Author: Esti

“Dbus, zugatik egiten dugu lan”, garraio publikoa sustatzeko kanpaina

COVID-19aren ondoriozko egoeretara moldatuz joateko hainbat hilabetetan gogor lan egin ondoren, Dbusek garraio publikoa sustatzeko kanpaina bat abiarazi du etapa berri honetan, Donostian autobusez mugitzen diren pertsona guztiei kalitateko zerbitzua eman ahal izateko, eta are gehiago egoera berri honetan, Konpainiaren barruan egiten den lana erakutsita eta balioetsita: “Dbus, zugatik egiten dugu lan”. 

Kanpainak erabiltzaileen konfiantza berreskuratu nahi du, eta ilusioa, lana, esfortzua, segurtasuna, ardura eta konpromisoa transmititu, horiek izan baitira Konpainiaren balio nagusiak bere historiako 130 urte baino gehiagotan. Dbuseko sektore desberdinetako langileak dira kanpainaren protagonistak, tartean direla gidariak, administrazioko langileak, garbitzaileak, Mediku Zerbitzukoak eta Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzukoak, Erabiltzaileen Arretarako Departamentukoak eta tailerretakoak.

Herritarrekiko konpromiso horren erakusgarri moduan, hilabete hauetan Konpainiaren erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko prebentzio neurri ugari ezarri dira, autobusen funtzionamendua osasun egoera desberdinetara berehala moldatuta. Autobusen eta instalazioen garbiketa eta desinfekzioa areagotzea, autobusen barruko funtzionamenduaren aldaketa, autobus artikulatu guztiak martxan jartzea, zerbitzuen monitorizazioa edo maskara derrigor erabili behar izatea dira neurri horietako batzuk.  

Era berean, kanpainaren asmoa da autobusek eta garraio publikoak mugikortasun iraunkorrerako sistema diren heinean eta ibilgailu pribatuaren aldean igorpen kutsatzaileen aurkako borrokan duten zeregina bultzatzea. Garraioa da ingurumeneko kutsadura iturri nagusietako bat, eta karbono dióxidoaren igorpenen ia laurdena.

Autobusen erabilera handitzeak nabarmen murriztuko lituzke hiriko kongestio arazoak, autobus baten edukiera 20 ibilgailu pribaturenaren parekoa baita batez beste.  

Kanpaina hainbat euskarritan ikusi daiteke, hala nola Dbusen markesinetan, 4 autobusen errotuluetan, ibilgailuen barruko pantailetan, web orrian eta sare sozialetan. Era berean, bideo bat egin da autobusak eta zerbitzuak martxan jartzeko prest egon daitezen egunero Kotxetegietan eta hiriko kaleetan dabiltzan bitartean ere arretaz egiten den lana erakusteko.

Bideoa ikusgai dago, baita ere, Dbusen Youtube kanalean (dbusdonostia)

 

Irakurri

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Egunarekin

Ekainaren 23an, asteartean, Dravet Sindromearen Inguruko Kontzientziazioa Bultzatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da.

Dravet Sindromea edo Haurtzaroko Epilepsia Miokloniko Zorrotza 4 eta 12 hilabeteko haurrengan agertzen da lehen aldiz, eta konbultsio kloniko edo toniko-kloniko orokor edo aldebakarrekin lotua dago. Orokorrean iraupen luzekoak dira konbultsioak, sukarrarekin edo gabe. Azken ikerketen arabera, gaixotasun honek 20.000 jaiotzetik 1i eragiten dio. 

Dbusek bat egiten du Dravet Sindromea ezagutarazteko eta gaixotasun honen aurka lanean dihardutenei babesa emateko tokiko plataformak egiten dituen ekintzei. Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek Dravet Sindromearen kartela eramango dute egun guztian zehar.

Irakurri

Dbusek memoria aurkeztu du eta 2019aren balantzea egin du

Dbusek 2019ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria aurkeztu du Administrazio Kontseiluan.  

Dbusek urtean zehar bai enpresaren barruan bai kanpoan egin dituen ekintzen laburpen zabala da dokumentua. Memoriak alderdi ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak hartzen ditu bere baitan, eta, besteak beste, eskainitako zerbitzuarekin lotura duten alderdiak, egindako jarduketak, autobusen flotari buruzko datuak eta Dbus partaide izan deneko proiektuak zein 2019an egin dituen ezarpen teknologikoak zehazten ditu. Era berean, bere orrialdeetan bidai kopuruak eta garraio titulu desberdinen erabilera, emaitza ekonomikoak eta Konpainiak jaso dituen errekonozimenduak aztertzen dira. 

Horrez gain, memoriak bereziki azpimarratu ditu kudeaketa etikoa eta garapen iraunkorra, eta Dbusek alderdi sozial, ekonomiko eta ingurumenekoekin zein bere langileekin hartutako konpromisoaren isla garbia da; kudeaketan eta zerbitzuaren kalitatean bikaintasuna lortze aldera enpresak egindako apustuaren baitan sartzen dira horiek. 

Memoria ikusi (pdf-a)

Irakurri

Solaris High Energy+ bateriak dituen solaris etxearen autobus %100 elektrikoa probatuko du Dbusek

Hiru astean, Dbusek Solaris High Energy+ bateriak dituen Solaris etxearen lehen autobus %100 elektrikoa probatuko du Donostian. Solaris Urbino 12 electric modeloa da, 12 metrokoa eta igorpen kutsatzailerik eta igorpen akustikorik gabekoa. Modelo honen 1.000 unitate baino gehiago daude jada zirkulazioan, Europako 18 herrialdetako 75 hiri baino gehiagotan, eta 35 milioi km baino gehiago ibili dituzte, eta Dbusen probatuko den autobusa da bateria berri horiek dituen lehena.  

