Dbusek 17-Gros-Amara-Miramon linea elektrifikatuko du
Donostiako hainbat lineatan egindako elektromugikortasuneko proiektuen ostean, Dbusek erabaki du BEI (Bus Elektriko Adimenduna) sistema inplementatzea 17-Gros-Amara-Miramon linean. Linea horrek Erdigunea eta Gros autobus geltokiarekin eta Renfeko geltokiarekin lotzen ditu, baita Amararekin, Donostiako Ospitaleen gunearekin eta Miramongo parke teknologikoarekin ere.
Linea horren elektrifikazio osoa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatuko duten hitzarmenari esker egingo da.
2014an 12 metroko lehen autobus %100 ekektriko jarri zen zerbitzuan, eta harrez gero Dbusek hainbat ibilgailu elektriko probatu ditu, euren funtzionamendua egiaztatzeko eta linea bat guztiz elektrifikatzeak dakartzan beharrak aztertzeko. Era berean, 17 linea da Dbusen bidaiari gehien dituen laugarren linea (2.020.000 bidaia 2018an), eta etengabe ari da hazten.
Horren erakusgarri da lineak lanegunetan 1.300 bidaia egiten dituela 12 metroko autobuseko. Bidaia kopuru hori 5-Benta Berri lineakoaren antzekoa da, hor 1.286 bidaia izaten baitira lanegunetan 18 metroko autobuseko.
17 lineak 12 metroko autobusekin ematen du zerbitzua eta linea elektrifikatuta autobus horiek 18 metroko 9 autobus elektriko artikulatuekin ordezkatuko lirateke, autobusen kapazitatea hobetuta eta erosotasun handiagoa eskainita erabiltzaileei.
Proiektua martxan jartzeko beharrezkoa izango da 9 autobus elektriko artikulaturen erosketa lizitatzea. Horietako zazpik linean emango dute zerbitzua eta bi erreserban utziko dira.
Erakundeen arteko hitzarmena
2018ko otsailean, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lankidetzako protokolo orokorra sinatu zuten, Donostian “Smart Mobility”-rekin (mugikortasun eraginkorra eta integratua) lotutako zenbait jarduera gauzatzeko, eta horien artean zegoen BEI sistema.
Protokolo horretan jarritakoari jarraituz, hiru erakundeek aurreikusita dute lankidetza hitzarmen bat onartzea, proiektua erredaktatu eta geroko Bus Elektriko Adimendunaren (BEI-BEA) ezarpenerako, Donostiako 17-Gros-Amara-Miramon linean.
BEI sistemak gutxienez neurri hauek hartzea eskatuko luke:
– %100 elektrikoak diren zero igorpeneko autobus elektriko artikulatuak sartzea eta karga puntuak instalatzea.
– Bus bide gehiago egitea eta semaforoz autobusei lehentasuna ematea
- Hobekuntzak autobusen sarbideetan ontziratze denborak optimizatzeko.
- Hobekuntza irisgarritasunean.
- Sistema adimendunen ezarpena kudeaketarako, gidatzeko eta komunikaziorako.
Dbuseko 17 linea BEI linea bihurtzeari dagokion eraikuntza proiektuaren garapenerako eta ondorengo ezarpenerako jarritako lanen aurrekontua 40.000.000€-koa izango da (BEZ barne), epea gutxi gorabehera 4 urtekoa (2019-2022) delarik.