Berriak

Dbizi-k Tarteko Geldialdia aurkeztu du

Dbizik, Donostiako bizikleta sistema publikoak, “tarteko geldialdia” aurkeztu du gaur goizean. Giltzarrapo adimenduna duten bizikleta elektrikoek eskaintzen duten funtzionalitate berria da. Funtzionalitate horrekin, erabiltzaileak gehienez ere 30 minutuko geldialdia egin dezake, egiten ari den ibilbidean, Dbiziko geltoki batean aparkatu beharrik gabe.

Gaur goizean aurkeztu da funtzionalitate berria, Donostiako Udaletxean, eta aurkezpenean parte hartu dute Olatz Yarza Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak eta Igor Gonzalez Donostiako Tranbia Konpainiako zuzendari gerenteak, hau da, Donostiako bizikleta sistema publikoa kudeatzeaz arduratzen den enpresako zuzendari gerenteak.

Olatz Yarzak nabarmendu duenez, “sistema horren kalitatea are gehiago hobetzeko urratsak egiten jarraitzen dugu, eta funtzionalitate berriak sartzen ari gara, bizikleta publikoa izan dadin hirian mugitzeko lehen aukeretako bat. Duela gutxi Geltoki+ aurkeztu genuen, giltzarrapo adimendunari esker geltoki gehiago izateko aukera, eta orain zerbitzua osatu dugu funtzio berri honekin, zeinarekin bizikleta erakargarriago izatea eta jendeak bizikleta garraiobide gisa aukeratzea bilatzen den”.

Zerbitzu berri hau erabili ahal izateko, aukera hau aktibatu beharko da Dbiziren apparen bidez, bidaia atalean, betiere giltzarrapoa itxi aurretik; izan ere, geldialdia aktibatu gabe ixten bada, bizikleta aparkatzea ezinezkoa izan dela jakinaraziko du appak. Kasu horretan, erabiltzaileak 2 minutu izango ditu bizikletaren giltzarrapoa irekitzeko eta app bidez tarteko geldialdia aktibatzeko.

Gehienez 30 minutuko geldialdia egin ahal izango da, eta denbora tarte horretan bidaia irekita egongo da, erabiltzaileak bidaia Dbiziko geltoki batean edo Geltoki+ plaza batean amaitu arte.

Igor Gonzalezek adierazi du ziur dagoela funtzionalitate berri hau oso ondo baloratuko dutela erabiltzaile guztiek, “denbora irabaztea ahalbidetzen duelako, enkarguak edo izapide azkarrak egiteko baliatu baitaiteke ibilbidea. Horrela, Dbizik herritarren beharretara egokitutako kalitatezko zerbitzua eskaintzeko apustua egiten jarraitzen du.”

Bizikleta elektrikoei jarritako giltzarrapo adimendunari esker garatu ahal izan da aldi baterako geldialdia, eta hori posible izan da Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren (MITMA) Next GenerationEU Funtsen bidez jasotako finantzaketarekin.

Dbizi sistema berritzearen aldeko apustua

Tarteko Geldialdia da Dbizik 2024an aurkezten duen bigarren funtzionalitatea. Horrela, bizikleta elektrikoetan jarritako giltzarrapo adimendunari esker, joan den martxoan Geltoki+ aurkeztu zen. Aukera horrek geltoki periferikoetan aparkaleku gehigarriak eskaintzen ditu, Dbiziko geltokiak beteta daudenean. Horretarako, bizikleten aparkalekuak jarri dira Dbiziko geltoki jakin batzuen inguruetan, erabiltzaileek bizikleta han utzi ahal dezaten helmuga geltokia beteta baldin badago.

Dbiziren berritasun hauekin, Dbizik erabiltzaileei aukera berriak eskaintzearen alde egiten jarraitzen du, aldi berean hirian bizikleta erabiltzea sustatzen jarraituta.

*Europar Batasuneko “Next Generation EU” funtsak finantzatutako proiektua – 2022ko ekitaldiari dagokion NextGenerationEU Europako Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan emisio txikiko eremuak eta hiri garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa digital eta jasangarria ezartzeko udalerrientzako laguntza programaren deialdia.

