Dbus-ek, dibertsitate funtzionala duten pertsonekin eta adineko pertsonekin batera, autobusen ezaugarriak aztertu ditu
Dbus bi egunetan aritu da lanean dibertsitate funtzionala duten pertsonekin eta adineko pertsonekin autobusen ezaugarriak eta funtzionaltasunak aztertzeko. Lan saio horiek Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailaren eta Donostia Lagunkoia programaren laguntzarekin egin dira. Programa horrek adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta hiria leku atseginago bat bihurtzeko lan egiten du.
Kotxetegien instalazioetan egindako saioetan, Begiris, Begisare, Elkartu, Gautena eta ONCE elkarteetako kide batzuk eta Donostia Lagunkoiarekin lankidetzan aritzen diren adineko pertsonak batzuk Dbuseko hainbat departamentutako arduradunekin batera aritu dira autobus flotaren ibilgailuen ezaugarriak eta hiri garraioa kolektibo horientzat garraiobide irisgarriago, atseginago eta seguruago bihurtzeko egin daitezkeen hobekuntzak ere aztertzen.
2009az geroztik, Dbuseko autobus guztiak %100 irisgarriak dira, izan ere, zoru baxua eta arrapala dituzte aulki gurpildunak edo haurren kotxeak dagokien lekura iristeko. Era berean, 2020. urtearen amaieran flotan sartutako azken ibilgailuek hainbat hobekuntza dituzte, hala nola barra guztietan geldialdia eskatzeko sakagailuak eta braillez egindako errotulazioarekin, mugikortasun urriko pertsonentzako eserleku guztiak (eserleku berdeak) autobusaren martxaren noranzkoan kokatuak eta eserleku eredu berri eta ergonomikoago batekin, erdiko aldean haurren kotxeetarako eta aulki gurpildunetarako leku gehiago, sarrera zabalagoarekin eta oztoporik gabe, maniobrak errazago egin ahal izateko, edo kontraste handiagoa kanpoko zein barruko karteletan.
Azken urteetan Dbus bere historiako berrikuntzarik handiena egiten ari da, eta une honetan ibilgailuek 6,7 urte dituzte batez beste. Ildo horretan, aurreikusita dago urte amaieran flotako lehen autobus artikulatu hibridoak zerbitzuan sartzea, eta autobus horiek ere esandako ezaugarriak izango dituzte.