Berriak

Dbusek autobus bat eman dio Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkarteari

Donostiako Tranbia Konpainiak autobus bat eman dio Autobusaren Lagunak Gipuzkoako Elkarteari (AGABUS). Autobusa zaharra da, 2004an flotatik erretiratutakoa eta kotxetegietan zegoena. 318 ibilgailua da, Mercedes Benz markako 0405 modelokoa. Autobus hori 18 urtez ibili da Donostiako kaleetan.

DTK-k 1987an, Konpainiaren lehen zerbitzuaren mendeurreneko urte berean, Mercedes Benz markako lehen autobus sorta bat jaso zuen, 33 autobuseko sorta bat, eta horietako bat da Mercedes Benz markako 0405 modeloko ibilgailu hori. Ordura arte, hirian ibili ziren autobusak Pegaso markakoak izan ziren.

Autobus horiek sartutakoan, zoru altuko autobusak deiturikoak, hau da, eskailera mailak zituzten autobusak ez ziren gehiago erabili. Ibilgailu horiek kendu ahala, %100 irisgarriak diren eta zoru baxua eta mugikortasun urriko pertsonak edo haurren kotxeak/aulkiak sartzeko arrapala duten autobusak sartzen joan ziren, kendutakoen ordez.

Gaur egun, Dbus bere flota eraldatzeko prozesu batean murgilduta dago, eta bere helburua da 2030erako flotako ibilgailu guztiak %100 elektrikoak eta zero emisiokoak izatea. Jarduera hori egin ahal izateko, beharrezkoa da kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa eraldatzea, eta obra horiek 2024an hasi dira. Obra horiek 318 autobusa aparkatuta egon den eremuari eragiten diote zuzenean, eta, hori dela-eta, konpainiak autobusa bere instalazioetatik erretiratu behar izan du.

Ibilgailu hori flotatik erretiratu zenetik, Agabus arduratu da ibilgailua mantentzeaz. Horregatik, eta kotxetegietan mantentzeko lekurik eta baliabiderik ez dagoenez, Dbusek autobus horren dohaintza eskaini dio Elkarteari, eta dohaintza hori gauzatzeko akordio bat sinatu da gaur. Era berean, Agabusek konpromisoa hartzen du DTKrekin elkarlanean aritzeko ekitaldi berezietan, hala nola urteurrenetan, erakusketetan, etab., konpainiarekin lotutako hainbat material historiko eskainiz, baita, Dbusek hala eskatzen badio, gertakari puntual horietarako 318 autobusa utziz ere.

Urteak dira DTKren eta Agabusen arteko harremanak hasi zirela. Agabus ibilgailu hori mantentzeaz arduratu da ibilgailua flotatik erretiratu zenetik, eta, mantentze lan horrez gain, konpainiaren 125. 130. eta 133. urteurrenak direla-eta egindako erakusketetan ere lagundu du Elkarteak. Ekitaldi horietarako, Elkarteko kide batzuek DTKrekin lotutako hainbat material utzi zuten.

Autobusaren Lagunen Gipuzkoako Elkartea 2007an sortu zen. DTK-ko langile talde batek  sortu zuen, konpainiak jada erabiltzen ez dituen ondasun materialak mantentzearekin eta kontserbatzearekin lotutako jarduerak proposatzeko eta enpresa zuzendaritzarekin batera jarduera horietan aritzeko. 17 urte geroago, harreman hori sendotu egin da bi aldeek sinatutako akordio honekin.