Author: Esti

Vectiaren autobus hibrido-elektriko bat probatuko du Dbusek

Garraio gero eta iraunkorragoaren alde konprometituta, Dbusek proiektu pilotu bat aurkeztu du, non CAF Taldeko Vectia enpresak fabrikatutako autobus hibrido-elektriko bat probatuko duen. Proiektuak 6 hilabete iraungo du gutxi gorabehera, aurtengo irailetik 2019ko otsailera arte, eta hiriko ekialdean dabiltzan autobus lineetan probatuko da: 9-Egia-Intxaurrondo, 13-Altza eta 14-Bidebieta; hau da, Altza, Bidebieta, Gros, Egia eta Intxaurrondo auzoetan zerbitzua ematen duten lineetan probatuko da.

Veris.12 Partial Electric modeloa da, 12 metrokoa. Autobusa modu hibridoan zein modu elektrikoan dabil, kanpoko kargaren premiarik gabe; beraz, ez du azpiegiturarik behar, ez linean, ez Kotxetegietan. Autobusak GPS bidez trukatzen ditu gidatze moduak, beraz. ez du gidariaren esku-hartzerik behar. Zehazki, Erdialdean, Grosen, Altzan (Harria parkea-Lauaizeta) eta Bidebietan ibiliko da modu elektrikoan, %100ean.

Irtenbide teknologiko malgua

Irtenbide teknologiko malgua da, eta kutsadura eta zarata murriztea ahalbidetzen du. Autobus hau martxan jartzeak CO2 igorpenak murriztea ahalbidetuko du modu hibridoan funtzionatzen duen lekuetan; eta erabat modu elektrikoan funtzionatzen duen lekuetan, berriz, ez dute batere CO2rik igorriko.

Era berean, Vectiaren autobusak berrikuntza teknologiko batzuk ditu, efizientzia energetikoa handitzera bideratuta, hala nola freno birsortzailea, freno pedalari sakatuta erregaiaren kontsumoan aurrezten uzten duena, edo start&stop sistema, zeinarekin modu hibridoan zirkulatuta autobusak geldialdi bat egiten duenean motorra gelditzen baita.  Gainera, ibilgailua %100 elektriko bihurtu daiteke bere bizitza baliagarriaren edozein unetan, lineako aukerako karga sistema erabiliz (OppCharge estandarra betetzen du).

Donostiako alkate Eneko Goiak adierazi duenez, Dbusek garraio elektriko eta iraunkorraren alde egiten duen apustuak “beste bidaide bat dauka, CAF da, hain zuzen, bidaide hori “. Donostiako alkateak uste du autobusen konpainia bere flota berritzeko eta igorpenak murrizteko ematen ari den urratsak babes sendoa izan behar direla teknologia garbiak garatzen ari diren lurraldeko enpresetan. Hala, CAFek bere modelo berriarekin egingo duen proba balioetsi du, bere modelo berriarekin erabat interesgarriak diren prestazioak dituen autobus bat egiaztatu ahal izango baita, eta horrek urrats gehiago emateko balio ahal digu”.

“Oso pozgarria da garraio elektrikoaren alde egiten ari garen apustu honetan urrats berriak eman ahal izatea Gipuzkoako enpresa baten eskutik. Lankidetza publiko-pribatu honek alde biei egiten die on, eta hori da jarraitu nahi dugun bidea”, esan du bukatzeko.

CAFeko Negozioetako eta Teknologiako Zuzendari Korporatibo Josu Imazek, berriz, eskerrak eman dizkio Dbusi emandako laguntzagatik, eta azpimarratu du Vectiarentzat garrantzitsua dela bere produktuak Donostian ezagutaraztea eta Dbusekin elkarlanean aritzea, garraioko iraunkortasunean erreferentziakoak diren garraio operadoreetako bat baita.

“Dbusek eta CAFek elkarrekin garatutako lehen proiektua da hau, eta seguru gaude etorkizunean bion arteko lankidetza hori areagotu egingo dela. Izan ere, pozik esan dezakegu enpresa biak, proiektu honetaz aparte, jada proiektu berri bat aurreikusten ari direla CAF teknologia frogatzeko, hiriko linea baten %100 elektrifikatzeko aukerarekin, linea ibilgailu eta karga gune berriak jarrita.”

