota Bide Indarkeriari Stop elkarteak egin du Dbusen laguntzarekin, eta bere asmoa da hiritarrak animatzea garraio pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzera. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Rosa Trinidad Bide Indarkeriari Stopeko presidenteak eta Oscar Terol aktoreak, iragarkiko protagonistak.
Bide Indarkeriari Stop izeneko “Bide segurtasunaren babeserako euskal elkartea” 2020an sortu zen, eta helburu argiak ditu: bide ezbeharretako biktimei babesa ematea eta laguntzea eta bide segurtasuneko kultura sustatzea gizartean, gidariak kontzientziatuz eta sentsibilizatuz eta prebentzioaren bidez, errepideetako tragediak murrizteko. Elkarteko lehendakari Rosa Trinidadek hau adierazi du: “testuinguru horretan egin da spot hau, autobusean bidaiatzearen eta autoz bidatzearen artean dagoen aldea erakusteko, eta, horrela, garraio publikoaren erabileraren garrantzia nabarmentzeko.
Gainera, Rosa Trinidadek hau azpimarratu nahi izan du: “garraio publikoak harreman zuzena du gure errepideetako ezbehar tasaren murrizketarekin. Izan ere, ezbehar tasa nabarmen txikiagoa da garraio publikoan automobil pribatuan baino.
Spota datorren ostiralean, ekainak 21, hasiko da ematen Dbuseko autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta Dbusen zein Bide Indarkeriari Stop elkartearen sare sozialetan.