Berriak

Hasi dira Dbusen autobus %100 elektriko artikulatuaren lehen probak

Miramonen, hasi dira jada lehen autobus %100 elektriko artikulatua probatzeko egingo den proiektu pilotuaren garapenerako beharrezkoa den azpiegitura instalatzeko lanak. Irizar Taldeak fabrikatutako autobusa da probatuko dena eta Dbuseko 28-Amara-Ospitaleak linean egingo dira probak.

Proiektua uda inguruan hasiko da, eta gutxi gorabehera 6 hilabete iraungo du. Dbusek Irizar ie tram modeloa probatuko du; 18 metroko autobus artikulatu bat da, %100 elektrikoa, eta Kotxetegietako karga guneaz gain aukerako karga bat ere behar du ibilbidean zehar. Aukerako karga hori 28 linearen linea buruko geltokian egingo da, Miramonen, eta hortxe jada hasi dira lanak egiten.

Autobusak, Miramoneko linea bukaerako geltokira iristen den bakoitzean, 5-6 minutuko karga bat egingo du. Autobusak pantografo bat edukiko du, zeina autobusaren sabaian zabalduko den eta karga zutoinarekin konektatuko den, 600kW-potentziako karga jasotzeko. Horretarako, Miramonen karga horretarako beharrezkoa den azpiegitura instalatzen ari da: pantografoa eta karga estazioak Obrak hasteko, karga estazioen elementuak jartzeko behar den lekua prestatzen ari da, eta datozen asteetan pantografoa eta karga estazioak beraiek kokatuko dira, eta elementu bien arteko konexio elektrikoak egingo dira.

Ibilgailuaren lehen probak

Datozen egunetan, halaber, ibilgailuaren lehen probak egingo dira, zirkulazioan, eta kontsumoen hasierako kalkuluak egiteko eta ibilbidearen zati jakin batzuk aztertzeko balioko dute. Horretarako, jada jarrita dago Kotxetegietako karga gunea, zeinarekin autobusa kargatuko baita hasierako proba hauetan.

Lehen proba horiek bidaiaririk gabe egingo dira eta autonomia mugatuarekin, izan ere, autobusa Kotxetegietan baino ez da kargatuko. Obrak amaitu ondoren eta pantografoa eta karga estazioak instalatu eta baliozkotu eta gero, autobus %100 elektriko artikulatua ibilbide osoa egiten hasiko da, bidaiaririk gabe, eta ondoren zerbitzua ematen hasiko da 28-Amara-Ospitaleak linean eta bidaiariekin.