Berriak

Transdev-eko ordezkaritza batek Dbus bisitatu du

Dbusek Transdeveko ordezkaritza baten bisita jaso du bere instalazioetan. Transdev Frantziako garraio operadore bat da, 18 herrialdetan presentzia duena, eta horietan autobus, tranbia eta metro zerbitzuak eskaintzen ditu. Ordezkaritzarekin batera, Hupi zerbitzu teknologikoen hornitzailearen langileak ere izan dira. Kide horiek guztiek Kotxetegietako instalazioak ikusi ahal izan dituzte, bai eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu ere.

 

Transdevek interes berezia erakutsi du Dbusen ezarritako azken irtenbide berritzaileen aurrean, hala nola geltokien sentsorizazio sistema, horrek ahalbidetzen baitu geltokian dauden erabiltzaileen zenbaketaren kontrol ia zehatza, eskariaren aurreikuspena egitearekin batera. Bisitan, halaber, big datatik abiatuta konpainiaren autobusetako bidaiarien jatorri-helmuga matrizea eratzeko Dbusek erabiltzen duen programa berritzailea ikusi ahal izan dute. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileen bidai ohiturak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Ildo horretan, ordezkaritzak Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak ere ezagutu ahal izan ditu. Proiektu horiek aurreikuspen analisi adimenduneko proiektuak dira eta, autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatuak, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko ere baliatzen dira, mantentze prediktiboa hobetuz, alertak ezarriz, zerbitzuko gorabeherak argituz, etab.

Hitz batean, sistema horien helburua da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea, sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu nazioarte mailan hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du eta etorkizuneko ikuspegi berri bat ere bai, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz gain.