Author: Esti

Dbusek bat egiten du Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin

Dbusek bat egiten du apirilaren 8an ospatuko den Ijito Herriaren Nazioarteko Egunarekin. 

Horregatik, bihar, ostegunean, Donostiako hiri autobus guztiek ijitoen bandera eramango dute egun osoan zehar, Dbus herri horren aitorpena bultzatu eta ijitoen komunitatea errespetatuta beraiekin batera bizitzen lagunduko duten jardueren alde dagoela erakusteko.

Irakurri

Dbusek Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Egunarekin bat egiten du

Datorren apirilaren 2an, ostirala, Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna izango da eta Dbusek bat egiten du egunarekin. Horregatik, ostiral honetan, Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan, autismoaren espektroko nahasmendua duten pertsona guztiei eta haien senideei babesa erakusteko eta gizartean kontzientziazioa handitzeko Gautenak (Autismoaren Gipuzkoako Elkartea) antolatutako jardueretan laguntzeko. 

Irakurri

DTK-k memoria aurkeztu du eta 2020aren balantzea egin du

DTK-k 2020ko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak eta Erantzukizun Sozial Korporatiboari buruzko Memoria aurkeztu ditu Administrazio Kontseiluan. Memoria jada eskuragarri dago esteka honetan: 2020. urteko memoria.

2020a aurrekaririk gabeko urtea izan da, Covid-19ak, gizarteari maila guztietan asko eragin dion munduko pandemiak, markatuta egon baita. Garraio publikoa, oro har, asko kaltetu da, eta Dbusen eskaria %60,20koa izan da. Hala eta guztiz ere, konpainian lan egiten duten langile guztien konpromisoari, ahaleginari eta malgutasunari esker, zerbitzu segurua, kalitatekoa eta erakundeek ezarritako aldaketetara eta jarraibideetara egokitua eskaini da.

Konpainiak egunez egun ahalegintzen jarraitzen du, garbiketa protokoloak eta segurtasunekoak ezarriz, kalitateko zerbitzua eskaintzen jarraitu ahal izateko eta erabiltzaileen konfiantza berreskuratu ahal izateko, horiek baitira egungo testuinguruan konpainiak dituen helburu nagusiak.

Informazio gehiago (pdf-a)

 

Irakurri

Dbus-ek kotxetegien instalazioak handitu ditu kanpoaldean aparkaleku berri bat jarrita

Gaur aurkeztu dute Donostiako Marrutxipi inguruan dauden Dbuseko Kotxetegietan egindako handitze lana. Kanpoaldean egindako aparkaleku berria da. Aparkaleku horretan erraz aparkatu ahal izango dira flotako ibilgailu guztiak, flota etengabe hazten eta berritzen ari baita, Donostiako garraio publikoaren zerbitzura autobus berriak sartzen jarraitu ahal izateko. Aurkezpen ekitaldia instalazioetan egin da, eta bertan parte hartu dute Donostiako alkate Eneko Goiak, Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak eta Dbuseko zuzendari gerente Igor Gonzalezek.

Eneko Goia alkateak adierazi duenez, “handitze honi esker, autobus-sistema publikoak zerbitzurik onena ematen jarraituko die erabiltzaile guztiei, eta, gainera, konpainia gisa duen bilakaerarekin bat datorren espazio moderno eta praktikoa emango dio”.

Aparkaleku berriak 6.000 m2-ko azalera du, eta 12 eta 18 metroko autobusetarako 26 plaza ditu. Aparkaleku osoa kanpoan dago, eta teilape perimetral bat dauka, barruan estalita ibiltzeko. Horrez gain, zarataren aurkako pantailak eta segurtasun kamerak dauzka eta argiztatuta dago. Ura, elektrizitatea eta airea hartzeko hornidura guneak ere baditu, mantentze lanetarako. Gaur egungo Kotxetegien eraikinaren ondoko orubean dago. Kotxetegi horiek 2003an eraiki ziren eta autobusen belaunaldi berriaren premiei eta flota kudeatzeko behar den guztiari erantzuteko behar diren erraztasun eta baliabide guztiak dituzte. 

Era berean, aparkaleku berria gehituta, Kotxetegien eremurako sarbideak aldatu dira, eta Konpainiako langileentzat beste aparkaleku plaza batzuk gehitu dira. Mons pasealekua eta Fernando Sasiain kalea lotu eta Kotxetegien eraikin nagusia aparkaleku berritik bereizten zuen bidea ere lekuz aldatu da, metro batzuk beherago, Zubiaurrerantz. Horrela, beraz, Kotxetegien eraikina aparkaleku berriarekin konektatuta dago barrutik.