Vectia CAF Taldeko enpresa bat da, eta beste hiri  batzuetan ere badu autobusak funtzionamenduan, hala nola Bartzelonan, Valladoliden, Vitoria-Gasteizen, Iruñean edo Irunen. Era berean, CAF Taldea mugikortasunaren alde egiten ari den apustuaren barruan, berriki erosi duen Solaris enpresarekin, CAFek bere produktu gama osatu du, eta hiri mugikortasun iraunkorreko sistemetan Europan zuen lidergoa indartu.

Ildo horretan, Dbusek SOLARIS etxearen Urbino Hybrid 12 modeloko 19 autobus hibrido dauzka eta ingurumena gehien errespetatzen duten flotetako bat dauka. 2018aren bukaerarako aurreikusten da 12 metroko autobusen erdia elektriko-hibridoak izatea, gutxi gorabehera.

Proiektu pilotu honekin, CAF Taldeak eta Dbusek Donostian mugikortasun elektrikoa bultzatzen laguntzen dute, Donostiako autobus linea batzuen ezaugarrietara egokitzen den eta teknologikoki berritzailea eta malgua den irtenbide bat egiaztatuz.

 

 

 

 

 

Irakurri

“Zurekin edonora”: Dbus-ek bat egiten du Mugikortasun Iraunkorrararen Europako Astearekin

Irailaren 16tik 22ra arte Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatuko da eta, hori dela-eta, Dbusek “Zurekin edonora” kanpaina abian jarri du, Donostiako Udalaren Mugikortasun Departamentuak aste horretarako bultzatu duen programaren barruan, garraio publikoaren erabilera bultzatzeko eta autobusetan elkarbizitza sustatzeko, erabiltzaileen artean autobusa errespetuz eta elkartasunez erabiltzea bultzatuta.

Kanpainarekin, “Laguntzaileak” ekimenari jarraipena eman nahi zaio, zeina pasa den maiatzean abian jarri baitzen autobusa belaunaldi desberdineko pertsonen arteko elkarbizitza gune gisa sustatzeko eta autobusetan seguru eta eroso bidaiatzeko aholku praktiko batzuk emateko. Aurreko kanpainan arrapala nola erabili edo haur-aulki batekin autobusera nola igo azaltzen zen, besteak beste, eta oraingoan, berriz, antolatutako jarduerekin autobusa ondo erabiltzeko eta autobusean bidaiatzen duten gainerako pertsonak aintzat hartzeko mezua bidali nahi da, hainbat ideia azpimarratuta. Esaterako, aipatzen da garrantzitsua dela autobusean azkarrago sartzea eta autobus barruan ibiltzea erraztea, autobusaren barruan paketeak egoki garraiatzea, ibilgailua ez zikintzea edo musika bolumen altuan eramanda beste erabiltzaileak ez molestatzea.  Hitz batean, helburua da Dbusen bidaiatzen duten pertsona guztien esperientzia hobetzea, baita gidariena ere.

Horretarako, bi jarduera osagarri antolatu dira autobusen barruan, irailaren 19, 20 eta 21erako. Hauek dira jarduerak:

– Perchinga mezu praktikoekin, autobusetan:  hiru egun horietan autobusen barruko barretan denontzat bidaia atseginagoa izateko 7 aholku egongo dira.

– Mikroantzerkia autobusetan: antzezpen batzuk dira, erabiltzaileei autobusetan gertatu ohi diren egoerak modu atseginean eta entretenigarrian azaltzeko, eta garraio publikoa leku atseginagoa egiten duten praktika onez ohartarazteko. Perchinga autobusen barruko barretan jarriko den egun berberetan egingo dira antzezpenak. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:30era, Dbuseko hainbat lineatan.

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea 2002az geroztik ospatzen da, eta garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ingurumenarekin arduratsua den mugikortasunaren garrantziaz sentsibilizatzea dira bere helburua. Edizio honetan, Europako 1.800 udalerri inguruk parte hartuko dute, eta Donostiakoa da horietako bat. Ildo horretan, Dbusen kanpainaren asmoa da autobusaren erabilera sustatzea eta erabiltzaileak ohartaraztea autobusa ondo erabiltzea garrantzitsua dela bidaiaren esperientzia hobetzeko.