Proiektu pilotua 26-Amara-Martutene linean gauzatuko da, benetako zerbitzu batean eta bidaiariekin, izan ere, linea horretan hainbat teknologiatako autobusak ari dira funtzionamenduan eta horrek autobus horien funtzionamendua konparatzea ahalbidetuko du. Ibilgailua Solarisek utzitakoa izango da, eta 200 km baino gehiagoko autonomia dauka High Energy+ baterien teknologiari esker, eta soilik Kotxetegietan eta gauez kargatzen da. Donostian zerbitzuan ematen ari dela probatzeko, Dbusen autobus flotaren informazio sistemetara egokitu da. Konpainiaren autobusen beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola zoru baxuko plataforma eta gurpildun aulkiak sartzeko arrapala. 

Gaur aurkeztu da proba pilotua, Donostiako Udaletxean, eta bertan hartu dute parte Mugikortasun eta Garraioko Zinegotzi Pilar Aranak; Dbuseko Zuzendari Gerente Igor Gonzalezek; Solariseko Estrategia eta Eraldaketa Zuzendari eta CAF Ibilgailuetako Eraldaketa Zuzendari  Javier Iriartek; eta Solaris Bus Ibericako Zuzendari Nagusi Kepa Mendikutek.

Dbusen eta CAF Taldearen arteko bigarren lankidetza proiektua da, jada 2018an autobus hibrido-elektriko bat probatu zuen-eta Donostian, eta SOLARIS Urbino Hybrid 12 modeloko 12 metroko 19 autobus hibrido ere badauzka. Ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren aldeko apustu honetan, Dbusek beste fabrikatzaile batzuen 19 autobus hibrido eta 3 autobus %100 elektriko ere badauzka, eta Euskadiko flotarik iraunkorrenetako bat da.

Proiektu pilotu honekin, CAF Taldeak eta Dbusek Donostian mugikortasun elektrikoa bultzatzen laguntzen dute, Donostiako autobus linea batzuen ezaugarrietara egokitzen den eta teknologikoki berritzailea den irtenbide bat egiaztatuz.

Irakurri

Hasierako geltoki berria 45 linean

Maiatzaren 18tik aurrera, astelehena, aldatu egingo da 45 lineak (Renfe-Bus Geltokiak-Antiguo-Aiete) Aieten duen hasierako geltokia. 

Hasierako geltoki berria Bera Bera 133 izango da. Lineako ordutegiak ez dira aldatuko.

Irakurri

Dbus-ek autobus artikulatu berriak jarri ditu zerbitzuan, haur aulkietarako eta gurpildun aulkietarako hiru lekurekin

Dbusek 18 metroko lau autobus artikulatu berri jarri ditu zerbitzuan. MAN etxearen Lion´s City G Euro 6 modeloko autobus artikulatuak dira, eta duela gutxi iritsi dira Kotxetegien instalazioetara. Azken asteetan egokituz joan dira, zerbitzua ematen hasi ahal izateko. COVID-19a dela eta, autobusen leku kopuru maximoa aldatu da eta autobus artikulatu berriak zerbitzuan jartzen direnean egungo autobusen leku kopuru maximoa handitu ahal izango da bidaietan

Autobus berriak pasa den urtean flotan sartu ziren 18 metroko azken autobusen berdinak dira, baina nobedade garrantzitsu bat daukate. Autobusen erdiko aldean gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta dauden hiru leku daude, gune horretan leku gehiago eskainita. Hiru lekuak behar bezala seinaleztatuta daude eta aldi berean autobus horiek seinale bat daukate aurreko aldean zein erdiko atean, erabiltzaileek kanpotik identifikatu ahal ditzaten. Autobus artikulatuak 2 edo 3 leku dituen adierazten du pegatina horrek.

Gaur egun, Dbusek dituen 12 eta 18 metroko autobusek gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatutako bi leku dituzte erdiko gunean. Gurpildun aulkian edo haur aulki batekin sartzen diren erabiltzaileak erdiko atetik sartzen dira, eta erdiko plataformaren gunean makina balioztatzaile bat daukate. Mikrobusen kasuan, leku bakarra dute gurpildun aulkietarako eta haur aulkietarako erreserbatuta. Hemendik aurrera, flotan sartuko diren autobus artikulatu berrietan haur aulkietarako leku berri hori gehituko da apurka-apurka.

 

 

Irakurri

Objektu galduen entrega Dbusen – COVID-19

COVID-19a dela eta, Dbuseko autobusetako objektu galduen kudeaketa aldatu da. Hurrengo abisura arte, objektu galduak Udaltzaingoan erregistratuko eta entregatuko dira (943 48 13 00), Udaltzaingoa izango baita objektu galduak kudeatzeaz eta erabiltzaileei entregatzeaz arduratuko dena.

Dbusen Erabiltzaileen Arretarako bulegoa, Kotxetegietan dagoena (Fernando Sasiain, 7), jendearentzat itxita dago, baina telefonoz (943 000 200) eta posta elektroniko bidez  ([email protected]) erantzuten jarraituko du.

Irakurri