Dbus-ek 17 garraio operadore elkartu ditu Donostian
Maiatzaren 23an eta 24an, ATUC Hiri eta Metropoliko Garraio Publikoen elkartearen Teknologia Berrien, Marketinaren eta Kalitatearen Batzordea hartu du Dbusek. 17 hiritako garraio operadorek hartu dute parte jardunaldietan, tartean Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Malaga, Kanaria Handi, Palma edo Tenerifeko hirietakoek, eta garraio publikoarekin lotura duten enpresa teknologiko batzuk ere egon dira bertan.
Lehen bileran, eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek egindako ongietorriko ekitaldiaren ondoren, Konpainiako zuzendari tekniko Eduardo Gonzalezek une honetan Konpainia buru-belarri gauzatzen ari den eta flota deskarbonizatu eta %100 0 emisioko flota bihurtzea ahalbidetuko duen elektrifikazio proiektua aurkeztu du. Parte hartzaileek, halaber, ibilgailu elektrikoak kargatzeko prozesuak optimizatzeko proiektua ezagutu ahal izan dute.
Batzordean, sektorean gaur-gaurkoak diren gaiak ere aztertu dira. Era berean, Javier Vallejok, Dbuseko zuzendari ondokoak, demo bat egin du azken urteetan ezarritako berrikuntza teknologikoekin. Geltokien eta autobusen okupazioa denbora errealean neurtzeko sistemak nabarmendu daitezke, eskaerari aurrea hartzea eta, behar izanez gero, une jakinetan lineak zerbitzu bereziekin indartzea ahalbidetzen baitute. Sistema horiei esker, zerbitzu arina eta kalitatekoa eskaini ahal zaie erabiltzaileei, eta aurrerapen handia izan da Dbusen barruan, erabiltzaileen joan-etorrien fluxuetara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko orduan.
Lehen bilera horretan, halaber, gai hauek aurkeztu dira:
- EMV ordainketa sistemetan egindako hobekuntzak
- QR garraio titulu berriak, Dbusen 24 orduz edo 48 orduz mugarik gabe bidaiatzea ahalbidetzen dutenak.
- Markesina adimendun berriak, Navilens sistema dutenak, zeinari esker Ikusmen desgaitasuna duten pertsonek Donostiako autobus geltokiak modu autonomoan kokatu ditzaketen.
- Smart Clima Sistema
- Smart Ramp Sistema
- Mugi birtual 2.0 proiektua
Bigarren egunean, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzi Olatz Yarzak parte hartu du, eta hiriak dituen erronkak azaldu dizkie bertaratuei. Olatz Yarzaren hitzetan, “Funtsezkoa izango da garraio publikoari bultzada ematea, mugikortasun aktiboa lehenestearen aldeko apustua egiteko. Hiria oinezkoek gozatzeko izatea nahi badugu, ezinbestekoa da garraio publikoa indartzen jarraitzea. Donostiak izango duen trenbide linea berria eta autobus sarearen hobekuntza funtsezko ardatzak izango dira egiten ari garen eraldaketa honetan. Gainera, Emisio Gutxiko Eremua, gainera, osagarri ezin hobea izango da, horrekin hiriko airearen kalitatea hobetzea lortuko baitugu”.
Saio horretan, parte hartzaileek eskaripeko Taxibusa ezagutu ahal izan dute. Dbus aitzindaria izan da horrelako zerbitzu bat ezartzen, eta zerbitzuak urrun eta dentsitate txikiko auzoetako bizilagunei ahalbidetzen die zerbitzu guztiak dituzten guneetara hurbiltzea.
Jardunaldiak amaitzeko, sektoreak dituen behar eta erronkei buruz hitz egin eta eztabaidatu dute garraio operadoreek.