Category : Feder funtsak

Dbizi-k Tarteko Geldialdia aurkeztu du

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, “tarteko geldialdia” aurkeztu du gaur goizean. Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen duten funtzionalitate berria da. Funtzionalitate horrekin, erabiltzaileak gehienez ere 30 minutuko geldialdia egin dezake, egiten ari den ibilbidean, Dbiziko geltoki batean aparkatu beharrik gabe.

Gaur goizean aurkeztu da funtzionalitate berria, Donostiako Udaletxean, eta aurkezpenean parte hartu dute Olatz Yarza Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak eta Igor Gonzalez Donostiako Tranbia Konpainiako zuzendari gerenteak, hau da, Donostiako bizikleta sistema publikoa kudeatzeaz arduratzen den enpresako zuzendari gerenteak.

Olatz Yarzak nabarmendu duenez, “sistema horren kalitatea are gehiago hobetzeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta funtzionalitate berriak sartzen ari gara, bizikleta publikoa izan dadin hirian mugitzeko lehen aukeretako bat. Duela gutxi Geltoki+ aurkeztu genuen, giltzarrapo adimendunari esker geltoki gehiago izateko aukera, eta orain zerbitzua osatu dugu funtzio berri honekin, zeinarekin bizikleta erakargarriago izatea eta jendeak bizikleta garraiobide gisa aukeratzea bilatzen den”.

Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, aukera hau aktibatu beharko da Dbiziren apparen bidez, bidaia atalean, betiere giltzarrapoa itxi aurretik; izan ere, geldialdia aktibatu gabe ixten bada, bizikleta aparkatzea ezinezkoa izan dela jakinaraziko du appak. Kasu horretan, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikletaren giltzarrapoa irekitzeko eta app bidez tarteko geldialdia aktibatzeko.

Gehienez 30 minutuko geldialdia egin ahal izango da, eta denbora tarte horretan bidaia irekita egongo da, erabiltzaileak bidaia Dbiziko geltoki batean edo Geltoki+ plaza batean amaitu arte.

Igor Gonzalezek adierazi du ziur dagoela funtzionalitate berri hau oso ondo baloratuko dutela erabiltzaile guztiek, “denbora irabaztea ahalbidetzen duelako, enkarguak edo izapide azkarrak egiteko baliatu baitaiteke ibilbidea. Horrela, Dbizik herritarren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko apustua egiten jarraitzen du.”

Bizikleta elektrikoei jarritako giltzarrapo adimendunari esker garatu ahal izan da aldi baterako geldialdia, eta hori posible izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU Funtsen bidez jasotako finantzaketarekin.

Dbizi sistema berritzearen aldeko apustua

Tarteko Geldialdia da Dbizik 2024an aurkezten duen bigarren funtzionalitatea. Horrela, bizikleta elektrikoetan jarritako giltzarrapo adimendunari esker, joan den martxoan Geltoki+ aurkeztu zen. Aukera horrek geltoki periferikoetan aparkaleku gehigarriak eskaintzen ditu, Dbiziko geltokiak beteta daudenean. Horretarako, bizikleten aparkalekuak jarri dira Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruetan, erabiltzaileek bizikleta han utzi ahal dezaten helmuga geltokia beteta baldin badago.

Dbiziren berritasun hauekin, Dbizik erabiltzaileei aukera berriak eskaintzearen alde egiten jarraitzen du, aldi berean hirian bizikleta erabiltzea sustatzen jarraituta.

*Europar Batasuneko “Next Generation EU” funtsak finantzatutako proiektua – 2022ko ekitaldiari dagokion NextGenerationEU Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan emisio txikiko eremuak eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria ezartzeko udalerrientzako laguntza programaren deialdia.

 

Irakurri

Dbus-ek bei autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektua idazteko lana esleitu du

Kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren Elektrifikazio Azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa lana esleitu du Dbusek. Obra horrek ahalbidetuko du etorkizuneko BEI (Bus Elektriko Adimenduna) linearen elektromugikortasun beharrak asetzea.

17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, beharrezkoa da kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitzea, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzea ahalbidetuko duten karga estazioak izateko.

Horretarako, pasa den apirilean DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lanaren kontratazioaren lizitazioa kaleratu zuen, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko. Enpresa esleipenduna IP21 Ingeniería de Proyectos SL izan da, eskaintza tekniko onena aurkeztu baitu. Esleipenaren prezioa 75.000 € + BEZa da, hau da, 24.000 € aurrezten da esleipenaren gehieneko prezioarekin alderatuta.

BEI sistema 17 linea osoan

 Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiria jasangarriagoa, kerik gabekoa eta kutsadura maila baxukoa izaten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.

Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da,          diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura   izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.

Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, aurreikusten da urtean 239.528 litro gasolio gutxiago kontsumitu eta 645 Tn CO2 gutxiago isuriko direla.

Erakundeen arteko hitzarmena

 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a, hau da, 9 milioi euro.

 

Irakurri