Berriak

Bilbobus-eko eta Idom-eko profesionalak bisitan Dbuseko instalazioetan

Dbusek Bilbobus-eko, Bilboko udal autobusen enpresa, eta Idom aholkulari enpresako ordezkaritza bat hartu du bere instalazioetan. Ordezkariek Kotxetegietako instalazioak ezagutzeko aukera izan dute, eta Donostiako autobusetan instalatutako azken aurrerapen teknologikoen xehetasunak egiaztatu ere egiaztatu dituzte, esaterako antibunching-erako (autobusek bat ez egiteko sistema) eta gidatze eraginkorrerako sistema, itsuentzako audio bidezko informazio sistemak edo billeteak baliozkotzeko makina berriak, azkarragoak eta eraginkorragoak direnak, bai eta autobusen erabilera, eraginkortasuna eta segurtasuna hobetzeko kontrol eta kudeaketa sistemak ere.   Bisita_Visita_Bilbobus

Ordezkaritzak Ustiapenean Laguntzeko Sistema (SAE) ezagutu du. Sistema horrek teknologia berriak erabiltzea ahalbidetzen du erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, eta Kotxetegien eta gidarien arteko barne komunikaziorako bide bat sortzen du. Sistema 2004an ezarri zen Dbusen, eta berari esker geltoki guztietan jakin daiteke autobusak noiz helduko diren, eta hurrengo geldialdiari buruzko eta geldialdi bakoitzean egin daitezkeen autobus aldaketen gaineko informazioa eman daiteke autobus barruan. 

Donostiako Hiriko BRT sistema berritzaileaz ere (Bus Rapid Transit) interesatu dira. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki Benta-Berriko 5 linean eta Amara-Ospitaleetako 28 linean. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainerako autobusekin bikain integratuta dago, eta berari esker hiriak 10.5 milioi bat euro aurrezten ditu urtean, istripuak, zaratak, eguratsera igorritako kutsatzaileak eta trafiko pilaketak gutxitu egiten dituelako. Ordezkaritzak ustekabe atsegina izan zuen BRT sistemaren eraginkortasuna eta efizientzia ikusita, izan ere bere erabiltzaile kopurua eta abiadura komertziala (17,5 km/h) beste hiri batzuetako tranbia sistema askorenak baino handiagoa da. 

Bilbobus-eko eta Idom-eko ordezkaritzak Dbuseko autobus elektrikoa ezagutu du. Autobus hori Irizarrek sortu zuen eta 2014ko uztailean jarri zen martxan. Autobus hibridoak ere ezagutu dituzte. Ingurumena gehiago errespetatzen duen teknologia daukate, Dbusek ekologiarekin eta iraunkortasunarekin duen konpromiso etengabearen erakusle. Donostia lidertzat jotzen da Europan Garraio Publikoaren erabilerari dagokionez, eta, Elektromugikortasunaren esparruan, Donostia guztiz lerratuta dago EBk 2050erako finkatutako helburuekin, hau da, hiriguneen barruan dabiltzan ibilbide guztiak elektrikoak izan beharko luketela ezartzen duen helburuarekin. 

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.