Donostiako herritarrek oso ondo baloratzen dute hiriko garraio publikoa
Donostiako Udalak Herritarren Pertzepzioen gaineko Inkestaren emaitzaren berri eman du. Inkesta hiriaren 2020ko Plan Estrategikoaren jarraipenerako lanetako bat izan da. Inkestaren ondorioa izan da Donostiako herritarrak oso pozik daudela hiriko bizimoduarekin; izan ere, 8,75 puntu eman diote bertako bizimoduari, 10 puntutik. Garraio publikoa izan da donostiarrek hoberen baloratutako alderdietako bat, 7,7ko puntuazioa eman baitiote. Herritarren ustez, zerbitzurik hoberena da hiriko azpiegituren eta ekipamenduen atalean.
Hiriak eta hiriaren perspektibek eta erronkek biztanleengan zer sentimendu sortarazten duten aztertzeko balio du inkestak. Halaber, aurretik egin diren inkestekin alderatuta, herritarren balorazioan egon den aldaketa ikusteko ere balio du (2005 eta 2008).
Inkestaren emaitzek erakusten dutenez, garraio publikoa (7,7) beste zerbitzu batzuen aurretik kokatzen da, horien artean egonik osasun laguntza eta ospitalekoa (7,53), parkeak eta lorategiak eta horrelako berdeguneak (7,04) edo kultura-guneak (6,97). Halaber, garraio publikoarekin gogobeteta dauden lagunen portzentajea %90,8 da, osasun laguntza eta ospitalekoa %91, parkeak eta lorategiak eta horrelako berdeguneak %86,6 eta kultura-guneak %81,6.
Inkesta Datakey Institutuak gin du 2017ko ekainaren 13tik 30era bitartean, 16 eta 74 urte bitarteko pertsonei telefonoz egindako elkarrizketen bitartez. Laginak ± %4ko gehieneko errore estatistikoa dauka, eta konfiantza maila %95ekoa da.
Laginaren banaketa donostiar populazio osoarekiko proportzionala izan da, auzoen, sexuen eta adinen arabera. Sei gune geografikotan banatu da. Amara (Berri eta Zaharra), Mendebaldea (Añorga, Errotaburu, Zubieta, Ibaeta, Berio, Ondarreta, Lorea, Bentaberri, Antiguo, Igeldo eta Aiete), Erdialdea (Mirakontxa, Erdialdea, Alde Zaharra), Ekialdea (Gros, Egia, Intxaurrondo, Ulia) Altza-Bidebieta eta Loiola-Zorroaga-Martutene.
Inkesta osorik: www.donostia.eus