Category : Next funtsak

Dbizi beste auzo batzuetara iritsi da, 21 geltoki berriekin eta 257 bizikleta elektriko gehiagorekin

Dbizi Donostiako bizikleta alokairu sistemak beste 21 geltoki gehiago ditu dagoeneko, eta beste auzo batzuetara iritsi da, esaterako, Altzara, Bidebietara edo Añorgara. Datozen hilabeteetan, gainera, beste bi geltoki gehituko dira, izan ere, obra batzuk direla-eta bi geltoki horiek ezin dira orain jarri. Gaur aurkeztu da, ekitaldi batean, sistema beste 257 bizikleta elektriko gehiagorekin zabalduta, eta aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Eneko Goia Donostiako alkateak eta Igor Gonzalez Dbuseko zuzendari gerenteak.

Sistema horrela zabalduta, Dbizi orain arte zerbitzurik ez zuten Donostiako guneetara iritsi da; izan ere, guztira 70 geltoki ditu, denak mistoak, eta zerbitzuak 317 bizikleta elektriko eta 317 bizikleta mekaniko ditu kalean. Horrela, hirian estaldura handiagoa eta bizikleta elektriko gehiago eskaintzen ditu, erabiltzaileen eskari handiari erantzuteko. 

Dbizi sistema donostiarren egunerokoaren parte dira dagoeneko. Sistema auzoetara zabaltzeak eskatzen du, halaber, sarea ere Erdialdea-Amara-Antigua-Gros-Egia aldeetan zabaltzea, auzoen artean gertatzen diren joan-etorriei erantzun ahal izateko eta erdialdetik gertuen dauden eremuetako geltokietan ainguraleku libreak egon daitezen

Horregatik, eremu horietan geltoki berriak instalatzeaz gain, lehendik dauden geltoki batzuetan ainguraleku gehiago jarriko dira. Zabaltze horrek, gainera, mugikortasun jasangarria sustatzen laguntzen du gure hirian, garraio publikoaren intermodalitatea indartuz.

Mugarri berri hau ezagutarazteko, komunikazio kanpaina bat jarri da abian, sistemaren zabaltze honen hiru ardatz nagusien inguruan: auzo gehiago, geltoki gehiago eta bizikleta gehiago, hori guztia “Dbizi gehiago bizi” lelopean.

Dbiziren geltoki berrien kokalekua

EKIALDEA

  • Bidebieta (2)

– Geltoki 1 Julio Urkixo 44an.

– Geltoki 1 Nornahi plazatxoan (Bidebietako bidegorriaren lanak amaitu ondoren)

  • Altza (5)

– Geltoki 1 Harrobieta plazatxoan

– Geltoki 1 San Martzial plazan, Altzako goialdean (alde zaharra)

– Geltoki 1 Altzako kiroldegian

– Geltoki 1 Buenavistan (biribilgunea)

– Geltoki 1 Larratxo pasealekua 24an

  • Intxaurrondo (1)

– Geltoki 1 Txaparrene pasealekua 26an (Zubiaurre)

MENDEBALDEA

  • Antigua- Ibaeta (5)

– Geltoki 1 Satrustegi hiribidea 1ean (Matia kaleko sarreraren ondoan)

– Geltoki 1 Erregezaintza 28an

– Geltoki 1 Pio Baroja 20an

– Geltoki 1 Sert plazan

– Geltoki 1 Berio 42an (goialdea)

  • Aiete (3)

– Geltoki 1 Bera-Beran

– Geltoki 1 Pagola-Lugaritzen

– Geltoki 1 Txapillo kalean

Añorga (1)

– Geltoki 1 Añorga Txikin (sarrerako biribilgunea)

ERDIALDEA-AMARA-GROS- EGIA

  • Erdialdea (2)

– Geltoki 1 Moraza 1ean

– Geltoki 1 Nautikoan (Udaletxeko lanak amaitzen direnean).

