Berriak

Dbus-eko gidariek desgaitasuna duten pertsonekiko harremanaren gaineko prestakuntza jaso dute

formacion_desgaitasunakDesgaitasuna duten erabiltzaileekiko harremana eta tratua hobetzeko asmoarekin, Dbusek prestakuntza ikastaro bat antolatu du gidarientzat, Gureaken laguntzarekin. Prestakuntzaren asmoa da gidariei tresnak eta teknikak ematea Dbusen zerbitzuak erabiltzen dituzten desgaitasuna duten pertsonekin harreman egokia eduki dezaten.   

Lehen saio hauetara 60 gidari joaten ari dira, eta poliki-poliki plantillako gainerakoei ere emango zaie prestakuntza hori Prestakuntzan desgaitasunaren gaineko oinarrizko kontzeptuak aztertzen dira, bai eta hainbat desgaitasunekin zerikusia duten ohiko egoerak eta desgaitasun fisiko, sentsorial edo psikikoren bat duten pertsonekin edozein egoeratan harremanak izateko beharrezkoak diren trebetasunak ere. Horretarako, prestakuntza kasu praktikoetan, bideoetan eta role playing-ean oinarrituko da Metodologia horri esker, parte hartzaileek desgaitasuna duten pertsonen egunerokoan ohikoak diren egoerak esperimentatuko dituzte, haien lekuan jartzeko eta kolektibo horri eskaintzen zaion zerbitzuan hobetzeko. 

Gureak desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukera egonkorrak eta egokituak sortu eta kudeatzen dituen enpresa talde bat da.  Kolektibo horren integrazioa errazteko eta haien premiei erantzuteko, GUREAK neurrirako ikastaroak eta materialak lantzen ditu, desgaitasuna duten pertsonekiko harremanaren eta tratuaren gainean.   

Aldian-aldian Dbuseko gidariek prestakuntza ikastaroak jasotzen dituzte hainbat arloren gainean, esaterako, ibilgailu moten gainean edo pertsonen arteko harremanen gainean. Beraz, ikastaro berri honekin prestakuntza hori sendotu egingo da, gaitasun desberdinak dituzten erabiltzaileekiko tratua landuta. Helburua da Donostian eskaintzen den eta Donostiako herritarrek hain ondo baloratzen duten zerbitzua egunez egun hobetzea. 

Era berean, azken urteetan aurrerapen handiak egin dira irisgarritasunari dagokionez. Aurrerapen horiek batzuk dira, esaterako, ibilgailuen %100 egokituta egotea, autobusetan, geltokietan eta mugikorreko aplikazioan autobusen iritsiera orduak eta geltokiak jakinarazteko soinu bidezko sistema, edo itsuek seguru eta eroso bidaiatu dezaten Donostiako Garraio Araudian itsuei beste pertsona batekin batera bidaiatzeko ematen zaien aukera, laguntzaileak ezer ordaindu beharrik gabe.