Category : Sin categoría @eu

Aldaketak Dbuseko 13-17-26 lineetan

Puntualtasun arazoak konpontzeko, azaroaren 13tik aurrera, astelehena, aldaketak egingo dira Dbuseko 13-Altza, 17-Gros-Amara-Miramon eta 26-Amara-Martutene lineetan, haien zerbitzu maiztasunak aldatzeko eta, horrela, ibilbidea egiteko denbora gehiago eduki dezaten.

 13- Altza:
13-Altza lineak maiztasuna aldatuko du lanegunetan, 9:00etatik 12:00etara, 14:30etik 16:30era eta 19:30etik 21:00etara, 7-8 minutuko maiztasunez emango baitu zerbitzua.

 17-Gros-Amara-Miramon:
Lanegunetan, 9:00etatik 20:00etara, 17-Gros-Amara-Miramon linearen maiztasuna 12 minutukoa izango da.

26 – Amara-Martutene:
Lanegunetan, 9: 00etatik 20:00etara, linearen maiztasuna aldatuko da, 15 minutukoa izango baita.

 

 

 

Donostia da, Kanaria Handiko Las Palmas, Palma eta Malaga hiriekin batera, garraio publikoaren digitalizazioaren gaineko “Innobus-Tur” proiektuko partaidea

Urtebetez proiektuan lanean aritu ondoren, “Innobus-Tur” proiektuan parte hartzen duten lau hirietako ordezkariek bilera egin dute gaur Donostian, egiten ari diren ekintzen aurrerapenak aztertzeko. Garraio publikoa digitalizatzeko proiektu bat da, non Donostiako hiri autobusen udal enpresak (Dbus), Kanaria Handiko Las Palmasekoak (Guaguas Municipales), Malagakoak (EMTSAM) eta Palmakoak (EMT PALMA) parte hartzen duten, udalerrien elkarte baten bitartez. Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (MITMA) finantzatzen du “Innobus-Tur” proiektua, Next Generation Europako funtsen bidez.

 

Jardunaldia gaur izan da, Donostiako Udaletxean, Donostia baita proiektua gidatzen duen hiria, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate eta Dbuseko Administrazio Kontseiluko presidente Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek. Kanaria Handiko Las Palmasetik, Mugikortasuneko, Ekonomia Sustapeneko eta Itsasoko Hiriko Gobernuko zinegotzi eta Guaguas Municipales enpresako Administrazio Kontseiluko presidente José Eduardo Ramírez, eta Guaguas Municipales enpresako zuzendari nagusi Miguel Ángel Rodríguez egon dira jardunaldian. Palmari dagokionez, hiriko alkate Jose Hilak, Mugikortasun Iraunkorreko alkateorde eta EMT-Palmako Administrazio Kontseiluko presidente Francesc Dalmauk eta EMT-Palmako zuzendari gerente Mateu Marcusek parte hartu dute. Era berean, telematikoki parte hartu dute Mugikortasuneko zinegotzi José del Ríok eta Empresa Malagueña de Transportes enpresako gerente Miguel Ruízek.

“Innobus-Tur” proiektua

“Innobus-Tur” elkarlanezko proiektu bat da, eta bere helburua da autobus zerbitzua eta haren intermodalitatea hobetzeko jarduera berritzaileak eta errepikagarriak garatzea, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatuz eta sentsorizatuz. 26,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatu behar da. Aurrekontua Europako funtsen deialdian onartu zen, Espainiako Gobernuko MITMAren (Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioa) ‘Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean’. Programa 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten da.

Proiektu horren bidez, sistemaren eraginkortasun handiagoa, irisgarritasun hobea eta garraio publikoaren erabiltzaileentzako abantailak lortu nahi dira, eta, era berean, autobuseko garraio publikoarekiko asebetetzea eta garraio horren erakargarritasuna areagotu nahi da, turistikoki erakargarriak diren hiri horiek bisitatu edo bertan bizi eta autobusen erabiltzaile direnentzat.

Proiektua oso ondo ari da aurrera egiten, eta programan ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen ari da, bai eta  aurreikuspenak hobetzen ere. Hauek dira lau hirietan egiten ari diren ekintzak:

  • Ordaintzeko bitartekoak digitalizatzea eta eskudirutan egiten diren ordainketak murriztea
  • Lan harremanak digitalizatzea
  • Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea
  • Markesina adimendunak.
  • Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
  • Autobusek bat ez egiteko eta modu efizientean gidatzeko sistema
  • Edukierak kontrolatzeko eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzeko sistema.
  • Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
  • Eskaripeko iragarpenak egiteko eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
  • Giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak.