– Ainguraleku kopurua handitzea: 12 ainguraleku gehiago lehendik dauden geltokietan

  • Amara (1)

– Geltoki 1 Olaeta/Ferreriasen

– Ainguraleku kopurua handitzea: 8 ainguraleku gehiago lehendik dauden geltokietan

  • Gros-Egia (3)

– Geltoki 1 Zabaleta 35ean

– Geltoki 1 Ametzagaina 47an (Egiako goialdea)

– Geltoki 1 Zuhaizti plazan

Zerbitzuaren zabaltze horren zati bat, zehazki gehituko diren 132 bizikletak, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren (MITMA) Next Generation Funtsen bidez finantzatu dira.

Irakurri

Dbus-ek bi furgoneta %100 elektriko erosi ditu

Dbusek bi furgoneta %100 elektriko erosi ditu Konpainiako langileen joan-etorrietarako. Mercedes-Benzek egiten dituen eVITO Furgon eta bidaiarientzako eVITO Tourer modelo berrietako bi furgoneta dira, eta horiekin tailerretako langileek eta trafikokoek, hurrenez hurren, eguneroko zereginetarako egin behar dituzten joan-etorriak egin ahal izango dira.

Furgoneta bien lizitazioa GOIKO-AUTO XXI, SLri esleitu zaio. Lizitazioaren prezioa 51.252 € + BEZa da eVITO Tourer furgonetaren kasuan eta 38.000 €+ BEZa eVITO Furgon modeloaren kasuan. Era berean, Energiaren Euskal Erakundetik (EEE) 8.000 €-ko dirulaguntza jaso da ibilgailu biak erosteko. Dirulaguntza Mugikortasun Eraginkorra eta Jasangarria sustatzeko Pizgarrien Programaren (MOVES III programa) barruan eman da, Europako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (Next Generation funtsak).

Bi furgoneta berriak dagoeneko zerbitzua ematen ari dira, eta bi furgoneta zahar ordezkatzen dituzte. Beraz, furgoneta horiekin Dbusek laguntzarako duen ibilgailu flota modernizatu ahal izan du, ingurumenaren aldetik jasangarriagoak diren furgoneta gehiago ditu-eta. Furgonetek duten bateria kotxetegietan kargatzen da, gutxi gorabehera 6 ordutan, eta 149-190 km inguruko autonomia du, eta gutxi gorabehera 251-197 Wh/km-ko kontsumoa.

Flota berritzeko erositako furgoneta %100 elektriko horiek, gainera, Dbuseko flotaren elektrifikazio progresiboaren parte dira, zeinarekin egunetik egunera zerbitzu eraginkorragoa eta jasangarriagoa eskaini nahi den, ingurumena zaintzen lagunduko duten ibilgailu garbietan oinarrituta.

 

Irakurri

Dbus-ek 24 autobus %100 elektriko gehiago edukiko ditu Europako beste funts batzuen bitartez

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendarako Ministerioak (MITMA) behin-behinean onartu du Dbusi laguntzak ematea, Donostiako Udalaren bidez, Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdiaren barruan. Funts horiei esker, hiriko garraio publikoa elektrifikatzen eta digitalizatzen jarraitu ahal izango du. Zehazki, datozen urteetan autobus %100 elektriko gehiago  sartuko dira Dbusen zerbitzuan eta markesinak pixkanaka berritzen jarraituko da, Dbizi alokairuko bizikleta publikoaren sistema zabaltzeaz gain, emisio akustikoak eta kutsatzaileak murriztea eta airearen kalitatea hobetzea sustatuta.

Bigarren deialdira horri dagokionez, pasa den irailean Donostiako Udalak “Donostia Electric Zen” izeneko eskaera bidali zuen. Eskaera horretan bost proiektu sartzen ziren, eta haien aurrekontua 15.806.467,66€-koa zen. Aurrekontu horretatik, 7.158.767€ Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez jasotako dirulaguntzaren bidez finantzatuko dira.