 

Irakurri

9, 29 eta B3 lineak: aldaketak Intxaurrondoko jaiak direla eta

Intxaurrondoko jaiak direla eta, ekainaren 28tik uztailaren 1era 9-Egia-Intxaurrondo, 29-Hego Intxaurrondo Sur eta B3-Egia-Intxaurrondo lineen ibilbidea aldatu egingo da.

Galizia 18 eta Galizia 28 geltokiak zerbitzurik gabe geratuko dira, Sagastiederreko biribilgunera eta Buztintxulora lekualdatuz. 9-Egia-Intxaurrondo zerbitzuak, joaneko noranzkoan, Baratzategi 2 geltokian (27 eta 33 lineen geltokia) ere egingo du geldialdia.

Irakurri

Aldaketak ekainaren 28tik uztailaren 2ra Altzako jaiak direla eta

Altzako jaiak direla eta, ekainaren 28tik uztailaren 2ra gutxi gorabehera ondorengo aldaketak egongo dira:

L13-B6-B10 LARRATXOrantz

Ibilbidea Anbulategitik, Bertsolari Txirrita eta Larratxotik egin behar da, geldialdi  GUZTIAK eginez.

L27-L31-L38 LARRATXOrantz

Altzako erdiguneraino igoko dira Nerecan eta Txapinene geldialdiak eginez. Altza pasealekutik ezkerretara bira egingo dute eta Anbulategiko biribilgunetik aurrera Bertsolari Txirritatik joango dira Larratxora geldialdiak eginez.

L13-L24-L38-B6-B10 ERDIALDErantz

Ibilbidea Larratxo pasealekutik, San Martzial Eliza, Altza pasealekua eta Santa Barbaratik egin behar da. Geldialdiak egingo dituzte Larratxo pasealekuaren eta Txapineneren arteko bidegurutzean (behin-behineko postea), eta Txapineneko geltokian.  

L13-B6-B10: AZKEN IRTEERAK

27 eta 31 lineen ibilbidea egingo dute. Altzako erdiguneraino igoko dira Nerecan eta Txapinene geldialdiak eginez. Altza pasealekutik ezkerretara bira egingo dute eta Anbulategiko biribilgunetik aurrera Bertsolari Txirrita joango dira Larratxora geldialdiak eginez.

Dbus-ek bat egiten du Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin

Ekainaren 23an, igandean, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio.

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, igandean Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Irakurri

Dbus-ek bei autobus linea berriaren aparkalekua elektrifikatzeko proiektua idazteko lana esleitu du

Kotxetegietako kanpoko aparkalekuaren Elektrifikazio Azpiegitura eraikitzeko proiektuaren idazketa lana esleitu du Dbusek. Obra horrek ahalbidetuko du etorkizuneko BEI (Bus Elektriko Adimenduna) linearen elektromugikortasun beharrak asetzea.

17 Gros-Amara-Ospitaleak linea zerbitzu %100 elektriko bihurtzeko, beharrezkoa da kotxetegietako aparkaleku berria, 2021ean inauguratua, beharrezko azpiegitura elektrikoz hornitzea, linearako aurreikusita dauden 9 ibilgailuak kargatzea ahalbidetuko duten karga estazioak izateko.

Horretarako, pasa den apirilean DTK-k Dbuseko kanpo aparkalekua elektrifikatzeko proiektuaren idazketa lanaren kontratazioaren lizitazioa kaleratu zuen, etorkizunean BEI lineari zerbitzua emateko. Enpresa esleipenduna IP21 Ingeniería de Proyectos SL izan da, eskaintza tekniko onena aurkeztu baitu. Esleipenaren prezioa 75.000 € + BEZa da, hau da, 24.000 € aurrezten da esleipenaren gehieneko prezioarekin alderatuta.

