Dbusek QR kodearekin ordaintzeko aukera ezarri du autobusetan
Dagoeneko erabilgarri dago Dbusen autobusetan bidaia txartela QR kodearekin ordaintzeko aukera. Sistema berritzaile hori Dbusen linea guztietan erabil daiteke, eta txartela ordaintzeko beste aukera bat da, eskudirutan ordaindu ordez, Donostian autobusez bidaiatzea errazago eta erosoago eginda.
Lau garraio titulu berri
Zehazki, Dbusek QR kodearekin ordaintzeko lau modu berri sortu ditu. Dbusen app ofizialaren bidez eros daitezke ordainketa modu horiek, eta appa iOS eta Androiderako eskuragarri dago. Neurri hori abian jartzeko, apparen bertsio berri bat ere kaleratu da, eta bertsio horretan “Tickets” izeneko atal berri bat dago.
Hauek dira lau garraio titulu berriak:
- 30 minutuko QR txartela, egunekoa: eguneko nahi beste zerbitzutan erabil daiteke, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Transbordoak egiten uzten du. Prezioa 1,85€ da.
- 30 minutuko QR txartela, gauekoa: aurreko kasuan bezala, garraio titulu hau erosleak gaueko nahi beste zerbitzutan erabil dezake, erosi eta hurrengo 30 minutuetan. Prezioa 2,50€ da, eta transbordoak egiten ere uzten du.
- 24 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 24 orduz, bai eguneko zerbitzuetan, bai gaueko zerbitzuetan, eta 6 €-ko prezioa dauka.
- 48 orduko QR txartela: Dbuseko autobusetan mugarik gabe bidaiatzeko aukera ematen du 48 orduz, eguneko eta gaueko zerbitzuetan ere bai. Prezioa 10€ da.
Kreditu edo zordunketa txartel baten bidez erosten da, txartelaren datuak appean sartuz. Sartutako datuak appean gorde daitezke, aurrerago egiten diren erosketetan erabiltzeko. Erosketa sistema segurua da, eta ordainketa Redsys ordainketa pasabidearen bidez egiten da. Txartela appean erostean, QR kode dinamiko bat sortzen da, eta, autobusera igotzean, gidariaren postuaren ondoan dagoen makinan baliozkotzen da, mugikorraren pantaila gora begira jarriz kodea eskaneatu ahal izateko (ikus irudia). Txartel bat baino gehiago eros daiteke aldi berean, eta eragiketan erosten diren txartelak adina QR kode sortuko dira, autobusean banan-banan baliozkotzeko. Erosketa egiten den uneak markatuko du txartelaren iraungitze unea, erosketa egin eta hurrengo 30 minutuetan, edo 24 edo 48 ordutan erabili beharko da-eta, txartelaren modalitatearen arabera.
Sistemarekin, bidai txartelak erostea erraztu egiten da eta ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren denbora gutxiago eginda eta bidaietan emandako denbora murriztea ahalbidetuta. Txartela EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko modalitatearen osagarria da, zeinak 2017az geroztik funtzionatzen baitu Dbusen autobusetan, eta MUGI txartelarekin ordaintzeko modalitatearena ere bai. Txartel berriak oso praktikoak eta baliagarriak izan daitezke, bisitarientzat eta turistentzat ez ezik, une jakin batean MUGI txartela ez daramaten edo saldorik gabe geratu eta eskudirua ez duten ohiko erabiltzaileentzat ere. QR ordainketa sistemari esker, segundo gutxi batzuetan eros dezakete QR txartela geltokian edo autobusean bertan daudenean.
Era berean, aurreikusita dago datozen hilabeteetan autobusek aurrealdean ezkerrean eta erdiko atean dituzten baliozkotzeko makinak berritzea, txartel berri horiek autobuseko makina guztietan baliozkotu ahal izateko makina berri horiek gidariaren postuaren ondoan dauden makinek dituzten funtzionalitate berberak izango baitituzte, hala nola QR kodearekin, banku txartelarekin eta Bat eta Barik txartelekin zein MUGI txartel mota guztiekin ordaintzeko aukerak.
QR kodearekin ordaintzeko modua Europako E-MOBASK proiektuari eta Next Generation funtsei esker inplementatu da. Zehazki, E-MOBASKek eguneko eta gaueko 30 minutuko QR txartelen garapena finantzatu du, eta 24 orduko eta 48 orduko QR txartelen garapena, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez (MITMA) lortutako Next Generation funtsei esker egin da.