 

Autobus elektrikoak erostea

Datozen hilabeteetan, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus %100 elektriko gehiago erosiko ditu, beraz, autobus horiek MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriei eta Konpainiak lehendik dituen hiru autobusei gehitzen badizkiegu, 2025ean Dbusek 41 autobus %100 elektriko edukiko ditu ezaugarri horiekin. Hau da, 12 metroko flotaren %45 izango da %100 elektrikoa.

 Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango du.

Autobus berri horiekin batera, horien kargagailuak erosiko dira, gauez autobusak kotxetegietan kargatzeko, eta plataforma adimendun bat ere edukiko da autobusen kargarako azpiegituraren funtzionamendua eta kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko du egiten diren kargekin autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Horrela, kontsumoa optimizatuko da.

 

 Dbusen markesina sare osoa berritzea

Proiektuarekin, halaber, 50 markesina berrituko dira, eta, beraz, 2025ean Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa erabat eraberrituta egongo da, eta markesina guztiak irisgarriak, inklusiboak eta eraginkorrak izango dira. Gaur egun, MITMAren lehen deialdiari esker (136 markesina berritzeko erabiliko da) eta markesinen mantentze kontratuari esker (beste 110 markesina berritzeko erabiliko da), lehen unitateak eguneratzen ari dira dagoeneko.

Markesina berriek presentzia sentsoreak izango dituzte, zeintzuek geltokiko argiztapena aktibatuko duten, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan, eta ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat ere edukiko dute, zeinarekin informazioa eskuratzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta garraio publikorako irisgarritasun unibertsala hobetuko diren.

 

 

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, onartutako proiektuak Dbizi sistema zabaltzea ere aurreikusten du. Zehazki, 132 bizikleta elektrikoren erosketa finantzatuko du, Donostiako alokairu bizikleta publikoaren zerbitzua hobetzeko eta zerbitzuaren eskari handiari erantzuteko aukera emanez.

 

Irakurri

Donostiak bost proiektu aurkeztu ditu Dbus-en zerbitzua elektrifikatzeko eta digitalizatzeko Europako funtsen deialdi berrian

Donostiako Udalaren bitartez, Donostiako Tranbia Konpainiak (DTK) garraio publikoa elektrifikatzeko eta digitalizatzeko bost proiektu aurkeztu ditu MITMAren (Garraioetako, Mugikortasuneko eta Ingurumeneko Ministerioa) Next Generation EU Europako funtsen bigarren deialdian. Eskaera horrek, “Donostia Electric Zen” izenekoak, 15.806.467,66 euroko aurrekontua du, eta horietatik 7.158.767€ diruz lagundutakoak izango lirateke, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan Emisio Txikiko Eremuak Ezartzeko eta Hiri Garraioaren Eraldaketa Digitalerako eta Iraunkorrerako Udalerriei zuzendutako Laguntza Programaren bidez.

 

Aurkeztutako bost proiektuek Donostiako autobus flota elektrifikatzeko lanetan jarraitzea ahalbidetuko lukete, eta zerbitzua hobetzen jarraitzea ere, arian-arian markesinak berrituz. Horrez gain, Dbizi, hirian dagoen alokairuko bizikleta publikoaren sistema, hedatzen jarraituko litzateke, igorpen akustikoak eta kutsagarriak murriztea sustatuta, eta airearen kalitatea hobetuta.

Flota errespetuzkoagoa eta iraunkorragoa

Azken deialdi honetan aurkeztutako proiektua onartzen bada, Dbusek 12 metroko beste 24 autobus gehiago eskuratuko lituzke, guztiak ere %100 elektrikoak. Autobus horiek hiriko linea guztietan emango lukete zerbitzua eta, horrela, MITMAren lehen deialdiari esker flotan sartuko diren 12 metroko 14 autobus elektriko berriekin batera eta lehendik Konpainiakoak diren hiru autobusekin, Dbusek, 2025ean, 41 autobus izango lituzke ezaugarri horiekin, hots, %100 elektrikoak, eta horiek 12 metroko flotaren %45 izango lirateke. Proiektu honi esker, halaber, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua amaituko da, eta, 2025ean, flotaren %55 hibridoa izango da, hau da, 12 metroko flotaren %100ek teknologia errespetutsua eta iraunkorra izango dute.

