Berriak

Dbus-ek bere mikrobusen flota berritzeko lanak amaitu ditu erabat

microbuses

Dbusek beste bi mikrobus gehiago sartu ditu bere flotan, eta jada zirkulazioan daude Donostiako hiri autobusen lineetan. Mikrobusen flota berritzeko bigarren fasea da, izan ere, abenduan berritu ziren lau mikrobusekin batera, bi mikrobus berri hauekin Donostiako goialdeetan zerbitzua ematen duten mikrobus lineei esleitutako ibilgailuak ere berritu dira. Zehazki, San Roke-Aldakonea 36 linean, Rodil-Zorroaga 37 linean eta Trintxerpe-Altza-Molinao 38 linean emango dute zerbitzua.

Mikrobus berriek Mercedes Benz etxeko Sprinter txasisa dute, Goiko Autok hornituak, eta Integralia arduratu da haien karrozeriaz, In-Urban modelokoak dira. Ibilgailuak Dbuseko mikrobus lineak erabiltzen dituzten pertsonen benetako premietara egokituta daude. Mikrobusak Euro 6 teknologia dute, ingurumena gehien errespetatzen duen teknologia, alegia. Dbus da teknologia berri hori daukaten autobusak erosi dituen lehen enpresa, hau da, igorpenak gutxitu eta merkatuko igorpen maila txikienetara jaistea ahalbidetzen duen teknologia. Mikrobusek modu seguruagoan eta eraginkorragoan gidatzeko prestazioak dituzte, orografia zaileko lekuetan egiten dituzten ibilbide konplexuetarako.  

Informazio pantailak dituzte, eta horiei esker mikrobusek, lehenengo aldiz, hurrengo geldialdiaren gaineko abisuak eta albiste interesgarriak eman ahal izango dituzte, gainerako autobusek bezala. Orain arte sistema hori autobusen lineetan baino ez zegoen erabilgarri, eta mikrobusen flota berriztu denean zerbitzua ibilgailu berri horiei ere ezarri zaie. Barruko pantailek lineak egiten duen ibilbidea adierazten dute mapa baten gainean, eta egingo dituzten geldialdien berri emango dute. Era berean, erabiltzaileek audio sistema martxan jartzeko eskatu ahal izango diete gidariei. Horrela, erabiltzaileek ibilgailuak egingo dituen geldialdien abisuak entzun ahal izango dituzte, euskaraz zein gazteleraz. Itsuek eta ikusmen urria dutenek ere aktibatu ditzakete abisu horiek; horretarako, informaziorako audio zerbitzu bat martxan jartzeko erabilgarri duten agintea erabiliko dute.

 Hauek dira mikrobus berrien berritasun nagusiak:

1. Jendearentzako toki gehiago, 26 leku izango dituzte.

2. Informazio pantailak dituzte, eta horiei esker hurrengo geldialdiaren gaineko abisuak eta albiste interesgarriak ematen dituzte.

3. Ibilgailu berriek Euro 6 motorra dute, eta horri esker egun Euro 3 mikrobusek duten kontsumoa murriztu daiteke, bai eta kutsatzaileen mailak jaitsi ere, kutsadura maila beherenetara jaitsita, gas bidezko propultsio edo GNK (Gas Natural Konprimitua) ibilgailuen kutsadura mailen parera.

Igorpen kutsatzaileen murrizketak hauek dira: karbono monoxidoaren igorpenak (CO) %28,60 gutxiago dira, hidrokarburoenak (HC) %80 gutxiago; nitrogeno monoxidoenak (NOx) %92 gutxiago eta partikula esekienak %90 gutxiago.

4. Arrapala elektrikoa, gurpildun aulkiak sartzeko.

5. 7 abiadura dituen abiadura kaxa automatikoa, konfort optimizatuarekin eta kontsumoen murrizketarekin.

6. Eserleku profesionala, gidariaren postuaren behar ergonomikoetara egokitua.

Hauek dira ibilgailuen beste ezaugarri tekniko batzuk:

• Sarrerako behe plataforma integrala.
• Mugikortasun urria duten pertsonentzako lekua.
• Ate lerragarria, gaur egun irekitzeko maniobrak irauten duen denbora murrizten duena.
• Barrualdearen isolamendu termikoa optimizatzeko sistema.
• Klimatizazio ekipamendua sabaian (hotza/beroa)
• Mugikortasun urria duten pertsonentzako aulkiak zoru baxuaren mailan, eskailera maila igo beharrik eduki ez dezaten.

Flota berritzeko bigarren fase honekin, Dbusek sendotu egin du azken urteetan, bere autobusen erosotasuna, segurtasuna eta iraunkortasuna ahalik eta gehien bermatzeko asmoz, teknologia berrien alde egiten ari den apustu handia.