Berriak

Dbus-ek 110 markesina berrituko ditu hirian

Datozen hiletan Dbusek hiriko 110 markesina berritzeko eta Irisgarritasunari buruzko Legera egokitzeko lizitazioa kaleratuko du. Gaur arte Dbusek berritu duen markesina kopururik handiena da, 2013tik markesinen kudeaketa Dbusen esku baitago. Une honetan Donostiak 563 autobus geltoki dauzka, eta horietatik 309 markesina erakoak dira eta 254 zutoin erakoak. Berritze planaren barruan markesinak baino ez dira sartzen, zutoinak egoera hobean daude eta.

Lehentasunez berritu behar diren markesinak zein diren zehazteko, Dbusek markesinen egoerari buruzko analisi bat egin du Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuarekin elkarlanean, eta analisi horren ondorioa izan da kaltetuen dauden markesinak direla eguneratu behar direnak. Hiriko garraio sarearen geltokien instalazioa, birkokapena eta mantentze lanak ez ezik, publizitatearen ustiapena ere esleituko da lizitazioan. Kontratua 15 urterako izango da; halere, aurreikusten da 110 markesinen instalazioa lehen urtean abiaraztea eta kontratuaren lehen zazpi urteak igaro baino lehen amaitzea.

Markesina duten geltoki guztietatik, 40 Grimshaw modelokoak dira, hau da, sartu den azken modelokoak, eta gainerako 269 markesinak 2003 modelokoak. Zehazki, berrituko diren 110 markesinak 2003 modelokoak dira, eta gutxi gorabehera 16 markesina eguneratuko dira urtean.

Hiriko altzariak bateratzeko eta homogeneizatzeko asmoarekin, markesinen modelo bakarra, berria eta funtzionalago bat erabiliko da markesinak berritzeko.

Lizitazioaren baldintza pleguan kalitate, irisgarritasun eta diseinuari lotutako irizpideak jasoko dira. Baldintza nagusietako bat izango da markesinak kalitateko materialez eta hiriaren berezko baldintza meteorologikoak jasatzen dituzten materialez eginda egon beharko direla eta hiriko altzariekin oro har bat datorren eta Irisgarritasunari buruzko Legean jasotako araudia betetzen duen abangoardiako diseinua eduki beharko dutela. Estetika homogeneoa bermatzeko, asmoa da markesina berriak hirian ezarritako azken modeloaren antzeko diseinua edukitzea, hau da, Grimshaw modeloaren antzekoa.

Markesina berriak irisgarriagoak izango dira. Irizpide orokor gisa, geltokiak ahalbidetzen duen guztietan, sarrera albotik zein erditik edukiko du, igarotzeko gutxienez 90 zentimetroko zabalera librearekin. Era berean, manpara guztiak zeharrargiak izango dira eta kolore biziko bi zerrenda edukiko dituzte kristala dagoela adierazteko. Linearen zenbakiari eta helmugari buruzko informazioa braillez edukiko dute, halaber, eta bermatze leku iskiatikoa duen eserlekua edukiko dute.

Era berean, planak gainerako markesinen berrikuspen integrala aurreikusten du, bai eta publizitateko mupien mantentze lanak eta gidarientzako WCen instalazioa ere.

Gutxienez hiriko markesinen heren bat berrituta, helburua da hiriko autobus garraioaren zerbitzua eta erabiltzailearen esperientzia hobetzen jarraitzea, autobusaren zain egotea atseginagoa eta erosoagoa izan dadin eta erabiltzaileak eguraldi txarretik benetan babestuago egon daitezen.