Autobus berri horiekin batera, proiektuak horien kargagailuak erostea ere aurreikusi du, gauez kotxetegietan kargatze lanak egiteko, eta plataforma adimenduna kontratatzea autobusentzako kargatze lanetarako eragiketa eta azpiegituraren kudeaketa errazteko. Plataforma horrek ahalbidetuko luke egin daitezen kargatze lanei esker, autobusek esleituta dituzten zerbitzuak bete ahal izatea. Hala, kontsumoa optimizatuko litzateke.

Dbusen markesina sare osoa berritzea

Bestalde, DTKren proposamenak 50 markesina berritzea ere jasotzen du. Berritze lan horiei esker, 2025erako Dbusen zerbitzuko markesina sare osoa guztiz berriztuta egongo da, markesina irisgarri, inklusibo eta eraginkorrak izanik, aurreikusita baitago beste 136 markesina berritzea MITMAren lehen deialdiaren barruan eta beste 110 gehiago markesinak mantentzeko lanen kontratuaren barruan. Markesina berriek presentzia sentsoreak izango lituzkete. Horiek geltokiko argiztapena aktibatzen dute, elektrizitate hargunea duten geltokien kasuan. Gainera, markesina berriak ikusteko desgaitasuna duten pertsonentzako informazio sistema bat izango lukete, informazioa jasotzeko era, erabiltzailearen esperientzia eta erabiltzaile guztiek garraio publikorako sarbidea hobetzeko.

Bizikleta elektriko berriak

Azkenik, DTKren proposamenak Dbizi sistemaren hedapena jasotzen du, 132 bizikleta elektriko gehiago eskuratuz, eta, horrela, Donostiako bizikleta publikoak alokatzeko zerbitzua hobetu ahal izango litzateke. Sistemak, gaur egun, 47 geltoki misto ditu, 317 bizikleta mekanikorentzat eta 120 bizikleta elektrikorentzat. Bizikleta elektrikoen eskaintza hedatzeak zerbitzua erabiltzeko dagoen eskari handiari erantzungo lioke, izan ere, 2020ko abenduan abian jarri zenetik, harrera bikaina izan du hiritarren aldetik.

Irakurri

Donostia da, Kanaria Handiko Las Palmas, Palma eta Malaga hiriekin batera, garraio publikoaren digitalizazioaren gaineko “Innobus-Tur” proiektuko partaidea

Urtebetez proiektuan lanean aritu ondoren, “Innobus-Tur” proiektuan parte hartzen duten lau hirietako ordezkariek bilera egin dute gaur Donostian, egiten ari diren ekintzen aurrerapenak aztertzeko. Garraio publikoa digitalizatzeko proiektu bat da, non Donostiako hiri autobusen udal enpresak (Dbus), Kanaria Handiko Las Palmasekoak (Guaguas Municipales), Malagakoak (EMTSAM) eta Palmakoak (EMT PALMA) parte hartzen duten, udalerrien elkarte baten bitartez. Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (MITMA) finantzatzen du “Innobus-Tur” proiektua, Next Generation Europako funtsen bidez.

