Dbusek Innobus-Tur proiektua amaitu du, irisgarritasunean eta bidaia esperientzian hobekuntza garrantzitsuekin
Dbusek arrakastaz amaitu du Innobus-Tur proiektua, zeinarekin hiriko garraio publikoaren sistema modernizatu ahal izan den, erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, irisgarritasuna handitzeko eta autobusaren erabilera sustatzeko, egoiliarrentzat zein bisitarientzat alternatiba jasangarri eta erakargarri gisa.
4,1 milioi euroko inbertsioarekin eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren bidez Next Generation EU funtsetatik eskuratutako 3,68 milioi euroko finantzazioarekin, Innobus-Tur garraio publikoa digitalizatzeko proiektua da, eta, Dbusez gain, Kanaria Handiko Las Palmaseko (Guaguas Municipales), Malagako (EMTSAM) eta Palmako (EMT PALMA) hiri autobusen udal enpresek ere parte hartu dute, udalerrien elkarte baten bitartez.
Era berean, Innobus-Tur urrats erabakigarria izan da Donostiako garraio publikoa modernizatzeko. Hobekuntza nabarmenetako batzuk dira markesinen berritzea, ordainketa bideen digitalizazioa eta autobusetako makina balidatzaileen modernizazioa.
Markesina adimendunak Navilens sistemarekin
Dbusek markesinak berritu ditu, diseinu funtzional eta irisgarria emanez. Elementu bereizgarri gisa, markesina berriek Navilens sistema dute. Sistema horren teknologiak koloretako QR kodeak erabiltzen ditu, zeinak distantzia handira irakur daitezkeen eta ikusmen desgaitasuna duten pertsonei Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatzea ahalbidetzen dieten. Lokuzioen bidez, seinaleztapen sistema horrek orientatzea ahalbidetzen du, testuinguruan jarritako informazio eskuragarria lortzeko aukera emanez, hala nola geralekuaren izena, bai eta autobusen iritsiera ordua denbora errealean eta autobusen helmuga ere.
Irismen handiko markagailu bisual horiek, halaber, baliagarriak dira beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
Ordainketaren digitalizazioa: QR txartelak
24 eta 48 orduko QR txartelak sartzea da Innobus-Turren berrikuntza handietako bat. Dbuseko linea guztietan erabil daiteke soluzio hori, eta txartela eskudirutan ordaintzearen ordezko beste alternatiba bat eskaintzen du, Donostian autobusez bidaiatzea errazagoa eta erosoagoa izan dadin.
Hauek dira garraio titulu berriak:
- 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du.
- 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak nahi beste gaueko zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan.
- 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.
- 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko zein gaueko zerbitzuetan.
Makina balidatzaile berriak: ordaintzeko aukera gehiago
Dbusek makina balioztatzaile zaharrak kendu ditu eta haien ordez modelo aurreratuagoko makinak jarri ditu, erabiltzaileei ordaintzeko malgutasun handiagoa eskaintzeko, makina horiek era guztietako sistemekin ordaintzea ahalbidetzen baitute: MUGI txartelak, BAT eta BARIK txartelak, San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak, EMV kontakturik gabeko banku txartelak eta QR kodea duten txartel berriak. Horrela, autobuseko makina guztiek funtzionaltasun berak eskaintzen dituzte, eta ordaintzeko modu gehiago eskaintzen dituzte; beraz, erabiltzaileen bidaia esperientzia hobetzen dute.
Innobus-Tur proiektuaren beste inplementazio batzuk
Ekimen horiez gain, proiektuak beste aurrerapen esanguratsu batzuk ere inplementatu ditu, hala nola hauek:
- Autobusak elkartu ez daitezen eta modu efizientean gidatzeko sistema.
- Edukierak kontrolatzeko sistema eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzekoa.
- Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
- Autobus erreiak eta geltokiak bidegabeki okupatuta dauden detektatzeko eta kontrolatzeko sistema garatzea eta ezartzea, mugikortasuna eraginkorragoa eta ordenatuagoa izan dadin.
- Eskaripeko iragarpen sistemak eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
- Planifikazio sistema espezializatuak, giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko.
- Lan harremanen digitalizazioa.
- Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea.
- Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
Ekintza horiekin, are sendoagoa da Dbusek iraunkorragoa eta irisgarria den eta erabiltzailearengan zentratuta dagoen mugikortasun eredu batekin duen konpromisoa.