Berriak

Desgaitasuna duten pertsonekiko harremanaren gaineko prestakuntza eskaintzen jarraitzen du Dbus-ek gidarientzat

Bigarren urtez jarraian,  Dbusek prestakuntza ikastaro bat antolatu du gidarientzat, Gureaken laguntzarekin, desgaitasuna duten erabiltzaileekiko harremana eta tratua hobetzeko asmoarekin. Prestakuntzaren asmoa da gidariei tresnak eta teknikak ematea Dbusen zerbitzuak erabiltzen dituzten desgaituekin harreman egokia eduki dezaten.

Pasa den edizioan 60 gidarik parte hartu zuten, eta aurten, berriz, beste 60 gidari joan dira prestakuntza saioetara. Hau da, gidarien heren batek jaso du prestakuntza. Apurka-apurka gainerako langileek jasoko dute prestakuntza, izan ere, helburua da gidari guztiak prestatzea.

Prestakuntzaren edukiak

 Prestakuntzan desgaitasunaren gaineko oinarrizko kontzeptuak aztertzen dira, bai eta hainbat desgaitasunekin zerikusia duten ohiko egoerak eta desgaitasun fisiko, sentsorial edo psikikoren bat duten pertsonekin edozein egoeratan harremanak izateko beharrezkoak diren trebetasunak ere. Horretarako, prestakuntza kasu praktikoetan, bideoetan eta role playing-ean oinarritu zen. Metodologia horri esker, parte hartzaileek desgaitasuna duten pertsonen egunerokoan ohikoak diren egoerak esperimentatuko dituzte, haien lekuan jartzeko eta kolektibo horri eskaintzen zaion zerbitzua hobetzeko.

Aldian-aldian Dbuseko gidariek prestakuntza ikastaroak jasotzen dituzte hainbat arloren gainean, esaterako, ibilgailu moten gainean edo pertsonen arteko harremanen gainean. Beraz, ikastaro berri honekin prestakuntza hori sendotu egingo da, gaitasun desberdinak dituzten erabiltzaileekiko tratua landuta. Helburua da Donostian eskaintzen den eta Donostiako herritarrek hain ondo baloratzen duten zerbitzua egunez egun hobetzea.

Beste prestakuntza batzuk

 Horrez gain, azken hilabeteetan Dbuseko tailerreko langileek ibilgailu hibridoen mantentze lanei buruzko prestakuntza jaso dute, eta laster autobus elektrikoen mantentze lanetan trebatuko dira. Gaur egun, Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu eta 24 autobus hibrido. Era berean, bi proiektu pilotu abian dira; bat, 18 metroko autobus %100 elektriko bat probatzeko eta, bestea, autobus hibrido-elektriko bat probatzeko. Urte amaieran Dbuseko flotan beste 14 autobus hibrido gehiago egotea eta ingurumenaren aldetik flotarik iraunkorrenetako bat  izatea ere espero da.