Berriak

Dbus eta Deustoko ikasleak elkarlanean autobus barruko giza harremanak hobetzeko estrategiak lantzen

Dbus eta Deusto Business Schoolen Marketin Aurreratuko Unibertsitate Masterra (MUMA) egiten ari diren ikasleak elkarrekin aritu dira marketin erlazionaleko estrategiak lantzen, Donostiako autobus zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen esperientzia hobetu ahal izateko asmoz. Lana pasa den irailean hasi zen, Masterreko irakasle Alazne Mujika Alberdiren ekimenez, eta azken hilabete hauetan masterreko ikasleek egoeraren diagnostiko bat egin dute, eta egoera hobetzeko proposamen bat planteatu ere egin dute.  

Abiapuntuko premisa izanik Dbus “Pertsonak daramatzaten eta pertsonekin lan egiten duten pertsonek” osatuta dagoela, autobusean ezartzen diren giza harremanak izan dira aztertu beharreko puntuetako bat. Ikasleei planteatutako erronka, beraz, harremanak maila guztietan humanizatzea izan da, gidariaren eta erabiltzailearen arteko harremana bereziki azpimarratuta. Funtsezko alderdia da erabiltzaileen esperientzia hobetzeko, eta Dbusek urteak daramatza hori lantzen, bai gidariei prestakuntza berezia emanez, bai bidaiariei zuzendutako kanpainen bitartez.

Hilabete hauetan Dbuseko komunikazio plataforma guztietan dauden datuak eta informazioa aztertzen aritu ondoren, Deusto Business Schooleko ikasleek hainbat proposamen aurkeztu dituzte jardunaldi batean, non Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek eta Konpainiaren Marketin arloko arduradunek parte hartu baitute. Proposamenak egindako diagnostikoan oinarrituta daude, izan ere, diagnostikoan premia nagusiak identifikatu dituzte.

Horretarako, ikasleek Konpainiaren filosofia korporatiboaren balioak identifikatu dituzte, eta beraiek proposatutako ekintza guztiak balio horiekin bat datoz.

Testuinguru honetan eta egoeraren diagnostiko honetatik abiatuta, talde bakoitzak bere balio proposamena aurkeztu du, erabiltzaileen esperientzia hobetzera zuzendutako ekintza eta kanpaina batzuetan oinarrituta. Proposamenen barruan daude, esaterako, prestakuntza ekintzak, sentsibilizazio kanpainak eta pertsonalizazio ekintzak, harremanak hurbilagoak eta humanoagoak izatea lortzeko. Seguru gaude gogoeta horrek etorkizuneko estrategietarako balioko duela, ideia freskoz eta dibertigarriz beteta baitago.