Berriak

Dbus-ek 28 linean probatuko du Irizarren lehen autobus %100 elektriko artikulatua

DSC_0134_webDonostia izango da Irizar Taldeak fabrikatutako lehen autobus %100 elektriko artikulatua, Irizar ie tram modeloa, benetako bidaia batean eta bidaiariekin probatuko duen lehen hiria. Udaleko udal arduradunek, Alkate Eneko Goia buruan zutela, bertatik bertara ezagutu dute ibilgailua, Irizarrek Adunan duen lantegian. Ibilgailua uda inguruan hasiko da funtzionatzen Gipuzkoako hiriburuan.

Dbusen flota operatiboko ibilgailuetako bat izango da autobus hori, izan ere, gure hirian elektromugikortasuna bultzatzen duen proiektu pilotu baten zatia da erabilera hori. Proiektuak sei hilabete iraungo du gehienez ere, eta garraio elektrikoaren modalitate guztiak bultzatzeko Donostiak duen estrategia globalaren barruan sartzen da.

Autobus artikulatu bat izango da ibilgailua eta, zehazki, 18 metrokoa eta %100 elektrikoa. Proba 28-Amara-Ospitaleak linean egingo da, Dbusen linearik erabiliena eta Euskadin urtean bidaiari kopururik handiena erregistratzen duen autobus linea baita.

Orain bezala, 2014an ere Dbus izan zen Irizar Taldeak fabrikatutako 12 metroko lehen autobus elektrikoa probatu zuen lehen operadorea. Ezaugarri horiekin Europan fabrikatzen zen lehen autobusa zen. Harrez gero, Dbusek hiru autobus %100 elektriko eta trakzio %100 elektrikoarekin funtzionatzen duten eta geldialdietan zero igorpenen moduan egoten diren 20 autobus sartu ditu bere flotan. Proiektu pilotua autobus %100 elektriko artikulatu batekin abian jarrita, linea horrek 120 tona CO2 gutxiago igorriko ditu eguratsera urtean.

Kotxetegietan gauez kargatzeaz gain, autobus honek aukerako karga egin beharko luke Miramonen, linea buruko geltokian. Geldialdiko kargak gutxi gorabehera 5-6 minutu iraungo duela kalkulatzen da. Autobusak pantografo bat dauka, zeina autobusaren sabaian zabaltzen den eta karga zutoinarekin konektatzen den, 500kW-potentziako karga jasotzeko.28 linea osoaren elektrifikaziorako lehen urratsa da autobus elektriko artikulatuaren proiektu pilotua. Egingo diren probekin 28 linearen energi kontsumoaren gaineko benetako datuak lortu ahal izango dira eta sistema adimendunak dituzten autobus elektrikoen inplementazio posiblerako beharrezkoak diren elementu guztiak behar bezala dimentsionatu.

Ibilgailua hobeto ezagutzeko, Donostiako Alkate Eneko Goia eta Mugikortasuna eta Garraioak departamentuko Zinegotzi Pilar Arana Irizarrek Adunan duen e-mobility lantegira hurbildu dira gaur, Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezekin batera. Bai Eneko Goia bai Pilar Arana oso interesatuta agertu dira ibilgailuaren sistema berritzaileaz, Dbusen 28 linean probatuko baita, Donostiako autobus flotaren elektrifikaziorako beste urrats bat gehiago eginda. Hortaz, Goiak azpimarratu du Irizarrek “Donostia erabiltzen jarraitzen duela bere diseinurik berritzaileenen laborategi gisa, hiria eta lurraldea mugikortasun elektrikoaren munduko abangoardian kokatzen dituen aliantza estrategiko batean”. Aldi berean, Goiak adierazi du Donostiak “ibilgailu elektrikoaren modalitate guztien alde egiteko estrategia osoa duela, eta horretarako urratsak emango direla erregai fosilak energia garbiekin ordezkatzen joateko”.