Berriak

Man Truck & Bus-en Turkiako, Alemaniako eta Espainiako ordezkaritzen bisita jaso du Dbus-ek

Dbusek MAN Truck & Busen Turkia, Alemania eta Espainiako ordezkaritzetako talde baten bisita jaso du. Autobus elektrikoen produktu eta garapeneko ingeniariek osatzen zuten taldea. Lan jardunaldi horiek Kotxetegietan egiten ari den elektrifikazio prozesuaren barruan egin dira.

Datozen 12 hilabeteak funtsezkoak dira autobus flota deskarbonizatzeko trantsizioan, denbora tarte horretan Dbusek aurreikusten baitu beste 43 autobus erabat elektriko gehiago jasotzea. Horrela, flotaren %33 autobus %100 elektrikoak izango dira 2025eko lehen hiruhilekoan. Autobus horien guztien erosketa MAN Truck & Bus Iberiari esleitu zaio, eta Next Generation funtsen bidez finantzatuko dira, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) dirulaguntzari esker.

Hori dela eta, Dbusen eta MAN Truck & Busen arteko topaketarako jardunaldi hauek antolatu dira, garatzen ari diren lanen berri emateko elkarri, eta Dbusen elektrifikaziorako egingo den eraldaketan inplikatutako alde guztien arteko sinergiak ezartzeko.

Jardunaldiak oso aberasgarriak izan dira, eta gai batzuetan sakontzeko aukera eman dute, esaterako, autobus elektrikoen garapenean, gure instalazioen kargako azpiegitura elektrikoetan, karga puntuen eta kudeaketa softwarearen arteko komunikazio protokoloetan; azken batean, Dbusi zerbitzuaren benetako egoeraren kontrola izatea eta arazoen konponbidean aurrea hartzea ahalbidetuko dioten soluzioetan sakondu ahal izan dute.

Bilera horietan, gainera, Dbusek bere segurtasun plan berria aurkeztu du. Plan horretan jasotzen dira elektrifikazioaren ondorioz aurre egin beharreko erronka berriak, besteak beste, suteen aurkako plana eta atoian eramateko probak.

Elektrifikazio lanak

 Joan den urtarrilaren 22an hasi ziren kotxetegietako instalazioen azpiegitura elektrikoa berritzeko lanak. Obra honen helburua da linea elektriko baten trazadura egitea, Egiako banaketako azpiestazio transformatzailetik Kotxetegien ingurura, gutxi gorabehera 1,5 kilometroko trazadura, non sekzionamendu zentro bat egongo den, eta zentro horretatik, zuzeneko hornidura elektrikoaren banaketa hasiko da, transformazio zentroetatik igarota. Gaur egun, trazaduraren %35 eginda dago; beraz, obra gauzatzeko aurreikusitako epeak betetzen ari dira, maiatzaren amaierarako bukatzea espero baita.

Kotxetegien instalazioen barruan, berriz, aparkalekuko 119 plazetako hartunea egokitzen ari da, horri esker autobus elektriko berriak gehitu ahal izango dira-eta.