Berriak

DTK-k garapenerako duen estrategia aurkeztu du mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldi batean

Gaur, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere esperientzia eta Donostiako hiri garraioan ezarritako irtenbiderik berritzaileenak partekatu ditu, Mueve (Mugikortasun Iraunkorra, Hirigintza, Ekipamendua, Espazio Publikoaren Balorazioa, Berdetzea eta Ekitatea) proiektu europarraren barruan Donostian antolatutako mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldian.  Garapen iraunkorreko 2030 Agendarekin bat etorriz, proiektuak San Jose metropoli eremuko (Costa Rica) tren elektrikoaren eragin esparruko 15 udalerrietan hiri garapen integrala sustatzea bilatzen du.

Jardunaldian, non Costa Ricako politikari ordezkari batzuek parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak eta erabilera indize altua eta abiadura komertzial handia (17,5 km/h) ez ezik erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea  ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez  autobuseko garraio publikoko zerbitzua eskainita eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema.

Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren Mugi, Bat eta Barik garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Kontakturik gabeko EMV banku txartelen bidez ordaintzeko sistema da aurkeztutako beste ticketing sistema bat. Sistema hori Dbuseko linea guztietan dago erabilgarri.

Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, funtsean azkar, eroso eta eraginkortasunez zirkulatuko duena. Linea horiek, gainera, Aenorren UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin. Ezarri diren eta erabiltzaileek ondo hartu dituzten neurrietako beste bat da gaueko zerbitzuetako eskaripeko geldialdien sistema, zeinarekin emakumeak eta 18 urtetik beherako pertsonak ibilbidearen geltoki ofizial jakin batzuen artean jaitsi daitezkeen.

Aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziako sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. Aurten 600.000 bidaia egin dira dagoeneko, eta 2021eko zifrak gainditu dira,12 hilabeteetan 468.000 bidaia erregistratu ziren-eta. Era berean, abonatuen errekor berria erregistratu da, 8.300 abonatu baitaude.

Ildo horretan, garraio iraunkorra bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean empresa aitzindaria baita eta 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri baitzuen zerbitzuan. Gaur egun, Dbusek flotarik iraunkorrenetako bat dauka, izan ere, 12 metroko autobus flotaren ia %60 elektrikoak edo hibridoak dira-eta.

Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresaren konpromiso soziala edo gizartearen balioekin duen konpromisoa azpimarratu du, hainbat elkarterekin duen harremanean eta kausa sozialen alde egindakoan eratu baita. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, fidagarritasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.