Berriak

Dbus, munduko ticketing sistemarik onena duen garraio publikoko enpresa gisa aukeratua

Dbusek munduko ticketing onena duen garraio publikoko operadorearen saria jaso du Londresen egin den “Transport Ticketing Awards” sarien banaketan. Ospe handiko aitortza da nazioartean. Saria emateko ekitaldian Donostiako ordezkaritza bat egon da, besteak beste, Olatz Yarza Donostiako Mugikortasun eta Garraio zinegotziak, Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak, eta azken urteotan Dbus egunean 200.000 bidaia baino gutxiago erregistratzen duten operadoreen kategorian munduko ticketing sistemarik onena duen garraio enpresa izatea ahalbidetu duten berrikuntza teknologiko ugari ezartzen parte hartu duten Dbuseko teknikariek osatuta.

Dbusek saria jaso duen kategorian, Zipre, Filipinak, Australia, Britainia Handia, Gales eta Txekiar Errepublikako beste sei garraio enpresarekin lehiatzen zen. Dbus sari hauetan aitortua izan da lehen ere, bai inplementatutako teknologikoengatik bai bere ordainketa sistemengatik.

Sari horiek azpimarratzen dute garraioa jasangarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin berrikuntzak egitearen alde garraio publikoko enpresak egiten ari diren lan bikaina. Epaimahaiak baloratutako jarduketen artean, autobuseko bidaia txartela QR kodearen bidez, Mugi, Bat eta Barik garraio txartelekin, kontakturik gabeko banku txartelekin eta lotutako gailu digitalekin ordaintzeko aukera ematea dago.

Era berean, ondo baloratutako beste jarduketa bat izan da ticketing datuetan oinarrituta erabiltzaileen jatorria-helmuga matrizea kalkulatzeko eta zerbitzua ematen ari den autobus bakoitzaren denbora errealeko okupazioa zenbatesteko ezarri den sistema. Baloratu da, halaber, geltokietan autobusaren zain dauden erabiltzaileak zenbatu ahal izatea, datozen egunetarako eskaera iragarri ahal izateko, baliabideak optimizatzeko.

Azpimarratzekoa da sariarekin aitortzen dela garraio publikoa asko erabiltzen dela (Donostia da autobusen erabilera indizerik handiena duen hiria; donostiar bakoitzak 200 bidaia inguru egiten ditu, Europako erabilera kopuru handienetako bat eta antzeko tamaina duten gainerako hirietako erabilera kopuruaren oso gainetik), autobus zerbitzua etengabe hobetzen dela (abiadura komertziala eta puntualtasuna handiak dira), zerbitzuetan maila teknologiko aurreratua duela, ticketing sistemaren hobekuntzak egin direla eta kutsatzen ez duten garraiobideen erabilera sustatzeko hainbat ekimen egin direla. Faktore horiek guztiak funtsezkoak izan dira epaimahaiaren baloraziorako eta sari ospetsu honekin jaso duten aitortzarako.