Berriak

Dbus-ek hitzarmen sinatu du genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko

Dbusek, garraio publikoko 8 operadorerekin batera, lankidetza hitzarmen bat sinatu du gaur, ekimenari atxikitako 8 erakundeetakoren bateko kide izan eta genero indarkeriaren biktima diren langileen enpresen arteko mugikortasuna errazteko. Dbusez gain, hauek dira hitzarmen honekin bat egin duten enpresak: Ferrocarrils de la Generalitat de Catalunya (FGC), TUGSAL, Emtusa, Alsa, TRAM, Sagales eta Vectalia.

Hitzarmenaren helburua da genero indarkeriaren biktima diren langileei lan alternatiba bat eskaintzea, eta erasotzailearengandik urruntzen laguntzea, babes sozialeko beste neurri batzuk seguru eskuratzeko modua eskainiz. Horrela, enpresa sinatzaileren batek plantillan genero indarkeriaren biktimatzat jotzen den langile bat badu eta langile horren kasuari erantzun behar badio, hitzarmenaren babespean jartzen diren gainerako enpresekin harremanetan jarri ahal izango da, eta horietako batean lan egiteko lanpostuen proposamenak jaso ahal izango ditu.

Lan alternatiba bat eskaintzeko aukera, hitzarmen honetan jasotzen den bezala, genero indarkeriaren aurkako babes integraleko neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoak baldintza horietan dauden emakume langileei dagokienez ematen dituen mandatuan eta babes berezian oinarritzen da. Lege Organikoak berariaz aurreikusten du genero indarkeriaren biktima den langileak mugikortasun geografikorako eskubidea duela, bai eta langabeziara jotzeko eskubidea ere, lan harremana deuseztatu beharrean ikusten badu bere burua. 2018an, Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialak dagoeneko akordio bat lortu zuen langile publikoen babesaren arloan, eta, hala, estatuko administrazioen arteko mugikortasuna eta neurri bereziak ezarri ziren.

Zortzi konpainiek agintzen dute langilearentzat proposatuko duten lanpostuaren ezaugarriak hark jatorrizko enpresan betetzen zuen lanpostuak zituenen ahalik eta antzekoenak izango direla, eta langilea lanpostu horretan benetan hartuko duela. Langileak lanpostua gordeta izango du jatorrizko enpresan.

 Berdintasunarekiko konpromisoa

Dbusek ahalegin guztiak egin ditu erakundearen barruan berdintasuna sustatzeko. Hala, 2010ean, I. Berdintasun Plana jarri zuen abian, eta urte horretan bertan, Emakumearen Euskal Erakundeak – Emakunde“Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde Laguntzaile” gisa aitortu zuen. Gaur egun, Dbus III. Berdintasun Plana ezartzen ari da.

Era berean, 2018tik, Dbus BAI SAREAko kidea da, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean laguntzen duten erakundeek osatutako sareko kidea, alegia, lan eremuan berdintasuna bultzatzeko eta bermatzeko helburuarekin.

Gaur sinatutako hitzarmen honekin, Dbusek irmoago bultzatuko du erakundearen berdintasun politikaren egungo mailak hobetzen jarraitzera.