Berriak

Dbusek Japoniako Toyama hiriko ordezkaritza baten bisita jaso du

Dbusek Japoniako Toyama hiriko ordezkaritza baten bisita jaso du bere instalazioetan. Ordezkaritzak, teknikariek osatuta zegoenak, Kotxetegietako instalazioak ezagutu ahal izan ditu, eta Donostiako autobus flotan instalatutako azken aurrerapen teknologikoak xehetasunez egiaztatu ere bai.

Bisitan zehar, SAE ustiapenerako laguntza sistemaren funtzionamendua egiaztatu ahal izan dute, bai eta Dbusen ticketing sistemaren funtzionamendua ere, bereziki EMV kontakturik gabeko banku txartelaren bidez ordaintzeko Dbusen autobus linea guztietan instalatuta dagoen sistema. Sistema berritzaile horri esker, kontakturik gabeko Visa, Mastercard eta American Express kreditu txartelekin eta zordunketa txartelekin eta mugikorretako aplikazio batzuekin ordaindu daitezke noizbehinkako bidai txartelak. Gidatzen laguntzeko EKObus sistema ere ezagutu dute. Sistema aitzindari hori ere Donostiako flota osoan dago erabilgarri. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batez eta anti-bunching sistema batez (autobusek bat ez egiteko sistema) osatuta dago. Gidariari laguntzen dio era ekonomikoan eta ekologikoan gidatu dezan, erregai fosilen kontsumoa eta kutsatzaileen igorpena gutxituta eta, aldi berean, linearen maiztasuna eta puntualtasuna mantenduta.

Sistema horiekin batera, ordezkaritzak geltokiak sentsorizatzeko sistema ere ezagutu du, geltokian dauden erabiltzaileen kontaketaren ia kontrol zehatza egiteko aukera ematen duena, eskaera aurreikustea ahalbidetuta. Ildo horretan, big datatik abiatuta Konpainiaren autobusetan bidaiatzen dutenen jatorria-helmuga matrizea eraiki dezakeen programa berritzaile bat ere badu. Autobusetako ticketing datuetatik abiatuta eta algoritmo matematiko bat erabiliz, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaiak osatu ditzake. Hau da, erabiltzaileek egin ohi dituzten bidaien erregistroa hartuz jakin daiteke zer geltokitan igotzen eta jaisten diren erabiltzaile horiek, haien jatorri-helmuga matrizea, alegia. 

Bisitan, halaber, Dbus flotako autobus elektrikoen funtzionamendua egiaztatu dute, eta ibilgailu horien karga sistema ikusi. Dbusek 12 metroko 3 autobus %100 elektriko ditu, eta 57 autobus hibrido. Ibilgailu horiek garbiak dira eta ingurumenarekiko errespetutsuak, eta erabiltzaileek oso ondo baloratzen dituzte.

Ordezkaritza harrituta geratu da  Donostiako hiriko BRTaren (Bus Rapid Transit) operatibarekin. Bus sistema hori, funtsean, garraiorako bide esklusiboak eta erreserbatutako plataformak dituen sistema bat da, konexio eraginkorra eta erabiltzaileari denbora errealean informazioa emateko sistema bikaina eta zerbitzuan modu optimizatuan planifikatzeko aukera eskaintzen dituena. Gaur egun Dbusek BRT sistema dauka bere bi lineatan, zehazki 5-Benta Berri eta 28-Amara-Ospitaleak lineetan. Garraio kolektiborako sistema berritzailea eta adimenduna da, eta Dbuseko autobus sareko gainerako autobusekin bikain integratuta dago. Hitz batean, kontua izango da zerbitzuak modu eraginkorragoan antolatzea eta planifikatzea sistema hobetzeko eta erabiltzaileen premietarako egokia den garraio publiko bat eskaintzeko.

Azkenik, bisitan zehar, Japoniako ordezkaritzak bizikleta alokatzeko Dbizi sistema ezagutu ahal izan du, 2020ko abenduan eguneratu zenetik beste hiri batzuetarako erreferentziazko sistema bihurtu baita. Aurten 600.000 bidaia egin dira dagoeneko, eta 2021eko zifrak gainditu dira,12 hilabeteetan 468.000 bidaia erregistratu ziren-eta. Era berean, abonatuen errekor berria erregistratu da, 8.300 abonatu baitaude.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin

Beste urte batez, Dbusek bat egiten du Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Eguna ostiralean, azaroaren 25ean, ospatuko da.  Keinu horrekin Dbusek emakumeak iraindu eta beraien izena zikintzen duen eraso eta portaera ororen aurka dagoela erakutsi nahi du, eta bere ekarpena egin nahi  du genero berdintasunaren aldeko borrokan.

Horregatik, ostiralean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunean Dbuseko autobus guztiek puntu lila eramango dute biolentzia horren aurka gaudela adierazteko.

