Mugikortasun Klusterreko eta Garapenerako Banku Interamerikarreko ordezkariak Dbus-en izan dira
Gaur, Garapenerako Banku Interamerikarraren ordezkaritza bat, Euskadin barna bisita tekniko bat egiten ari dena, Dbuseko instalazioetan izan da, Mugikortasun eta Logistika Klusterreko kide batzuen laguntzarekin. Ordezkariek kotxetegietako instalazioak bisitatu ahal izan dituzte, eta Donostiako autobusen flotan ezarritako punta-puntako aurrerapen teknologikoak zehaztasunez ezagutu dituzte.
Era berean, ordezkariei interesa piztu diete Dbusen ticketing sistemak eta eskudirutan ordaintzeko erabiltzen den sistemaren bilakaerak. Sistema hori, hain justu, urte hauetan guztietan ezarri diren tarifa politikei esker finkatu da, noizbehinkako bidaiariak zigortu baitituzte ohiko bidaiarien alde eginda, bai eta Lurraldebus-MUGI garraio txartel intermodalari eta Gipuzkoako Tarifa Bateratuari esker ere.
Bide beretik, Dbus autobus guztietan BAT (Araba) eta BARIK (Bizkaia) txartelek duten interoperabilitatearen berri jaso dute, eta baita EMV kontakturik gabeko banku txartelarekin ordaintzeko proiektu pilotuaren berri ere, 16-Igeldo eta 45-Renfe-Bus geltokiak-Antigua-Aiete lineetan. Sistema berritzaile honek aukera ematen du eguneko noizbehinkako bidaia txartela kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin zein sakelakoetako aplikazio batzuekin ordaintzeko. Espero da udarako sistema flota osora zabaldu ahal izatea.
Era berean, Dbusek bere flotan dituen autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute ordezkariek bisitan. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta proiektu pilotu bat egiten ari da 28 autobus linean Irizar ie tram probatzeko. 18 metroko autobus %100 elektrikoa da ie trama, zero igorpenekoa, artikulatua eta ibili bitartean kargatzeko aukera duena. 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta lineetan egiten ari den proiektu pilotua ere ezagutu dute, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektrikoa probatzen ari diren.
Azkenik, flota osatzen duten autobus hibridoak ikusi dituzte. Dbusek, oraintxe bertan, 24 autobus hibrido ditu, eta espero da datozen asteetan, ezaugarri horiek dituzten 14 ibilgailu gehitzea. Era horretan, ingurumenari begira iraunkorrenetako bat izango den flota osatuko du.