BEI sistema 17 linea osoan

 Linea guztiak aztertu ondoren, 17-Gros-Amara-Miramon linea aukeratu zen BEI-Bus Elektriko Adimendunaren Sistema ezartzeko, linea estrategikoa baita; izan ere, Euskotrenen eta Dbusen arteko intermodalitatea ziurtatzea ahalbidetzen du, Topoa Anoetako geralekutik pasatzeari esker. Gainera, 15 km inguruko ibilbidearekin, linea horrek Gros, autobus eta Renfe geltokiak, Amara, Donostiako ospitale gunea eta Miramongo parke teknologikoa lotzen ditu.

BEI emisiorik gabeko garraiobide elektrikoa izango da, eta hiria jasangarriagoa, kerik gabekoa eta kutsadura maila baxukoa izaten lagunduko du. Gainera, oro har, hobekuntza ugari eskaintzen ditu, eta hobekuntza horiek lagunduko dute erabiltzaileak bidaia esperientzia oso ona izaten. Azpimarratzekoa da, adibidez, autobusera igotzeko eta bidaia egiteko denborak murriztuko direla, sartzeko ate gehiago gaituko direlako, ordaintzeko funtzionalitate batzuk autobusean sartu gabe egin ahal izango direlako, semaforoetan lehentasuna izateko sistemak egongo direlako, etab.

Autobusen barrualdea ere gidariengan zein erabiltzaileengan pentsatuta diseinatuko da,          diseinu abangoardista eta erosoagoa izango dute-eta. Nabarmenduko dira zoruak, zura itxura   izango dutenak, eta argiztapen puntu berriak, esaterako.

Aurreikusita dago, halaber, BEI autobusen markesinek diseinu berritzailea izatea eta funtzionalitate berriak eskaintzea, hala nola informazioa alde bietatik ematen duen pantaila digitala eta 17 linea identifikatzeko totema, LED argiekin eta minutuak adierazita. Zutoinak diren geltokiek ere totema izango dute, baita pantaila digitala ere.

Linearen elektrifikazioarekin, egungo diesel autobusen ordez 18 metroko bederatzi autobus elektriko artikulatu jarriko dira, eta autobus berri horiekin edukiera hobetuko da eta erabiltzaileak erosoago joango dira.

Era berean, BEI linea berria abian jarrita, aurreikusten da urtean 239.528 litro gasolio gutxiago kontsumitu eta 645 Tn CO2 gutxiago isuriko direla.

Erakundeen arteko hitzarmena

 2022ko otsailean Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten hirian autobus elektriko adimendunaren sistema ezartzeko, 25,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Eusko Jaurlaritzak, EAEko 2021-2027 EGEF Programaren bidez, proiektuaren kostuaren %65 kofinantzatuko du, eta Donostiako Udalak, berriz, gainerako %35a, hau da, 9 milioi euro.

 

Irakurri

Ekainaren 23tik aurrera Dbus-ek zerbitzu gehiago emango ditu udan

Ekainaren 23an, igandean, San Joan bezperan, Dbuseko udako zerbitzuak hasiko dira, eta abuztuaren 31ra arte, larunbata, eskainiko dira. Udan, halaber, Dbusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu denboraldiko ekitaldirik garrantzitsuenetarako.

Era berean, uda honetan berriro jarriko da abian Illunbeko aparkalekuaren eta hiriko erdialdearen arteko anezka zerbitzua.

Informazio gehiago (pdf-a)

Irakurri

Dbus-ek ´Salto batean´aurkeztu du

Gaur goizean, Dbusek “Salto Batean” izeneko udako kanpaina aurkeztu du udaletxean. Kanpainak autoaren ordez hiriko autobusak erabiltzera gonbidatzen ditu donostiarrak eta uda honetan Donostiara hurbiltzen diren pertsona guztiak.

Kanpaina fresko eta dibertigarria da, eta Dbusen elementurik ikoniko eta adierazgarriena du protagonista: igela. Animalia hori nahi duen lekura arin iristeko gai da, salto batean!, hori eginda baino ez. Eta simil horrekin herritarrak eta bisitariak gonbidatzen dira garraio publikoa erabiltzera, hiriko edozein toki eta planetara joateko.

