Berriak

Dbusen anezka zerbitzuak bidaia kopuru bikoitza egin du lehen 7 egunetan

Illunbeko aparkalekuaren eta Donostiako erdigunearen arteko doako anezka zerbitzuak erabiltzaile kopuruaren hazkunde handia izan du zerbitzuko lehen 7 egunetan, izan ere, 2.371 bidaia egin ditu, 2022ko garai berean egindakoak baino %68 gehiago, orduan 1.413 bidaia erregistratu ziren eta. 

Zehazki, 2023an batez beste 338 bidaiari erregistratu dira, 2022an erregistratutako kopuruaren ia bikoitza, orduan egunean 176 pertsona zenbatu baitziren batez beste.

Olatz Yarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “datu horiek erakusten dute bisitatzen gaituztenen artean zerbitzua arrakasta izaten ari dela eta gero eta ezagunagoa eta baloratuagoa dela haien artean, eta gure hirira modu eroso eta jasangarrian iristeko alternatiba bikain bihurtu dela”.

Gainera, Mugikortasun Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordio bat lortu dute, Gipuzkoako errepide nagusietan jarritako argi panelen bidez ekimen horren berri emateko.

Gabonetako kanpainan Donostiara autoz hurbiltzen diren pertsona guztien artean anezka zerbitzuaren erabilera sustatzen jarraitzeko, abenduaren 16tik urtarrilaren 6ra arte zerbitzua egunero eskainiko da, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik, egun horietan ez baita zerbitzurik egongo.