2021ean enpresak 135. urteurrena egiten duen egun berean aurkeztu da instalazioen handitze lanen emaitza, izan ere, enpresa 1886an eratu zen, gaur egun dagoen lekutik metro gutxira, Ategorrietako Kotxetegi zaharretan.  Azken urteotan flota apurka-apurka handitu denez, beharrezkoa izan da Kotxetegietako aparkalekuen lekua handitzea. Gaur egun, Dbusek duen flota ingurumenaren aldetik jasangarrienetariko bat da. 139 autobuseko flota da, tartean direla 12 metroko autobusak eta 18 metroko autobus artikulatuak, eta 12 metroko flotaren erdia, gutxi gorabehera, elektriko-hibridoa da.

Flota moderno, eroso, seguru, irisgarri eta jasangarria eskaintzeko konpromisoan beste urrats bat eginez, Dbus lanean ari da autobus artikulatuak ere berritzeko. Gaur egun 18 metroko 34 autobus dauzka, eta aurreikusita dago urte honen amaierarako 9 autobus artikulatu hibrido berri zerbitzuan jartzea. Autobus artikulatu hibrido horiek Dbusek teknologia horrekin erositako 18 metroko autobusen lehen unitateak izango lirateke.

 

 

Irakurri

Dbus-ek, dibertsitate funtzionala duten pertsonekin eta adineko pertsonekin batera, autobusen ezaugarriak aztertu ditu

Dbus bi egunetan aritu da lanean dibertsitate funtzionala duten pertsonekin eta adineko pertsonekin autobusen ezaugarriak eta funtzionaltasunak aztertzeko. Lan saio horiek Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailaren eta Donostia Lagunkoia programaren laguntzarekin egin dira. Programa horrek adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta hiria leku atseginago bat bihurtzeko lan egiten du.

Kotxetegien instalazioetan egindako saioetan, Begiris, Begisare, Elkartu, Gautena eta ONCE elkarteetako kide batzuk eta Donostia Lagunkoiarekin lankidetzan aritzen diren adineko pertsonak batzuk Dbuseko hainbat departamentutako arduradunekin batera aritu dira autobus flotaren ibilgailuen ezaugarriak eta hiri garraioa kolektibo horientzat garraiobide irisgarriago, atseginago eta seguruago bihurtzeko egin daitezkeen hobekuntzak ere  aztertzen.

2009az geroztik, Dbuseko autobus guztiak %100 irisgarriak dira, izan ere, zoru baxua eta arrapala dituzte aulki gurpildunak edo haurren kotxeak dagokien lekura iristeko. Era berean, 2020. urtearen amaieran flotan sartutako azken ibilgailuek hainbat hobekuntza dituzte, hala nola barra guztietan geldialdia eskatzeko sakagailuak eta braillez egindako errotulazioarekin, mugikortasun urriko pertsonentzako eserleku guztiak (eserleku berdeak) autobusaren martxaren noranzkoan kokatuak eta eserleku eredu berri eta ergonomikoago batekin, erdiko aldean haurren kotxeetarako eta aulki gurpildunetarako leku gehiago, sarrera zabalagoarekin eta oztoporik gabe, maniobrak errazago egin ahal izateko, edo kontraste handiagoa kanpoko zein barruko karteletan.

Azken urteetan Dbus bere historiako berrikuntzarik handiena egiten ari da, eta une honetan ibilgailuek 6,7 urte dituzte batez beste. Ildo horretan, aurreikusita dago urte amaieran flotako lehen autobus artikulatu hibridoak zerbitzuan sartzea, eta autobus horiek ere esandako ezaugarriak izango dituzte.

Irakurri

Autobusak zerbitzua ematen ari diren bitartean autobusen barruan dagoen CO2 maila eta aire berriztapena aztertu ditu Dbus-ek

Autobusak zerbitzua ematen ari diren bitartean aire berriztapena eta airearen kalitatea zer-nolakoak diren aztertu du Dbusek, eta berretsi du aireztapena hobetzeko ezarri diren neurriak egokiak direla.

COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurrien barruan, Dbusek autobusetako aire berriztapena eta CO2 kontzentrazioa aztertu ditu, autobusak benetako zerbitzua ematen ari ziren bitartean, hau da, erabiltzaileak autobus barruan zeuden bitartean. Azterketa hori egiteko neurketa ekipo eramangarriak eta flotako ibilgailuetan instalatutako zundak erabili dira, garraio publikoa erabiltzen duten pertsonen eta garraio publikoan lanean ari diren pertsonen segurtasunaren alde lan egiten jarraitzeko.  

Azterketan zerbitzuaren baldintza guztiak hartu dira kontuan, okupazio  mailarik handieneko lineak eta ordu tarteak sartuta, bai eta Dbuseko flotako ibilgailu mota guztien ezaugarriak ere (mikrobusak eta 12 eta 18 metroko autobusak). Azterketa Efinerrek egin du. Efizientzia energetikoan aditua den aholkularitza enpresa bat da eta airearen kalitatea monitorizatzeko hainbat proiektu egin ditu.