Dbusek 12 hiri baino gehiagotako garraio operadoreak bildu ditu donostian

Ekainaren 28 eta 29an Dbusek harrera egin dio Espainiako garraio operadoreen elkarte nagusiaren (ATUC) Material Mugikorraren Batzordeari. Jardunaldi horietan hainbat hiritako 12 garraio operadorek parte hartu dute, hala nola Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Gijon edo Tenerifekoek, bai eta garraio publikoarekin lotura duten enpresa teknologiko batzuek ere.

Jardunaldietan, Dbusen partaidatzea duten hiru proiektu berritzaile aurkeztu dira:

MEDUSA proiektua, autobus elektrikoen birkarga adimenduna, trenbide sare elektrikoan integratzeko.

HIA-BIA proiektua (hiriko autobusetarako birkarga sistema aurreratua): proiektu pilotu honen helburua da Dbusen hiru autobus elektrikoetarako birkarga sistema aurreratu bat baldintza errealetan ezartzea, energiaren kontsumo ezin hobea lortzen laguntzeko, Kotxetegietan dauden kargagailuen instalazioan jardunez eta funtzionalitate berriekin eguneratuz.

Smart Ramp eta Smart Clima proiektuak: autobusen arrapalen funtzionamenduari aplikatutako analisi prediktibo adimenduneko smart proiektuak dira, hedapen automatikoa hobetzeko eta arazo teknikoak saihesteko, bai eta klimatizazio sistema monitorizatzeko, mantentze prediktiboa hobetzeko, alertak ezartzeko, zerbitzuan izandako gorabeherak argitzeko… ere.

Era berean, Batzordean parte hartu duten pertsonek Donostiako autobus flotan ezarritako beste sistema batzuk ezagutu ahal izan dituzte, hala nola jatorria-helmuga matrizea, zeina, autobusen ticketing datuetatik abiatuta, gai den erabiltzaileen desplazamendu ohiturak eraikitzeko algoritmo matematiko bat erabiliz; edo Donostiako flota osoan txertatuta dagoen gidatzen laguntzeko EKObus sistema. Eraginkortasunez gidatzen laguntzeko sistema batez eta anti-bunching sistema batez (autobusek bat ez egiteko sistema) osatuta dago.

Bestalde, bisita teknikoan, Donostiako flota elektrifikatzeko proiektuak ezagutu dituzte, Kotxetegietako azpiegitura elektrikoa berritzea eskatzen dutenak, bai eta Bus Elektriko Adimenduna (BEI) proiektua ere, zeinari esker, Dbusen 17-Gros-Amara-Miramon lineak autobus artikulatu %100 elektrikoekin funtzionatuko duen. 

Bide beretik, tokian bertan ezagutu ahal izan dute Baiona eta Miarritze lotzen dituen Côte Basque-Adourreko Aglomerazioko BRT sistema elektrikoa. Miarritzen eta Baionan egindako bisitan, Batzordeko kideek 2019tik martxan dauden 18 metroko autobus %100 elektrikoak probatu dituzte.

Dbusen autobusen erabilerak gora egin du 2019ko lehen seihilekoan

Dbusen autobusetan zenbatutako bidai kopuruak goraka jarraitzen du. 2019ko ekainaren 30ean urteko 29 milioiko bidai kopurua gainditu da berriro, izan ere, azken 12 hilabeteetan 29.311.304 bidaia erregistratu dira. Kopuru hori errekor historikoa da, Donostian autobusek historian izan duten erabilerarik handiena izan baita.  

Aurretik, 2011ko ekainean lortu zen kopuru historiko bat; orduan, 29.297.317 bidaia erregistratu baitziren azken 12 hilabeteetan. Aurreko urtean eta garai berean erregistratu ziren datuekin alderatuta, 653.165 bidaia gehiago egon dira aurten (%2,3ko igoera).  Ondoko grafikoan ikus dezakegu bidaia kopuruak seihilekoka izan duen bilakaera:

Analisia lineaz linea

Lineei dagokienez, 2019ko lehen seihilekoan gehien erabili den linea 28-Amara-Ospitaleak izan da, eta horren atzetik 13-Altza eta  5-Benta Berri  lineak. Bidaiarien Garraio Publikoari buruzko UNE-EN 13816 arauaren arabera AENORen kalitate ziurtagiria duten hiru lineak dira, eta ziurtagiri horrekin linea horien zerbitzuaren kalitatea egiaztatzen da.