“Laguntzaileak” aurreko kanpaina bezala, “Zurekin edonora” kanpaina ere Donostiako Udalak bultzatutako Goazen Donostia estrategiaren barruan sartzen da. Estrategia horrekin, Donostiako Udalak nahi du gure hiria eta Dbuseko autobusak elkargune eta elkarbizitzarako leku lagunkoiak izatea.  

Informazio gehiago

Irakurri

Dbus-ek bat egiten du Fibrosi Kistikoaren Munduko Egunarekin

Irailaren 8an, larunbatean, Fibrosi Kistikoaren Munduko Eguna ospatuko da. Egun horretan, Euskal Herriko Fibrosi Kistikoaren Elkarteak (FQ Euskadi) jarduerak antolatuko ditu eta Dbusek bat egin nahi du jarduera horiekin.

Horregatik, bihar, larunbata, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Dbus-eko geltoki berria 27, 31, 33 eta 38 lineetan

Dbuseko zerbitzua hobetzeko, irailaren 10etik aurrera, astelehena, 27-Altza-Intxaurrondo-Antiguo-Gros, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza, 33-Larratxo-Intxaurrondo-Antiguo-Berio eta 38-Trintxerpe-Altza-Molinao lineek geltoki berri bat edukiko dute Herreran, Txingurri 40an:

– 27 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo III eta Garbera geltokien artean.

– 31 linea: Loiola alderantz, Larratxo III eta Poligono 27ko biribilguneko geltokien artean.

– 33 linea: Intxaurrondo alderantz, Larratxo I eta Otxoki geltokien artean.

– 38 linea: Trintxerpe alderantz, Larratxo III eta Txingurri 29 geltokien artean.

Era berean, 31-Intxaurrondo-Ospitaleak-Altza lineak Altzako Anbulatorioan ere egingo du geldialdia. Geltoki hau Santa Barbara eta Nerecan geltokien artean kokatuta dago eta orain arte geltoki horretan 13-Altza eta 38-Trintxerpe-Altza Molinao lineak baino ez ziren gelditzen.

 

5-Benta Berri linearen zerbitzuak igande eta jaiegunetan

Irailaren 2tik aurrera, igandea, Dbuseko 5-Benta Berri lineako autobusak Matia kaletik ibiliko dira berriro igande eta jaiegunetan, egun horretan Matia kalea oinezkoentzako kale bihurtzeko probaldia amaituta egongo baita.

Horregatik igande eta jaiegunetan Matia, Benta Berri eta Resurreccion Maria de Azkueko geltokiak erabiltzeko prest jarriko dira, eta normaltasunez funtzionatuko dute.

Horrela, 5-Benta Berri linea Matia kaletik ibiliko da beti, Express zerbitzuetan izan ezik, horiek lanegunetan 7:00etatik 9:00etara ematen baitira Unibertsitateen aldeetan zerbitzu hobea emateko.

Irakurri

Dbuseko autobusen erabilera masiboa Aste Nagusian, 756.826 bidaia egin dira

2018ko Aste Nagusian autobusaren erabilera masiboa izan da hirian. Momentuz astea guztian zehar, abuztuaren 11tik, larunbata, abuztuaren 18ra, larunbata, 756.826 bidaiari izan ditu Dbus-ek. Alegia, %1,47ko hazkundea 2017an erregistratutako 745.897 bidaien aldean. Zifra hauekin, oraindik probisionalak, Dbus-eko autobusak berriro ere garraiobide publiko erabilienak izan dira Donostiako jaietan.

2018ko Aste Nagusian erabilera gehieneko egunak hauek izan dira: abuztuaren 14, asteartea, Ama Birjinaren bezpera, 111.845 bidaiarirekin; abuztuaren 13a, astelehena, 98.541 bidaiarirekin; eta abuztuaren 11, larunbata, 97.573 bidaiarirekin.

