Berriak

Dbus-eko linea guztietan bankuko txartelarekin ordaintzeko sistema inplementatzeko kontratua izenpetu dute Dbus-ek eta Kutxabank-ek

Gaur izenpetu dute Dbusek eta Kutxabankek datorren udan Donostiako autobus guztietan bidaiatzeko ohiko tiketa kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko aukera emango duen kontratua. Horretarako, beharrezkoa izan da eragiketa horiek egin ahal izateko ordainketa pasabide baten kontratazioa lizitatzea. Lizitazioa lehiaketa publiko bidez egin da eta Kutxabank izan da lehiaketaren enpresa esleipenduna.

2017ko abuztuan Dbusek banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotu bat jarri zuen martxan 16-Igeldo eta 45- Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete lineetan, eta lizitazio berri honekin sistema berritzaile hori linea guztietara zabaldu ahal izango da.

Proiektu pilotuan bezala, autobus tiketa kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaintzen utziko du sistemak. Bankuko txartel bakoitza edo mugikorreko aplikazio bakoitzak erabiltzaileak nahi beste bidaia ordaintzen uzten du, noizbehinkako bidai txartelaren prezioan eta komisiorik gabe.  Oraingo honetan, eta proiektu pilotuan ez bezala, gidariaren postuaren ondoan dagoen tiket makinan egingo da ordainketa eta ez da beharrezkoa izango aparteko makinarik jartzea. Helburu horrekin, Dbus eguneraketa batzuk egiten ari da tikek makina horietan, eta aurreikusita dago 2019ko ekainean sistema linea guztietan martxan egotea jada.

Era berean, ordainketa pasabidea garatu ondoren Dbuseko tiketa QR kode sistema baten bitartez ordaitzeko aukera ere ezarri ahal izango da. Erabiltzaileek Dbusen doako aplikazio mugikorraren bitartez erosi ahal izango dute ohiko tiketa (Dbusen App ofiziala). Aplikazioa iOS, Android eta Windows Phonerako eskuratu ahal izango da, kasuan kasuko online dendetan. Tiketa erosi ondoren, mugikorrean QR kode bat sortuko da eta kode hori da balioaztu beharko dena. Balioztatzeko, berriz, mugikorraren pantailan dagoen QR kodea gidariaren postuaren ondoan dagoen makinara hurbilduko da. Kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzen uzten duen makina berbera izango da. Aurreikusten da 2019aren bukaerarako martxan egongo dela QR kodeekin ordaintzeko sistema hau.

Sistema berriek abantaila ugari dauzkate. Alde batetik, erabiltzaileei ordainketa errazten zaie, ez baitute garraio txartelik edo eskudirurik beharko bidaia ordaintzeko, eta, gainera, sistemak erabat seguruak dira, Kutxabankek kudeatuta. Tiketak erosteari buruzko informazioa erraztu ere egiten da. Horrez gain, ordainketa arinago egiten da autobusean sartzean, geldialdi bakoitzaren iraupena murriztuta eta bidaietan denbora gutxiago egiteko aukera emanda. Horrela, garraio publikoaren erabilera bultzatzen da.

Egunero eskudirutan bilduko den dirua gutxiago izatea ere ekarriko du, likidazio lanak erraztuta. Gaur egun, Dbuseko autobusetan urtean egiten diren bidaien %8,41 ordaintzen dira eskudirutan. Gainera, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek ez daukate zertan legezko monetarik eduki, beren banku txartelekin ordaindu baitezakete bidaia, dela txartel horiek autobus barruan balidatuta, dela appean tiketa QR kodearen bitartez erosita.

Bai banku txartelarekin ordaintzea, bai QR Kodearekin ordaintzea E-MOBASK proiektu europarraren zatia dira, proiektuaren helburua baita Euskal Eurohirian garraio publikoaren erabilera bultzatzea eta erraztea, erabilera errazagoa, erakargarriagoa eta iraunkorragoa izan dadin eta garraio publikoa ibilgailu pribatuak baino gehiago erabiltzea bultzatzeko. Horrela, sistema autobus guztietan inplementatu ahal izango da, linea guztien puntualtasuna hobetuta eta kontsumoak eta igorpenak murriztuta, orokorrean. Izan ere, aurreikusten da sistema flota osora zabalduta igorpen kutsatzaileak %5-6 txikiagoak izango direla.

E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugako eskualdearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.