Berriak

Iraila izan da Dbusek bere historian izan duen erabilerarik handieneko hilabetea

2023ko iraila izan da, Donostiako udalerrian,  Konpainiaren historian Dbus zerbitzuak gehien erabili diren hilabetea. Zehazki, 2.657.183 bidaia erregistratu dira, pasa den urteko irailean baino %15,13 bidaia gehiago, orduan 2.254.978 bidaia erregistratu ziren eta.

Zifra horien arabera, 2023ko iraila da Dbusek eskari gehien izan duen bost hilabeteen rankingaren barruko lehena. Hauek dira, hain zuzen, bost hilabete horiek:

  1. 2023ko iraila: 2.657.183 bidaia
  2. 2019ko urria: 2.641.815 bidaia
  3. 2023ko abuztua: 2.621.695 bidaia
  4. 2018ko abuztua: 2.599.594 bidaia
  5. 2011ko martxoa: 2.592.816 bidaia

Era berean, irailaren 30a izan da Konpainiaren historian erabiltzaile gehien erregistratu deneko larunbata, Aste Nagusiko eta San Tomaseko larunbatak kenduta. 90.443 bidaia erregistratu dira, 2019ko larunbatetan batez beste erregistratu ohi zirenak baino %25,8 gehiago.

Dbusen zerbitzuen eskariaren igoera hori, halaber, QR txartelarekin ordaintzeko sistema abian jartzeak eraginda izan da, duela aste batzuetatik Dbusen autobus linea guztietan erabilgarri baitago. Sistemak aukera ematen du bidaia txartela QR dinamiko baten bitartez ordaintzea autobusaren barruan. Dbusen app ofizialaren bidez eskuratzen da QR kode dinamiko hori. Bidaia txartelen lau modalitate daude (30 minutukoa eta egunekoa, 30 minutuko eta gauekoa; 24 ordukoa; eta 48 ordukoa). Sistema abian jarri denetik 500 unitate gutxi gorabehera saldu dira.

QR kodearekin ordaintzeko modua Europako E-MOBASK proiektuari eta Next Generation funtsei esker inplementatu da. Zehazki, E-MOBASKek eguneko eta gaueko 30 minutuko QR txartelen garapena finantzatu du, eta 24 orduko eta 48 orduko QR txartelen garapena, berriz, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren bidez (MITMA) lortutako Next Generation funtsei esker egin da.