Era berean, sei hilabete hauetan bidaia kopuruak gora egiten jarraitu du Antiguon, Berion, Ibaetan eta Igaran zerbitzua ematen duten lineetan (5-16-25-33-40-43-45 lineak), aparteko 10.000 bidaia baino gehiagorekin, eta Amaran zerbitzua ematen dutenetan (17-21-26-28 lineak), aparteko 12.000 bidaia baino gehiagorekin.

Modu berean, Ekialdeko aldean aldaketa garrantzitsuena Altza eta Bidebieta lineetan (13-14 lineak) egon den hazkunde handia izan da, aparteko 23.000 bidaiari baino gehiago izan ditu eta.  Aiete aldeko lineek (18-19-23-31-32-45 lineak) gora egiten jarraitu dute, duela 3 urte egin ziren hobekuntzen ondoren. Aparteko 40.000 bidaia gehiago zenbatu dira. 

Horrez gain, bigarren urtea da, jarraian, Gautxori zerbitzuek gorakada handia izan dutena. 2019ko lehen seihileko honetan 1.123 bidaia gehiago zenbatu dira.

Beste albiste oso positiboa izan da auzoen arteko lineetan (24-27-41 lineak) bidaiak berreskuratu direla, aparteko 65.000 bidaia baino gehiago eduki dituzte-eta. Horren arrazoia izan da Astiñeneko zubia ireki dela, 2018ko lehen seihilekoan itxita egon baitzen.

 

Bidaien analisia 

2019ko lehen seihilekoan, urtarrilaren 31 izan da autobusa gehien erabili den eguna, 101.039 bidaiarekin, eta horren atzetik, maiatzaren 3a, 99.022  bidaiarekin (Real Sociedad- Real Betis Balompie taldeen arteko kopako partida, Anoetan) Kasu honetan, 2019ko urtarrilaren 19a (San Sebastian bezpera) larunbata izan da eta 88.573 bidaia zenbatu dira (ohiko larunbat batean baino 25.000 bidaia gehiago).

 

Zentzu horretan, lanegunetako autobusen batez besteko erabilera tarifak bateratu zirenetik handiena izan da, 91.986 bidaiarekin (90.746 bidaia 2018an). Larunbat eta jaiegunetako erabilerari dagokionez, lehen seihileko honetan batez besteko erabilera 2018koa baino handiagoa izan da, baita tarifak bateratu zirenetik erregistratutako handiena ere. Izan ere, larunbatetan 69.050 bidaia erregistratu dira (66.029 bidaia 2018an) eta 40.021 bidaia jaiegunetan (39.169 bidaia 2018an).

“Hide or Reveal”, gogoeta bat Dbus-eko autobusetako leihoaren bitartez

Hiriburutzaren programaren barruan, Dbusek eta Donostia 2016k “Hide or Reveal” instalazioa jarri dute abian (Ezkutatu edo erakutsi), Dbuseko 26-Amara-Martutene lineako bi autobusetan leihoetan jarri diren argazkien bitartez beste leku batzuetara bidaia egiteko aukera eskainiz.corners_02

 Helena Wikström eta Una Bauer artistek egindako 8 argazki dira, eta bidaiaren inguruko begirada bat planteatzen dute, autobuseko leihoaren bitartez gogoeta egitea, zehazki. Argazkiak 2 artistek egindakoak dira Balkaneetara eta Kaukasora egindako bidaia batean, eta bidaian zehar bizi zituzten uneak eta ezagutu zituzten pertsonak jasotzen dituzte. Argazkiekin batera testuak daude, irudi horiek eragin ditzaketen sentimendu subjektiboak adierazteko.

 Testuinguru honetan, “Hide or Reveal” intromisio hutsa da: ez du ezer saldu nahi; hobe esanda, erabiltzaileak zirikatu nahi ditu eta bidaiaren izaera zalantzan jartzera eta birplanteatzera bultzatu. Instalazioa Europako beste hiri batzuetan egon da jada, eta Dbuseko autobusean bi aste egingo ditu.

 Ekintza Corners of Europe proiektuaren baitan kokatzen da. Proiektua Europako periferiako kultur instituzio eta erakunde batzuek artistentzat eta hiritarrentzat diseinatu eta zuzendutako plataforma bat da, eta bere helburua da artistei eta ikertzazileei aukera ematea nazioarteko proiektu artistikoetan kulturaletan eta diziplina askotakoetan laguntzeko.  Donostian abian jarriko diren proiektu guztiak Amara aldean garatuko dira, irailaren 19tik urriaren 2ra bitartean.

 

Irakurri