Azterketa horretatik ateratzen den ondorioa da Dbuseko autobusetan, okupaziorik handieneko egoeretan, airea 13 segundoan behin berritzen dela, hau da, minutuko 5 aldiz gutxi gorabehera. Tasa hori gomendatzen den aire berritzearen tasa baino 9-10 aldiz handiagoa da.  Geltokietan ateak irekiz eta ibilgailuko leihatilak eta sabai leihoak irekiz lortzen den aireztapenarekin eta ibilgailuaren aireztapen eta klimatizazio sistemekin lortzen da aire berritzearen tasa handi hori.

Airearen kalitateari dagokionez, azterketatik ondorioztatzen da kalitate ona dela. Autobusetako CO2ren kontzentrazioak 640 partekoak baino txikiagoak dira milioiko, okupazio handieneko uneetan. Osasunaren Munduko Erakundeak ezartzen dituen eta aireztapen ez egoki baten erreferentzia moduan hartzen diren muga maximoen oso azpitik. Hiri autobus baten barruko CO2 mailak etxebizitza baten barruan batez beste dauden mailak baino %54 txikiagoak dira, eta bulego batean edo denda batean batez beste dauden kontzentrazioak baino %30 txikiagoak.

Horrenbestez, Donostian egindako neurketen emaitzek berresten dute Dbuseko autobusetan aireztapena egokia dela eta duela hilabete batzuk ezarri ziren neurriek ondo funtzionatzen dutela. Beraz, autobusa garraio segurua da hirian mugitzeko. Aire berritzearen maila eta denbora horrekin, okupaziorik handieneko egoeretan ere erabiltzaileek ez lukete arnastuko beste erabiltzaile batzuen airea. 

Azterketaren emaitza horrekin autobusetako aireztapena hobetzen jarraitu ahal izango da, bai eta efizientzia energetikoa optimizatzera bideratuta ezarri ziren eta pasa den urtetik AENORek COVID-9ari aurre egiteko protokoloetarako duen ziurtagiriarekin eta ISO 50001 arauarekin bermatuta dauden neurriak hobetzen ere.

Autobusetako aireztapena

Dbuseko autobusek etengabeko aireztapena dute zerbitzua ematen ari diren bitartean, geltokietan ibilgailuaren ate guztiak irekiz eta itxiz eta lehen orduan kotxetegietatik ateratzen den unetik ibilgailuaren leiho eta sabai leiho guztiak irekiz airea une oro sartzen baitzaie.  Era berean, lineako ibilbide bakoitzaren azken geltokira iristen den bakoitzean, gidariek leihoek irekita jarraitzen dutela bermatu behar dute, etengabe aireztatzea ahalbidetzeko, eta, ahal den guztietan, geltoki horietan ere ate guztiak irekiko dira.

Gainera, egun osoan ahalik eta gehien aireztatu ahal izateko, erabiltzaileei eskatzen zaie leihoak irekita edukitzeko. Horretarako, informaziorako pegatinak jarri dira leiho guztietan eta informazioa ematen da, audioarekin, autobusen barruko pantailetan Era berean, Dbus ahalegin handia egiten ari da ibilgailuen okupazioa monitorizatzeko, erabiltzaile gehien erregistratzen den irteera orduetan zerbitzua indartzeko.

Bideoa ikusi

Irakurri

Dbusek bat egiten du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin

Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna  da eta Dbusek, egunarekin bat egiten duela adierazteko, egunaren kartela jarri du Donostiako autobusetan. 

Ildo horretan, Dbusek Emakunderen aitortza jaso du Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunaren aldeko Erakunde Laguntzailearen bereizgarria jasoz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko hartu duen konpromisoa eta egin duen lanagatik eta eremu soziolaboralean ekimen berriak bultzatzeagatik.

Irakurri

Dbusek bat egiten du Linfedemaren Nazioarteko Egunarekin

Bihar, larunbata, martxoak 6, Linfedemaren Nazioarteko Eguna izango da. AGADELPRISEk (Lehen eta bigarren mailako Linfedema eta Lipedema jasaten dutenen Gipuzkoako Elkartea) hainbat jarduera antolatu du gaixotasuna gehiago ezagutu dadin eta egunero gaixotasun horren aurka borrokatzen duten pertsonei babesa erakusteko, eta Dbusek jarduera horiekin bat egin nahi du.

Horregatik, bihar Donostiako hiri autobus guztiek kanpainaren kartela eramango dute egun osoan.

Irakurri

Mugi txarteleko diru kargak jada 20 minutura daude erabilgarri Dbusen

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) Mugi txartela web orriaren eta apparen bidez kargatzeko sistema aldatu du, online egiten diren kargak 20 minutura gutxi gorabehera erabilgarri egon daitezen Dbuseko autobusetan. Bidaia gidariaren postuaren ondoan dagoen txartel makinan ordaintzean aktibatzen dira karga horiek.

Orain arte, web orrian edo appean kargak 23:00ak baino lehen egin behar ziren hurrengo egunean autobusetan erabilgarri egon zitezen.

Irakurri