Berriak

Dbus, ticketing sistema berritzaileenak dituzten munduko 8 enpresen artean

TTG-Awards-Logo-2018_400x241Dbus da Transport Ticketing nazioartean prestigio handia duen sarirako zortzi finalistetako bat, Ordainketa Sistema Adimendunik Hoberena kategorian. Sariak mundu osoko garraio publikoko operadoreen eta enpresa teknologikoen bikaintasuna azpimarratzen du, garraioaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko asmoz ordainketa sistemetan berrikuntzak egitearen aldeko apustuari dagokionez. 

Zortzi finalisten artean, Dbus ez ezik Eskoziako eta Skaneko (Suedia) garraio publikoko enpresak daude edo Silverrail, Nación Servicios eta Masabi enpresa teknologikoak. Sektoreko profesionalek osatutako epaimahaikide batek aukeratuko ditu irabazleak, eta 2018ko urtarrilaren 23an, asteartean, Londresen egingo den zeremonian jakinaraziko dira irabazleen izenak.  

Autobusean bidaiatzea esperientzia erosoagoa eta errazagoa izatea ahalbidetzen duten ordainketa modu berritzaileak inplementatzen alde egind du apustua Dbusek eta horregatik izendatu dute sarirako. 2017ko otsailaz geroztik, Donostiako autobusetan Bizkaiko garraio txartela (BARIK) eta Arabakoa (BAT) erabili daitezke bidaia ordaintzeko. Era berean, pasa den udan Dbusek proiektu pilotu bat jarri zuen abian, bidaiak kontakturik gabeko EMV banku txartelarekin ordaintzeko. Proiektua 16 eta 45 autobus lineetan garatu zen, hiria bisitatzen duten pertsonek gehien erabiltzen dituzten lineak direlako. Ticketing sisteman egindako hobekuntza horiekin arinago ordaintzen da autobusean sartzean, eta geldialdi bakoitzean ematen den denbora murrizten da. Horrek, aldi berean, bidai denbora murriztea ahalbidetzen du eta zerbitzuen abiadura komertziala hobetzea ere bai.

Bigarren aldia da Dbus sari hauetarako izendatu dutela. Izan ere, 2013an Garraio Enpresa Berritzaileenaren kategorian finalista izan zen, Donostiako garraio publikoa hobetzeko teknologia berriak ezartzen azken urteetan egindako jarduketa ugariri esker. Gainera, ezarpen horiei esker Dbus erreferente bihurtu da nazioartean eta aitortza eta sari asko eskuratu ditu.