Berriak

Dbusek elektromugikortasuna bultzatzen du ibilgailu elektriko gehiago sartuta

2015-09-25_RDP_Replicate_1_webDbusek “REPLICATE” proiektuan hartuko du parte, Donostiako Udalarekin batera,  hiri adimentsuaren eredu bat garatzeko. Ekimenaren helburua da efizientzia energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) bultzatzea hirietan, energia berriztagarrien erabilera sustatuz kontsumoa eta igorpen kutsatzaileak murrizteko.

“REPLICATE” proiektuan 36 bazkidek hartzen dute parte. Donostia, Bristol (Ingalaterra) eta Florentzia (Italia) hiri liderrak dira proiektuan, eta Essen (Alemania), Laussane (Suitza) eta Nilüfer (Turkia) hiriek, berriz, hiri jarraitzaile gisa hartzen dute parte. Hiri lider bakoitzak distritu bat aukeratuko du neurriak ezartzeko, eta Donostiak Urumearen ibai bazterra aukeratu du.  

Europar Batasunak 11 milioi euro jarriko ditu guztira proiekturako, eta horietatik 1.085.000€ Dbusentzat izango dira,
12 metroko bi autobus elektriko berri eta bi karga estazio jartzeko. Ibilgailu horiei eta pasa den urtetik Dbuseko lineetan jada martxan dagoen autobus %100 elektrikoari esker, Dbuseko 26 linean (Amara-Martutene) autobus elektrikoak eta hibridoak baino ez dira ibiliko.    

Horrela, Urumearen ibai ertzean (Erribera, Loiola, Txomin eta Martutenen), zaratarik eta igorpen kutsatzailerik gabeko garraio publikoko zerbitzua egongo da, zeina ingurumenarekin errespetutsuagoa izango den eta hiritarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko duen. Proiektua 2016ko urtarrilean hasiko da eta 5 urteko iraupena izango du.

Europako proiektu honetan parte hartuta, Dbusek agerian uzten du garraio publiko efiziente eta iraunkorra garatzeko konpromisoa hartuta duela, horretarako Donostian autobus elektriko eta hibrido berriekin kontsumoa murriztu eta elektromugikortasuna bultzatuta.   

Autobus elektrikoaren balantzea

IMG_3316_WEB22014ko uztailetik ari da martxan Irizarren i2e autobus elektrikoa Dbuseko lineetan –tartean 17 Linea (Gros-Amara), 21 Linea (Mutualitateak-Anoeta) edo 26 Linea (Amara-Martutene) daude –, eta emaitzak oso positiboak izan dira.  Europan dagoen lehen autobus %100 elektrikoa da. Ibilgailu isila da eta ez du kutsatzailerik igortzen ingurumenera, eta iraunkortasuna eta erabiltzaileentzako erosotasuna eta bizi kalitatea hobetzea bilatzen du. Erabiltzaileek, gainera, oso positibo baloratzen dituzte autobusaren funtzionaltasunak. Energiaren erabilera optimizatzeko helburuarekin diseinatu da, Dbusek dituen hiriko autobusen prestazioei eutsita eta hobetuta.

Aurten, Donostiako alde guztietan eta Dbuseko linea guztietan probatu da, eta gidari guztiek ere probatu dute, era guztietako egoera klimatologikotan. Autobusa gauez kargatzen da, Dbuseko kotxetegietan, ibilgailu horretarako bereziki garatu den kargagune batean. Emaitzek erakusten dutenez, ibilbide laua egiten duten lineetan ibili daiteke autobusa, eta gutxi gorabehera 15-16 ordu egin ditzake martxan, egunean gehienez ere 200 kilometro eginda. Orain, beste linea batzuetan 200 kilometro baino gehiagoko autonomia lortzea planteatzen da.

Ikusita zein emaitza onak izan dituen, Dbusek aurreikusita dauka ibilgailu elektriko gehiago sartzea flotan, europar proiektu batzuen baitan. REPLICATE proiektua da horietako bat.

Proiektu horiekin, autobus %100 elektrikoak sartuko lirateke etorkizunean. Batzuk 2 metro luze izango lirateke, gaur egun Dbusek duenaren modukoak baina optimizatutako beste funtzionaltasun batzuekin, eta beste batzuk, berriz, 18 metroko artikulatuak, linea hasierako eta bukaerako geltokietan kargatzeko aukerarekin. Izan ere, une honetan, 18 metroko autobus artikulatuek, gaueko kargaz gain, linea bukaerako geltokietan karga partzialak egin behar dituzte 200 km baino gehiagoko autonomia edukitzeko. 

Bukatzeko, esan dezakegu autobus elektrikoaren errotulazioa berritu dela eta diseinu berria duela. Orain, beraz, ikusgarriagoa da eta erabiltzaileentzako erosoagoa, eta errotulazio berrian “Donostia-San Sebastian 2016, Europako Kultur Hiriburua” logoa sartu denez, esan daiteke Dbusek eta Irizarrek Donostia-San Sebastian 2016arekin duten konpromisoa agerian dagoela. 

Gaur goizeko prentsaurrekoan, Mugikortasun eta Garraioetako zinegotzi Pilar Aranak adierazi du, Udal gobernuaren nahia dela lan egitea mugikortasun jasangarriaren, hiri berdearen eta oinezkoentzako hiriaren alde. Eta, helburu horiek lortzeko baliabideetako bat garraio kolektiboa da. Hori dela-eta, Aranak esan du, garraio kolektibo eraginkorra izateko lan egingo duela, hain zuzen ere, gutxi kutsatzen duen eta zarata gutxi egiten duen garraioaren alde.

Horren harian, Aranak eta Dbus-eko gerente Igor Gonzalezek adierazi dute, REPLICATE proiektutik lortutako milioi bat euro baino gehiagoko finantziazioak lagunduko duela Donostiak duen erronka garrantzitsuenetako bat hobetzen, hain zuzen ere, mugikortasun jasangarria, eta, beti, energia berriztagarriak sustatuz eta isurtze kutsagarriak gutxituz.

Arana eta Gonzalezekin batera, prentsaurrekoan Irizar taldeko lehendakari eta finantza zuzendari Gorka Herranzek ere parte hartu du. Bertan, Herranzek honakoa esan du: “Irizar taldeak sistema elektronikoek etorkizunean izango duten potentzialaren alde egiten jarraitzen du, baita hiri-garraioan liderrak izateko ere. Eta horretarako, jasangarriak izateko eta ingurumena hobetzeko lan egiten dugu”. Gorka Herranz, halaber, pozik dago azken lau urteetan Dbus-ekin izandako lankidetza dela-eta. Izan ere, lankidetza horri esker, autobús elektrikoa martxan jarri zen Donostian eta, egun, autobusa Donostiako linea guztietan frogatu da eta fidagarria da. Gainera, Dbus konpainiako gidari gehienek gidatu ahal izan dute autobus elektrikoa.