Uruguaiko ordezkaritza baten bisita eduki du Dbusek
Egun hauetan gure lurraldean egiten ari den Go Mobility azokaren barruan, Dbusek Uruguaiko ordezkaritza baten bisita eduki du, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Ficobak elkarlanean antolatuta. Ordezkaritzako kideek Kotxetegietako instalazioak ikusi ahal izan dituzte, bai eta Donostiako autobusen flotan ezarritako azken aurrerapen teknologikoak eta autobus elektrikoak zehaztasunez ezagutu ere.
Montevideon hiriko garraio zerbitzua eskaintzen duen CUTCSA Garraio Kolektiboko Uruguaiko Konpainiako zuzendari gerente Fernando Barcia Porrok, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako ordezkari Gabriel Arancibiak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Enpresa Garapen eta Nazioarteratzeko zuzendari Amaia Ferrok osatu dute ordezkaritza. Dbusen, konpainiako zuzendari gerente Igor Gonzalezek, Zuzendariondoko Javier Vallejok eta zuzendari tekniko Eduardo Gonzalezek egin diete harrera.
Bisitan, autobusak eta gidarien ordutegiak antolatzen erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak eraginkortasunez kudeatzen uzten duten planifikazio sistema adituak ezagutu ahal izan ditu Uruguayko ordezkaritzak. Horrela zerbitzua optimizatu egiten da, pertsona erabiltzaileei ordutegi zabalagoak eta maiztasun hobea eskainiz eta aldi berean flotako autobusak eta gidariei esleitutako ordutegi ezberdinak koordinatuz. Era berean, Dbusen ezarritako beste sistema batzuk ezagutu dituzte, zehazki, puntualtasunean eta abiadura komertzialean puntuazio altuak edukitzea eta donostiarrek autobusak asko erabiltzea ahalbidetzen duten sistemak.
Bisitan, halaber, Dbus flotako autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu dute, eta ibilgailu horien karga sistema ikusi. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 38 autobus hibrido. Ibilgailu horiek garbiak dira eta ingurumenarekiko errespetutsuak, eta erabiltzaileek oso ondo baloratzen dituzte.
Bukatzeko, ordezkaritzak baieztatu ahal izan du zerbitzu teknikoaren lana, egunero autobusetan gerta daitezkeen gorabeherak konpontzeaz eta autobus flota ahalik eta baldintzarik hoberenean egoteko aldian-aldian ibilgailuei egin beharreko mantentze lanak egiteaz arduratzen baita. Ordezkaritzak ikusi ahal izan du, baita ere, nola antolatzen den lana eta nola sailkatzen den ondoren dokumentazioa, zehaztasunez artxibatzeko eta edozein unetan kontsultatzeko moduan egoteko.
Dbusen oso garrantzitsutzat jotzen dugu hiriko garraioaren hobekuntzan lanean ari diren nazioarteko enpresa eta erakundeekin harremanetan egotea, bere testuinguru partikularreko premietan zentratuta baina ikuspegi globalarekin, izan ere, kanpoko esperientzietatik ikasteko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko ikuspegi berri bat lortzea ere, lankidetza berriak eta baterako proiektuak sortzeko aukerak irekitzeaz aparte.