Eguzki energiaz elikatzen diren bi informazio panel berri instalatu ditu Dbusek
Eguzki energiaz elikatzen diren bi informazio panel berri instalatu ditu Dbusek autobus geltokietan. Donostian teknologia honekin funtzionatzen duten lehen bi panel elektronikoak dira. Panel horiek autobusen geltokietako iritsiera orduak ematen dituzte, bai eta erabiltzaileentzat interesgarriak diren beste abisu batzuk ere. Hirian instalatuta dauden gainerako panelen aldean, panel berriek elikatze sistema alternatibo eta berriztagarria erabiltzen dute, markesinen goiko aldean jarritako eguzki plaken bitartez elikatzen baitira.
Panelak E-MOBASK proiektu europarraren barruan instalatu dira, proiektuaren helburua Euskal Eurohirian garraio publiko erakargarriagoa, errazagoa eta iraunkorragoa bultzatzea da-eta. Zehazki, eguzki panel berri horiek Ategorrieta 65eko geltokian (14 eta 33 lineak) eta Mikeletegi 12koan (17, 28, 31 eta 35 lineak). Energia berriztagarriz elikatzen dira eta sare elektrikotik energia gutxiago kontsumitzea ahalbidetuko dute.
Led panelen kontsumoa 62 watt-ekoa da. Eguzki panelek energia jaso, eta bateria batean pilatuko dute, egunean panelek lanean egon beharko duten 18 orduetan energia hornitu ahal izateko. Bateria dimentsionatuta dago energia biltegiratuta edukitzeko eta egun bat baino gehiago jarraian zerua grisa eta lainotuta egonda ere panelak funtzionamenduan egon ahal izateko moduan. Esperientzia honen bitartez, panelen funtzionamendua monitorizatuko da aztertzeko ea beste geltoki batzuetan instalatu daitezkeen. Momentuz, probako lehen asteetako emaitzak onak izaten ari dira.
Dbusek Gipuzkoako beste bi enpresarekin batera garatu ditu panel horiek, Gekoin Ingenieros eta Argisun enpresekin batera, zehazki. Beste hiri batzuetan instalatuta dauden eta eguzki energiaz elikatzen diren informazio panelak ez bezala, horien kontsumoa txikiagoa baita, Dbusek erabilitako soluzioan Donostian martxan dauden panel elektronikoetan oinarritu dira, eguzki plakak sartzeko.
Erabiltzaileen %82k eskura dituzte panel elektronikoak.
Dbusek 114 panel elektroniko dauzka geltokietan, 2005ean lehenengoak instalatu zirenetik. Panelak batez ere markesina duten geltokietan daude kokatuta. Izan ere, markesina duten geltokien heren batek baino gehiagok informazio panel bat daukate iritsiera denboren eta beste gorabehera batzuen berri emateko. Horrek esan nahi du Dbuseko erabiltzaileen %82k panel elektrikoren bat dutela geltokietan. Era berean, Dbusek unitate gehiago instalatzea espero du, erabiltzaileentzako informazio zerbitzua hobetzeko asmoarekin.
Gainera, Dbusek mugikorretarako doako aplikazio bat dauka iOSerako. Androiderako eta Windowserako, iritsiera orduak azkar eta erraz kontsultatu ahal izateko, edozein lekutatik eta edozein unetan. Web orrian ere kontsultatu daitezke iritsiera orduak.
E-MOBASK proiektua Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak (FEDER) kofinantzatu du %65ean, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra programaren bitartez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia-Frantzia-Andorra mugako eremuaren integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Batez ere mugaz gaindiko jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak garatzen laguntzen du, lurralde garapen iraunkorraren aldeko estrategia bateratuen bitartez.