Irakurri

Gabon hauetan, anezka zerbitzua dohainik Illunbeko aparkalekutik Hiriko Erdialdera

Abenduaren 3tik aurrera, larunbata, Gabonak eta Gabon aurreko asteak direla eta, Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Departamentuaren bitartez, doako autobus anezka zerbitzua jarriko dute berriro, Illunbeko aparkalekua eta hiriko erdialdea lotzeko.

Anezka zerbitzu horrek Illunbeko doako aparkalekuaren eta Donostiako erdialdera arteko joan-etorriak erraztuko ditu, hirian garraio publikoa sustatzeko eta trafikoa murrizteko helburuarekin. Azken urteetan, zerbitzua urteko bi alditan eskaini da, Gabonetan eta udan, eta zerbitzua ondo hartu dute herritarrek.

Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranaren hitzetan, “pertsona asko etortzen dira erosketak egitera edo ekitaldiez gozatzera Gabonetako egunetan eta aurreko asteetan. Zerbitzu honek zentrora berme osoz, erosotasunez eta doan sartzeko aukera emango die”.

Zerbitzuaren datuak

Anezka zerbitzua 20 minutuan behin izango da, egunero, abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra arte, eta bi geltoki izango ditu, orain arte bezala:

  • Illunbeko geltokia: irteerak 11:00etatik 22:20ra, 20 minutuan behin
  • Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:30era, 20 minutuan behin.

Ordutegiak jaiegunetan

  • Abenduaren 31n 
– Azken irteera Illunbetik: 20:20
– Azken irteera Mendeurrena Plazatik: 20:30
 
  • Urtarrilaren 1ean
– Lehenengo irteera Illunbetik: 16:00
– Lehenengo irteera Mendeurrena Plazatik: 16:10

 

Irakurri

Dbusek bat egin du Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Egunarekin

Azaroaren 17an, ostegunean, Smith-Magenis Sindromearen Nazioarteko Eguna izango da. Sindrome hori hainbat sintoma eta osasun arazo dakartzan asaldura genetikoa da.

Dbusek bat egin nahi du ASME Erakundeak (Smit-Magenis Sindromearen Espainiako Elkartea) antolatutako jarduerekin, gaixotasuna gehiago ezagutzeko asmoz, eta babesa eskaini nahi die egunero gaixotasun horri aurre egiteko borrokatzen diren pertsona guztiei. Horregatik, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainarekin lotutako kartela eramango dute bihar egun osoan zehar.

Irakurri

DTK-k garapenerako duen estrategia aurkeztu du mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldi batean

Gaur, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) bere esperientzia eta Donostiako hiri garraioan ezarritako irtenbiderik berritzaileenak partekatu ditu, Mueve (Mugikortasun Iraunkorra, Hirigintza, Ekipamendua, Espazio Publikoaren Balorazioa, Berdetzea eta Ekitatea) proiektu europarraren barruan Donostian antolatutako mugikortasun iraunkorrari buruzko jardunaldian.  Garapen iraunkorreko 2030 Agendarekin bat etorriz, proiektuak San Jose metropoli eremuko (Costa Rica) tren elektrikoaren eragin esparruko 15 udalerrietan hiri garapen integrala sustatzea bilatzen du.

Jardunaldian, non Costa Ricako politikari ordezkari batzuek parte hartu baitute, DTK-ko zuzendari gerente Igor Gonzalezek Konpainiaren elementu bereizgarriak aurkeztu ditu, hau da, Konpainia sektoreko enpresa erreferente bihurtzen duten elementuak eta erabilera indize altua eta abiadura komertzial handia (17,5 km/h) ez ezik erabiltzaileen aldetik oso balorazioa ona edukitzea  ahalbidetzen diotenak. Azken urteetan, antzinatasun handieneko garraio enpresa bat izatetik hiri mugikortasuna kudeatzen duen enpresa bihurtzera iritsi da, Dbusen bidez  autobuseko garraio publikoko zerbitzua eskainita eta Dbizi bidez bizikleta publikoa alokatzeko sistema.

Aurkeztutako gaien artean, nabarmentzekoak dira tarifa sistema integrala eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, hurrenez hurren, erabiltzen diren Mugi, Bat eta Barik garraio txartelen interoperabilitatea; izan ere, horri esker Dbuseko ordainketa sistemak erosoak eta praktikoak dira erabiltzaileentzat. Horri lotuta, azken urteetan berrikuntza teknologiko ugari inplementatu dira, baliabideak optimizatzeko, benetako premietara egokitutako garraio sare bat diseinatzeko eta garraio publikora iristea errazteko, ordainketa sistemetan trabak ezabatuz. Kontakturik gabeko EMV banku txartelen bidez ordaintzeko sistema da aurkeztutako beste ticketing sistema bat. Sistema hori Dbuseko linea guztietan dago erabilgarri.