 

Jardunaldia gaur izan da, Donostiako Udaletxean, Donostia baita proiektua gidatzen duen hiria, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate eta Dbuseko Administrazio Kontseiluko presidente Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek. Kanaria Handiko Las Palmasetik, Mugikortasuneko, Ekonomia Sustapeneko eta Itsasoko Hiriko Gobernuko zinegotzi eta Guaguas Municipales enpresako Administrazio Kontseiluko presidente José Eduardo Ramírez, eta Guaguas Municipales enpresako zuzendari nagusi Miguel Ángel Rodríguez egon dira jardunaldian. Palmari dagokionez, hiriko alkate Jose Hilak, Mugikortasun Iraunkorreko alkateorde eta EMT-Palmako Administrazio Kontseiluko presidente Francesc Dalmauk eta EMT-Palmako zuzendari gerente Mateu Marcusek parte hartu dute. Era berean, telematikoki parte hartu dute Mugikortasuneko zinegotzi José del Ríok eta Empresa Malagueña de Transportes enpresako gerente Miguel Ruízek.

“Innobus-Tur” proiektua

“Innobus-Tur” elkarlanezko proiektu bat da, eta bere helburua da autobus zerbitzua eta haren intermodalitatea hobetzeko jarduera berritzaileak eta errepikagarriak garatzea, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatuz eta sentsorizatuz. 26,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatu behar da. Aurrekontua Europako funtsen deialdian onartu zen, Espainiako Gobernuko MITMAren (Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioa) ‘Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean’. Programa 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten da.

Proiektu horren bidez, sistemaren eraginkortasun handiagoa, irisgarritasun hobea eta garraio publikoaren erabiltzaileentzako abantailak lortu nahi dira, eta, era berean, autobuseko garraio publikoarekiko asebetetzea eta garraio horren erakargarritasuna areagotu nahi da, turistikoki erakargarriak diren hiri horiek bisitatu edo bertan bizi eta autobusen erabiltzaile direnentzat.

Proiektua oso ondo ari da aurrera egiten, eta programan ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen ari da, bai eta  aurreikuspenak hobetzen ere. Hauek dira lau hirietan egiten ari diren ekintzak:

  • Ordaintzeko bitartekoak digitalizatzea eta eskudirutan egiten diren ordainketak murriztea
  • Lan harremanak digitalizatzea
  • Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea
  • Markesina adimendunak.
  • Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
  • Autobusek bat ez egiteko eta modu efizientean gidatzeko sistema
  • Edukierak kontrolatzeko eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzeko sistema.
  • Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
  • Eskaripeko iragarpenak egiteko eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
  • Giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak.

Dbusek Mercedes Benz-en 12 metroko autobus %100 elektrikoa probatuko du

Datozen egunetan, Dbusek 12 metroko autobus %100 elektrikoa eta zero emisiokoa probatuko du. Autobusa Mercedes-Benz etxekoa da, eCitaro modeloa, hain zuzen ere. Aurreikusita dago ibilgailua irailaren 21era arte egongo dela Donostiako kaleetatik bidaiariekin benetako zerbitzua ematen, Dbuseko 16-Igeldo, 25-Benta Berri-Añorga eta 33-Larratxo-Intxaurrondo-Berio-Igara lineen zerbitzuak eginez. 

Ibilgailu %100 elektrikoa eta isila da, 12 metrokoa, eta gauean kargatzen da Kotxetegietan. NMC3 belaunaldi berriko bateriek 316,8kWh edukiera erabilgarria dute, eta horri esker, autobusak 300 km-ko autonomia lor dezake. Ibilgailuak, gainera, Preventive Brake Assist (PBA) sistema du, hiri autobusetarako munduko lehen balaztatze aktiboko laguntzailea. Laguntza sistema berri horrek ohartarazten du geldirik dauden edo mugitzen ari diren objektuekin talka egingo duela (oinezkoak ere detektatzeko gai da), eta automatikoki balaztatze partziala egiten hasten da, talka egiteko berehalako arriskua dagoenean.

Ibilgailu %100 elektrikoekin lehenago egindako probetan bezala, proba hau Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren probetako bat da. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) 19 autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000€-ko dirulaguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000€-ko dirulaguntza jasoko da).

