Dbizik Aenorren ziurtagiria lortu du UNE-EN 13816 Arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen
Donostiako bizikleta alokairu sistemak, Dbizik, AENORen ziurtagiria lortu du, Garraio Publikoaren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren gaineko UNE-EN 13816 arauaren arabera, zeinak bere zerbitzuaren kalitatea aitortzen duen. Bizikleta alokatzeko enpresetatik arau honen arabera AENORen ziurtagiria eskuratu duen lehena eta bakarra da. Gaur eman zaio ziurtagiria Donostiako Udaletxean, eta ekitaldian parte hartu dute hiriko Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak, Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek, BIZISS ABEEko gerente Jesús Sánchezek eta AENORen Euskadiko zuzendari Gonzalo San Antoniok.
Dbizi 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta urte eta erdi eskasean zifra errekorrak lortu ditu, erabiltzaile kopuruari eta egindako bidaiei dagokienez. 2022ko lehen lauhilekoan modu ikusgarrian eta etengabean hazten jarraitu du, eta 196.790 bidaia egin ditu. 2021ean, berriz, 113.445 bidaia erregistratu ziren denbora tarte berean. Abonatuei dagokienez, 2022ko lehen lauhileko honetan Dbizik 6.431 erabiltzaile ditu, 2021eko aldi bereko 3.901 abonatuen aldean. Gainera, bizikletak alokatzeko hiriak aurretik izandako sistemarekin erregistratu ziren kopuruak baino askoz handiagoak dira.
BIZISS ABEEak (MOVUSek eta URBASERek eratutako ABEEa) kudeatzen du Dbizi sistema, Dbusen eta Donostiako Udalaren bitartez. AENORen ziurtagiri berri horretaz gain, BIZISS ABEEak kalitatea kudeatzeko ISO 9001 Arauaren araberako ziurtagiria du.
Erabiltzaileen gogobetetzea
Ziurtagiri horren esparruan, Dbizik gogobetetze inkesta bat egin die erabiltzaileei, eta emaitza oso onak eman ditu; izan ere, erabiltzaileek baieztatu dute zerbitzuak ondo funtzionatzen duela eta aitortu dute pandemiaren gorabeherak baldintzatutako urte honetan ahalegina egin dela. Datu horiek hiriko auzoetan bizi diren 16 urtetik gorako eta genero desberdineko 252 erabiltzaileri egindako inkesten bidez lortu dira. Inkestatuek zerbitzuaren hainbat alderdiri (irisgarritasuna, informazioa, erosotasuna, segurtasuna edo ingurumeneko eragina) ematen dieten garrantzia baloratu behar izan zuten, baita alderdi horietako bakoitzarekin zenbateraino dauden pozik adierazi ere. Lehentasun ordenaren arabera, hauek izan dira ondoen baloratutako alderdiak:
- Bizikleta eta ainguraleku libreen eskuragarritasuna geltokietan.
- Bizikletek eskaintzen duten segurtasuna.
- Bizikletak garbi aurkitzea.
- Matxuratutako bizikletak aldizkakotasun egokiarekin (24 h) ordezkatzea.
- Egindako erreklamazioei erantzuteko azkartasuna.
- Sisteman alta emateko sarbidea erraza izatea.
- Bizikleten alokairu zerbitzuaren abonu motei buruz webgunean dagoen informazioa egokia izatea.
- Bizikletak erabili ahal izatea, gehiago kutsatzen duten beste garraiobide batzuk erabili ordez.
2020an zerbitzua martxan jarri zenean aurkeztu zen bezala, Dbizi sistema zabaltzeko lanean ari da, geltoki gehiago eta bizikleta gehiago jarriz. Etengabe hobetzeko ildo horretan, datorren udazkenean Herreran bizikletetarako beste geltoki bat jartzea aurreikusita dago. Geltoki mistoa izango da, bizikleta elektriko eta mekanikoekin.
Bizikletaren erabilera bultzatzea Donostian
Dbizi sistema berria hiriaren mugikortasun iraunkorraren alde apustu handia egitea izan da. Datozen egunetan, Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak bisita tekniko bat egingo du Donostian, eta sistema berria ezagutuko du. Espainiako 1.000 udalerri inguru ordezkatzen dituzten 140 erakundek osatutako elkartea da, eta Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Arana bizikletaren enbaxadore izendatu du aurten.