Bidaiarien eguneroko banaketa ondorengoa da:

  • Abuztuaren 11, larunbata: 97.573 bidaiari
  • Abuztuaren 12a, igandea: 75.706 bidaiari
  • Abuztuaren 13a, astelehena: 98.541 bidaiari
  • Abuztuaren 14a, asteartea: 111.845 bidaiari
  • Abuztuaren 15a, asteazkena: 89.704 bidaiari
  • Abuztuaren 16a, osteguna: 93.604 bidaiari
  • Abuztuaren 17a, ostirala: 97.258 bidaiari
  • Abuztuaren 18a, larunbata: 92.595 bidaiari

Aste Nagusian zehar gehien erabili diren lineak hauek dira: Amara (17, 21, 26 eta 28 lineak) 199.315 bidaiarekin, hazkunde ikaragarria izan dute; Benta Berri eta Añorga (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak) 165.959 bidaiarekin; Altza (13 linea) 93.824 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondo (8, 9, 29 eta 42) 81.516 bidaiarekin; Aiete (18, 19, 23, 32 eta 46 lineak) 50.584 bidaiarekin; eta Bidebieta (14 linea) 31.206 bidaiarekin. Gainera mikrobus lineetan 24.924 bidaia erregistratu dira.

Zifra hauek Dbus-en zerbitzuen indartzeari esker lortu dira, izan ere 23.000 zerbitzu baino gehiago eskaini baitira egun hauetarako. Zerbitzu hauek 268 gidariren eskutik eman dira, beste 42 pertsonaren laguntzarekin, batez ere inspektore, tailerretako langile, eta koordinazio lanetan eta autobus flotaren funtzionamendua zaindu duten ezinbesteko beste hainbat langileri esker.

(Argazkia: aitonaldape)

Irakurri

Geltokien eta ibilbideen aldaketak Dbus-eko 26, 41 eta B4 lineetan

Abuztuaren 8tik aurrera, asteazkena, 26-Amara-Martutene, 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Riberas-Martutene lineek beren ibilbideen zati bat eta geltoki batzuk aldatuko dituzte Amaran eta Martutenen, puntualtasuna hobetzeko eta Martutene, Txomin, Loiola eta Erriberetako erabiltzaileei zerbitzu hobea eskaintzeko. Horrela errazago izango da lineetarako ezarritako ordutegia betetzea.

  • 26-Amara-Martutene:

– Martutene alderantz: Antso Jakituna 12, Madril 10 eta Pilareko Ama geltokiak kenduko dira. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.  Urbieta 58 geltokia kendu egingo da eta Mendeurrena geltokira eramango da.

– Erdialderantz: Pilareko Ama eta Antso Jakituna 11geltokiak kenduko dira. Martutenen, Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

  • 41-Gros-Egia-Martutene eta B4-Amara-Erriberak-Martutene:

Pilareko Ama geltokia kenduko da. Martutenen Larrun Mendi izango da linearen geltoki burua.

* Egungo Pilareko Ama geltokia erabiltzen dutenentzako oharra:  biribilgune berriaren ondoan, geltoki bat prestatuko da gasolindegiaren sarreran eta geltoki honetan autobusek denbora egingo dute. Kendu egingo den Pilareko Ama geltokitik 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltoki hau, eta Larrun Mendi bukaerako geltokia ere 70 metro eskasera egongo da behin-behineko geltokitik. Behin-behineko geltoki honetan erabiltzaileek igo eta jaitsi ahal izango dute.

24-27-41 lineak ohiko ibilbideak egiten ari dira Astiñeneko zubia ireki ondoren

Astiñeneko zubiko lanak bukatu direla eta, Dbuseko 24, 27 eta 41 lineak beren ohiko ibilbideak egiten ari dira.

  • 27-ALTZA-GROS-ANTIGUO-INTXAURRONDO

Larratxo alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta La Salle, Patxillardegi, Loiola Parking, Bartzelona 26, Bartzelona 10 eta Toribio Alzagako geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Zorroagako pasealekua (behin-behineko zutoina) eta Erriberako Pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia).