 

Dbusek 246 markesina berrituko ditu datozen bi urteetan

Datozen bi urteetan (2022-2024), Dbusek bere historiako markesina berrikuntzarik handiena egingo du, 246 unitate berri jarriko baititu. Markesina berri horietako 136 Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (Next Generation funtsak) finantzatuko ditu, emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko laguntzen bidez. Gainerako 110 markesina, berriz, markesinen eta hiriko altzarien beste elementu batzuen kudeaketa integraleko zerbitzuaren emakidaren barruan berrituko dira.

Markesinak berritzeko plana zehazteko, hainbat irizpide hartu dira kontuan, hala nola markesinen narriadura, irisgarritasuna, ordezko piezen hornidurarik eza, markesinak gehiago hedatzeko beharra, hiriko auzoen araberako eguneratze orekatua, zutoinen ordez markesinak jartzea, etab. Horrez gain, hiriko markesinen estetika homogeneizatu nahi da, modelo bakarra erabilita geraleku guztietarako eta soilik haien konfigurazioa egokituta, lekuaren orografiaren edo irisgarriak izateko oztopoen arabera.

Berritze fasea datozen asteetan hasiko dela aurreikusten da. Hasteko, lehenengo 30 markesinak jarriko dira, eta markesina horiek bi funtzionalitate berri izango dituzte:

  • Gidatze sistema: sistema honek ikusmen urritasuna duten pertsonei aukera ematen die ingurune ezezagunetan orientatzeko, seinaleztatutako elementuraino oso modu zehatzean iristeko eta testuinguruaren informazioa eskuratzeko, adibidez, autobusak iristeko denbora erreala eta helmuga, markesinaren kokapen estrategikoetan jarritako seinale digital irisgarri eta unibertsal baten bidez (urrutitik irakur daitezkeen QR kodeak) eta mugikorreko aplikazio berezi bat erabiliz. Sistema baliagarria da, halaber, beste dibertsitate funtzional sentsorial edo kognitibo motaren bat duten pertsonentzat, horiek ere orientatu eta informatu baitaitezke irudien eta seinale akustikoen bidez eskura daitezkeen edukiei esker.
  • Argiztapenerako sentsorea: argietara konexioa duten markesina berriek presentziaren sentsoreak izango dituzte, eta sentsore horiei esker kortesiazko argiak aktibatu ahal izango dira eta markesinaren barruko ikuspena nabarmen hobetuko da, barrutik nahiz kanpotik, puntu beltzak ezabatzeko eta ingurunearen segurtasuna hobetzeko. Kortesiazko argi horiek beren argia graduatuko dute markesinan pertsonen presentzia dagoen ala ez kontuan hartuta, eta, beraz, energia gastua aurrezteko aukera ematen da, beharrezkoa ez denean erabilera mugatuta.
Irakurri

Dbusek autobus %100 elektrikoa probatuko du, MAN markakoa, 18 metrokoa

Datozen egunetan Dbusek MAN markako 18 metroko autobus %100 elektriko  eta zero emisioko bat probatuko du. Aurreikuspenen arabera, ibilgailua benetako zerbitzuan ibiliko da bidaiariekin Donostiako kaleetan abuztuaren 28ra arte, hasiera batean 17-Gros-Amara-Miramon linean zerbitzua emanez. Beste zenbait lineetan ere probatu ahalko da baldintza ezberdinetan bere emaitza ikusi ahal izateko.

MAN LION ‘S CITY E (18) modeloko ibilgailu %100 elektrikoa eta isila da, joan den martxoan Dbusen probetan ibili zena, eta orain udako baldintza zorrotzetan testatuko da, tenperaturak altuagoetan eta trafiko joan-etorri handiagoarekin. Autobusak duen motorizazioari esker, kontsumoa eta isurpen kutsatzaileak murriztu daitezke aurreko belaunaldiko ibilgailuekin alderatuta. Gainera, autobusa barruko zein kanpoko diseinuagatik nabarmentzen da. Barrualdean, erdiko plataforma eta gidariaren gunea zabalagoak dira, eta, ondorioz, bidaia askoz atseginagoa da, bidaiarientzat ez ezik, gidarientzat ere.