Era berean, BRT sistema (Bus Rapid Transit) da aurkezpenean aztertutako beste puntu bat. Sistema hori linearik erabilienetako bitan dauka Dbusek (5 eta 28 lineak). Kalitate handiko autobus sistema bat da, funtsean azkar, eroso eta eraginkortasunez zirkulatuko duena. Linea horiek, gainera, Aenorren UNE-EN 13816 ziurtagiria daukate, zeinak lineen zerbitzuaren kalitatea aitortzen baitu. Zerbitzua beste inplementazio teknologikoekin indartu da, hala nola itsuendako audio sistemarekin edo zerbitzua denbora errealean geltokietan dagoen erabiltzaile kopurura egokitzen uzten duen sistemarekin. Ezarri diren eta erabiltzaileek ondo hartu dituzten neurrietako beste bat da gaueko zerbitzuetako eskaripeko geldialdien sistema, zeinarekin emakumeak eta 18 urtetik beherako pertsonak ibilbidearen geltoki ofizial jakin batzuen artean jaitsi daitezkeen.

Aurkezpenean, Igor Gonzalezek Dbizi bizikleta publikoaren sistemaren funtzionamendua ere azaldu du. DTK arduratzen da sistema kudeatzeaz, Donostiako Udalak aginduta, sistemaren funtzionamendua hobetzeko eta bizikletaren erabilera sustatzeko, garraio publikoko beste modu batzuen osagarri gisa. Dbizi sistema berritua 2020ko abenduan jarri zen martxan, eta erreferentziako sistema bihurtu da beste hiri batzuetarako. Aurten 600.000 bidaia egin dira dagoeneko, eta 2021eko zifrak gainditu dira,12 hilabeteetan 468.000 bidaia erregistratu ziren-eta. Era berean, abonatuen errekor berria erregistratu da, 8.300 abonatu baitaude.

Ildo horretan, garraio iraunkorra bultzatzea da Dbusen lehentasunetako bat, elektromugikortasunean empresa aitzindaria baita eta 2014an Europan fabrikatutako lehen autobus %100 elektrikoa jarri baitzuen zerbitzuan. Gaur egun, Dbusek flotarik iraunkorrenetako bat dauka, izan ere, 12 metroko autobus flotaren ia %60 elektrikoak edo hibridoak dira-eta.

Bukatzeko, Igor Gonzalezek enpresaren konpromiso soziala edo gizartearen balioekin duen konpromisoa azpimarratu du, hainbat elkarterekin duen harremanean eta kausa sozialen alde egindakoan eratu baita. DTK-k garrantzi berezia ematen dio, halaber, fidagarritasuna eta sinesgarritasuna sortzeari, tokiko komunikabideekin eta herritarrekin harremana zuzena edukiz, enpatia sustatzeko eta gidariaren irudia indartzeko kanpainen bitartez.

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Entzutearen Egunarekin, autobusetan antzezlan inprobisatu txikiak antolatuz

Bihar, asteartea, azaroak 15, Entzutearen Eguna ospatuko da. Aurten, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren 35. urteurrena dela-eta, Dbusek eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak bat-bateko antzezlan txikiak antolatu dituzte, bihar Dbusen autobusetan antzezteko. Antzezlan inprobisatu horiek pertsona talde txikiek egingo dituzte, Donostiako hainbat autobus lineatan. Ekimen honen helburua da entzuteko beharra ikusaraztea eta nahi ez den bakardadeari buruz kontzientziatzea.

Era berean, bihar, asteartea, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak antolatutako jarduerak eta beren errealitatea partekatu behar duten guztiei entzutea eskainiz egiten duen lana babesten dutela adierazteko

Irakurri

Hobekuntzak Garberako zerbitzuan

Urriaren 17tik aurrera, astelehenez, Dbusek zerbitzu zabalagoa emango du Garberan, gaur egun dauden irteerak osatzeko.

  • Zerbitzu berezia astelehenetik larunbatera: beste irteera bat gehiago izango da 22:45ean Garberatik, eta zerbitzu hori Intxaurrondotik eta Grosetik joango da Boulevarderaino.

Zerbitzu berezi horrek (“GB Garbera-Intxaurrondo-Gros-Boulevard”) honako lekuetan egingo ditu geldialdiak: Otxoki, Baratzategi 2, Txara II, Zarategi 71, Mons 77, Ategorrieta 65, Jesuitak, Mariaren Bihotza, Kursaal eta Boulevard 3.

2) Irteera bat gehiago larunbatetan, 33 linean: larunbatetan, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineak irteera gehigarri bat izango du Garberatik Larratxo alderantz, 22:10ean, lanegunetan eskainitako zerbitzuaren parekoa. Garberatik Larratxora joango da zerbitzu hori, eta Igararaino jarraituko du.

Hobekuntza horiekin, asmoa da merkataritza guneko bezeroei eta langileei joan-etorriak erraztea. Era berean, Dbusek bidaiarien ugaritasuna eta beharrak monitorizatzen jarraituko du, ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko, eskura dauden baliabideei erreparatuta. 

Irakurri