Aurkezpenean Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, hartu du parte, eta hau nabarmendu du: “Donostiak garraio publiko sistema inbidiagarria du, eta gure helburuetako bat da horren erabilera sustatzen jarraitzea bai donostiarren artean, bai hiria bisitatzen duten pertsonen artean, batez ere udan. Dbusen bidaiatzea, erosoa eta segurua izateaz gain, efizientea, jasangarria eta irisgarria ere bada, eta hirian mugitzeko funtsezko pieza bihurtu da.

Kanpainaren bidez garraio publikoa erabiltzearen garrantziaz eta erabiltzaileei ematen dizkien onurez sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi da:

  • Garraio publikoan eroso eta modu entretenigarrian bidaiatzen da: musika entzun daiteke, irakurri egin daiteke, eta abar.
  • Dbusen bidaiatzeak lasaiago bidaiatzeko aukera ematen dio erabiltzaileari, norberak gidatzen duenean ez bezala, orduan pazientzia galtzen dugu-eta.
  • Bidaia azkarrago egiten da, izan ere, autobus erreiei esker auto ilarak saihesten dira eta, beraz, helmugara lehenago iristen da.
  • Garraio publikoan bidaiatzea merkeagoa da, aparkalekuaren/TAOren eta gasolinaren gastuak aurrezten dira.
  • Hiri garraioaren erabilera garbia da, trafikoa arintzen baita eta, beraz, ingurumeneko kutsadura eta kutsadura akustiko gutxiago dago.

Igor Gonzalezek, Dbuseko Zuzendari Gerenteak, hau nabarmendu du: “uda garaian errutinatik ateratzen gara, askoz plan gehiago egiten ditugu eta hirian zehar gehiago mugitzen gara, eta Dbusekin hiriko txoko horietara guztietara iritsi gaitezke, eroso eta estresik gabe.”

Kanpaina Donostiako udaren adierazgarri diren plan batzuen 5 irudik osatzen dute, igela protagonista izanda, eta datorren ekainaren 21etik aurrera markesinetan, autobusetan, Dbusen webgunean eta sare sozialetan egongo da ikusgai.

Bide Indarkeriari Stop elkartearen iragarkia

Udako kanpainaren osagarri gisa, prentsaurrekoan spot bat ere aurkeztu da. Spota Bide Indarkeriari Stop elkarteak egin du Dbusen laguntzarekin, eta bere asmoa da hiritarrak animatzea garraio pribatuaren ordez garraio publikoa erabiltzera. Aurkezpenean parte hartu dute, halaber, Rosa Trinidad Bide Indarkeriari Stopeko presidenteak eta Oscar Terol aktoreak, iragarkiko protagonistak.

Bide Indarkeriari Stop izeneko “Bide segurtasunaren babeserako euskal elkartea” 2020an sortu zen, eta helburu argiak ditu: bide ezbeharretako biktimei babesa ematea eta laguntzea eta bide segurtasuneko kultura sustatzea gizartean, gidariak kontzientziatuz eta sentsibilizatuz eta prebentzioaren bidez, errepideetako tragediak murrizteko. Elkarteko lehendakari Rosa Trinidadek hau adierazi du: “testuinguru horretan egin da spot hau, autobusean bidaiatzearen eta autoz bidatzearen artean dagoen aldea erakusteko, eta, horrela, garraio publikoaren erabileraren garrantzia nabarmentzeko.

Gainera, Rosa Trinidadek hau azpimarratu nahi izan du: “garraio publikoak harreman zuzena du gure errepideetako ezbehar tasaren murrizketarekin. Izan ere, ezbehar tasa nabarmen txikiagoa da garraio publikoan automobil pribatuan baino.

Spota datorren ostiralean, ekainak 21, hasiko da ematen Dbuseko autobusetako pantailetan, Dbusen webgunean eta Dbusen zein Bide Indarkeriari Stop elkartearen sare sozialetan.

Irakurri