Ibilgailu %100 elektrikoekin lehenago egindako probetan bezala, proba hau Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren probetako bat da. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) 19 autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000€-ko dirulaguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000€-ko dirulaguntza jasoko da).

 

Irakurri

Dbusek Volvo markako 12 metroko autobus % 100 elektrikoa probatuko du

Datozen bi asteetan, Dbusek Volvo markako 12 metroko autobus %100 elektrikoa eta zero emisiokoa probatuko du. Autobusa zirkulatzen ari da jada Donostiako kaleetan. Benetako zerbitzua ematen ari da bidaiariekin, eta ziur aski uztailaren 3ra arte emango du zerbitzua, 16-Igeldo linean, larunbat, igande eta jaiegunetan, eta 25-Benta Berri-Añorga linean, lanegunetan.

Azken belaunaldiko Volvo 7900e modeloa da, 470kWh-ko ahalmena duten eta gauean Kotxetegietan kargatzekoak diren bost bateria dituena. Era berean, kamera bidezko atzerako ispilu digitalak ditu, eta besaulkien eta argiztapenaren diseinu berritzailea barruan. Une honetan, modelo horretako 640 unitate baino gehiago daude Europako hainbat hiritan zerbitzua ematen.

Proba hau da Dbusen flota elektrifikatzeko prozesuaren aurreko fasean autobus elektrikoekin egiten ari diren frogetako bat. Izan ere, Next Generation funtsen bidez laguntzak eskatu zaizkio MITMAri (Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioa) 19 autobus %100 elektriko erosteko (4.160.000€-ko dirulaguntza jasoko da) eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari ere beste autobus elektriko bat gehiago erosteko (550.000€-ko dirulaguntza jasoko da), eta dirulaguntza horiei esker egiten ari dira froga horiek.

 

Irakurri

Dbus-ek autobusetako makina balioztatzaileak berrituko ditu, Next Generation funtsen bidez

DTK-k lizitaziora atera du Dbusen autobusetako makina balioztatzaileak berritzeko lana. Zehazki, 310 unitate berrituko dira. Autobusetan aurre ezkerraldean eta erdialdean dauden makina guztiak dira horiek. Izan ere, gidariaren postuaren ondoan dauden txartel makinak berriki eguneratu dira. Horrela, Dbusen autobus guztietan ordainketa makina guztiek gidatzeko postuaren ondoko makinek dituzten funtzionalitate berritzaile berberak izango dituzte.

Kontratuaren barruan, makinak instalatu, abian jarri eta mantentzeko lanak sartzen dira. Garapena eta martxan jartzea Europar Batasunaren Suspertze eta Erresilientzia Funtsak (Next Generation Funtsak) finantzatutako jardueretan sartzen dira, udalerriei igorpen txikiko eremuak ezartzen eta garraioaren eraldaketa digital eta iraunkorra egiten laguntzeko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak (MITMA) duen laguntza programaren barruan.

Berritzeko epea 52 astekoa da, kontratua sinatzen denetik, eta kontratuaren balio zenbatetsia 1.088.892 eurokoa da (BEZik gabe). Diru kopuru horretatik, 662.742 € Next Generation funtsekin finantzatuko dira. Esleipena udazkenean egin ahal izatea aurreikusten da. 

 

Makina berrien funtzionalitateak

Makina berriek era guztietako sistemekin ordaintzeko aukera emango dute: MUGI txartelak, BAT eta BARIK txartelak, San Sebastian Card eta Basque Card turista txartelak, EMV kontakturik gabeko banku txartelak, baita Dbusen laster ezarriko den QR kodeen sistema ere. Horrela, autobuseko makina guztiek funtzionalitate berberak eskainiko dituzte, eta erabiltzaileek ordaintzeko modu gehiago eta bidaia esperientzia hobea edukiko dute.

Irakurri