Berriak

Exterion Media enpresari esleitu dio Dbusek Donostiako autobusetako publizitatearen kudeaketa

Duela hilabete batzuk argitaratu zen Donostiako autobusetako publizitatea ustiatzeko lehiaketa publikoa, eta orain Dbusek Exterion Media enpresari esleitu dio lizitazioa.

Kontratuak 3 urteko iraupena edukiko du, baina urte batez luzatu ahal izango da bi aldiz. Kontratuaren barruan, berriz, lan hauek sartzen dira: Dbuseko flotako autobusetako publizitate materialaren kudeaketa komertziala, ekoizpena eta inprimaketa, eta jartzeko eta kentzeko lanak. Elementu ekonomikoei begira, Exterion Mediarena baldintzarik hoberenak dituen eskaintza da.

Ezaugarri teknikoei dagokienez, eskaintza irabazleak soluzio berritzaile bat proposatzen du publizitatea autobusetan jartzeko. Zehazki, ebaketa haria duen soluzioa proposatzen du, zeinak karrozeriaren gaineko beste edozein elementu ebakitzaile kentzen baitu. Jarraipenerako sistema informatiko bat ere eskaintzen du, zeina bere modularitateagatik, eskalagarritasunagatik eta autonomiagatik nabarmentzen baita, eta sistema horrekin agintzen du flotaren egoeraren jarraipena egingo duela publizitate kanpaina bakoitzaren aurretik eta ondoren. Horrekin batera, gainera, seihilekoko auditoria plan bat dauka, non eguneroko/aldizkako ikuskapenak, auditoria etengabeak eta gorabeherak epe laburrean ebaztea aurreikusten diren.

Dbusek 134 autobus ditu, eta horietatik 28 18 metroko autobusak dira, 92 12 metrokoak, 3 9,7 metrokoak eta 11 mikrobusak. Kontratuan, halaber, flotan sartzen diren autobus berrietako publizitatearen ustiapena sartuko da.  

Exterion Media da kanpoko publizitatearen alorrean Europan dagoen konpainia aitzindarietako bat, eta aditua da kanpoko audientziak bereganatzen hainbat formatu eta inguruneren bitartez, tartean direla garraiobideak, publizitate hesiak, eta hiriko altzariak eta merkataritza guneak. Garraiobideen segmentua da negozio osoaren %70, Europan. Gaur egun, Londresko hiri autobusetako eta metroan, Erresuma Batuko trenetan, Holandako tren eta tranbietan eta Irlandako estatuko garraio konpainia globalean (CIÉ) jartzen den publizitatea ustiatzen du. Estatuan Exterion Mediak 9 ordezkaritza eta 15 bulego dauzka  gaur egun, eta Formatu Handiko 8.300 euskarri baino gehiago komertzializatzen ditu eta 4.500 autobus baino gehiago.