Berriak

Dbus-ek BEI autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lizitatu du

Dbusek kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren elektrifikazio azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa kontratatzeko lizitazio plegua argitaratu du, etorkizuneko BEI linearen (Bus Elektriko Adimenduna) elektromugikortasun beharrak asetzeko. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 99.900 eurokoa da (BEZik gabe), eta proiektua idazteko eta entregatzeko epea, osatzen duten dokumentu guztiekin, 2 hilabetekoa izango da.

17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitu behar da, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzeko aukera emango duten karga estazioak izateko.

Horretarako, DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketaren kontratazioa lizitatu du, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko.

Proiektuaren idazketak instalazio elektriko osoa (hartunea, tentsio ertaina eta behe tentsioa), datuen sarearen azpiegitura, beharrezko egitura metalikoa, baterien karga eta suteen aurkako babesaren instalazioa jaso beharko ditu. Proiektuaren barruan sartuko dira, halaber, memoria prestatzea, planoak, eraikuntza xehetasunen kalkuluen azterketak, neurketak, kontratuaren aurrekontua bermatzeko prezio unitarioak, eta, oro har, obrak egiteko beharrezkoa den edozein dokumentazio.

BEI sistema 17 linea osoan

Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimenduna Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiri jasangarriago bat, kerik gabeko eta kutsadura maila baxuko hiri bat egiten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.

Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da, diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.

Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, urtean 239.528 litro gasolio kontsumitzea eta 645 Tn CO2 gutxiago isuritzea aurreikusten da.

Erakundeen arteko hitzarmena

 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35, hau da, 9 milioi euro.