Berriak

«Liburu bat, bidaia bat», garraio publikoan irakurketa sustatzeko ekimena

Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek «Liburu bat, bidaia bat» ekimena abiarazi dute, autobusean irakurtzen doazen bidaiariei liburu bat eta doako autobus-bidaia batzuk oparitzeko. 

Ekintza ostiralean egingo da (maiatzaren 13an) hiriko autobus-linea batzuetan, eta Literaktum festibaleko programazio zabalaren parte da. 

02A_RGB

Ostiral honetan, maiatzaren 13an, goizean goizetik, Donostia 2016ko hamar boluntario baino gehiago hiriko hainbat autobus-lineatan ibiliko dira, irakurtzen ari diren herritarrak identifikatu eta haiei liburu bat eta autobusean doan bidaiatzeko txartel bat emateko. 

«Liburu bat, bidaia bat» da Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek batera abiarazi duten ekimenaren izena. Helburua garraio publikoetan irakurketa sustatzea da. Iaz Errumaniako Cluj-Napoca hirian egin zen antzeko ekimen batean inspiratutako ideia bat da. 

Aurreikusi da boluntarioek ehun bat liburu entregatzea. Binaka joango dira eta behar bezala identifikatuak egongo dira; liburuak, berriz, Hiriburutzaren hainbat proiekturekin lotutakoak izango dira. Gainera, liburu adina autobus-txartel banatuko dituzte boluntarioek, irakurle bakoitzarentzat bat, ostiralean eta larunbatean Dbuseko sare osoan doan bidaiatzeko.

Txartelek ez dute mugarik izango, eta Dbusen edozein lineatako edozein ibilbide egiteko erabili ahal izango dira. 

 

Literaktumekin bat egiten duen ekintza bat 

«Liburu bat, bidaia bat» Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Dbusek Literaktumen programari egiten dioten ekarpena da. Festibalak 40 gonbidatu ditu aurten; hogei bat jardueratan parte hartuko dute, literatura publiko guztietara zabaltzeko helburuarekin. 

Festibala maiatzaren 3an hasi zen eta, kultur etxeetan, liburutegietan, liburu-dendetan eta Donostiako beste espazio batzuetan hamaika egun eman eta gero, larunbatean amaituko da, maiatzaren 14an.