Antiguo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 27-ALTZA-INTXAURRONDO-ANTIGUO-GROS

Loiola alderantz: Loiolan zerbitzua ematen hasi da berriro eta Aralar Mendilerroa 34, Patxillardegi eta Loiola Parkingeko geltokiak lehengora bueltatu dira.
Obrek iraun duten bitartean Nemesio Etxanizen egon den behin-behineko geltokia, ordea, zerbitzurik gabe geratu da.

Larratxo alderantz: aldaketarik gabe.

  • 41-GROS-EGIA-MARTUTENE:

Martutene alderantz: ohiko ibilbidea egiten hasi da.

Gros alderantz: Geltoki hauek lehengora bueltatu dira: Bartzelona Hiribidea 35, Bartzelona Hiribidea 15, Egia 17, Frantziskotarrak, Mandasko Dukea 3 eta Euskadi plaza.
Obrek iraun duten bitartean egon diren behin-behineko geltoki hauek, ordea, zerbitzurik gabe geratu dira: Nemesio Etxaniz (behin-behineko zutoina), Erriberako pasealekua (hiri arteko autobusen geltokia) eta Maria Cristina zubia.

 

 

Donostiako Udalak kanpaina bat abiarazi du Dbusen autobusen bidez GGEE-en Aldarrikapen Unibertsala aditzera emateko

Uztail-abuztuetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko artikulu banarekin “jantziko” dira Dbuseko 30 autobus. Nazio Batuen Erakundearen Biltzar Nagusiak onartu zituen, 1948an. Diseinatzaile profesionalek kartel bidez eginiko artelanez ilustratuta egongo dira 30 artikuluok —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—. EHUk bultzatzen duen Giza eskubideei begira erakusketa kolektiboa eratzen dute kartelek.

Giza Eskubideen Bulegoak antolatu du ekimena, eta helburu du dokumentu horretan jasotako balio eta eskubideak aditzera ematea, aipatu agiri hori mugarritzat baitute Giza Eskubideen historian, aurreneko aldiz, mundu osoan eta pertsona guztientzat babestu beharreko oinarrizko eskubideak ezarri zituelako. Dokumenturik itzuliena da munduan, 500 hizkuntzatan baino gehiagotan eskuragarri baitago.

Kanpainaren aurkezpenean Donostiako alkate Eneko Goiak nabarmendu duenez, garrantzitsua da herritarrak jakitun jarri eta sentikor bihurtzea gizakiok ditugun askatasun eta eskubideez, ez dela inor berezi behar “arraza, larru kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”, aldarrikapenak berak jaso bezala.

Ibilbide pedagogikoa eta argitalpena

Eneko Goiak gogorarazi bezala, Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko Eskerrak Giza Eskubideei erakunde arteko ekimenean sartzen da. Hartan, Autonomia Erkidegoko hiru hiruburuetako udalek, foru aldundiek, EUDELek eta EHUk parte hartzen dute, eta helburu du giza eskubideak sustatzea, aldarrikatzea eta babestea.

“Ikusizko formatu ibiltari hori eta udaldia aukeratu dituzte mezua  gera dadin uda honetan bisitari etorriko zaizkigun hamaika eta hamaika lagunengan. Donostia Giza Eskubideen alorrean erreferentziazko hiri konprometitua delako, eta ekin eta ekin horretan jarraituko dugulako eginkizun  horretan”.

Gainera, ekinaldi honetan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala poltsiko argitalpen batean berrargitaratuko du Donostiako Udalak, ikastetxeetan eta herritarren artean banatzeko, abenduaren 10aren inguruan, aldarrikatu izanaren 70. urteurrena betetzeko delako.   Gainera, ospakizun horrekin batera, ibilbide pedagogiko bat eratuko dute Aiete parkean, hain zuzen ere, aldarrikapenaren 30 artikuluak aditzera eman eta haien gainean gogoeta egitera gonbidatzeko, “joandako urteak gorabehera, erreferente etikoa izaten jarraitzen du, estatu, herri eta nazioetarako. Eta indarrean dirau, zoritxarrez —deitoratu du alkateak—, egunetik egunera eskubide horiek urratzen jarraitzen dutelako mundu osoan”.

 

 

 

Irakurri